Agenda

«Ogia eta zirkua» eta «Begiak zabalduko zaizkizue» Iruñean

Xehetasunak
Noiz: azaroak 24, 19:30etan
Non: Iruñea, Karrikiri elkartea

«Ogia eta zirkua» eta «Begiak zabalduko zaizkizue» Iruñean

Irati Jimenezek azken hilabeteetan argitaratutako saiakera literarioak aurkeztuko ditu Iruñean, Karrikiri denda eta elkartean: Ogia eta zirkua eta Begiak zabalduko zaizkizue. Ereinen eta Elkarren eskutik eman ditu, hurrenez hurren. Harekin batera izango da Mikel Soto. Irakurri hemen bi liburuez idatzi ditugun artikuluak:

«Analisi literario apasionatuen alde»

«Begiak zabalduko zaizkizue», euskal literatura berotzeko  saiakera mamitsua

Ogia eta zirkuaren sinopsia

Uharte sekretu batean edo loriazko hiriren batean dagoen altxorraren bila doazen abentureroen espiritu euforikoaz, horrela abiatzen da Irati Jimenez saiakera liluragarri eta ezohiko honetan literaturaren lurral­deetan barna, Harkaitz Canoren Neguko Zirkua ipuin-bilduman dagoen ezkutuko eleberriaren bila, literatura maite duten irakurle guztien gozamenerako. Intri­gazko nobela baten gisara proposatutako analisi literarioa daukazue esku artean, gure ipuingintza garaikidean mugarri den liburu baten eta egile baten literaturaren bihotzera egindako bidaia harrigarria. Ogia eta zirkua honetan literaturaren ezagutza sakona islatzen duen akrobazia miresgarria egin du Jime­nezek, bere narratibazko lanetan erakutsitako estilo oparo eta dotoreari uko egin gabe. Emaitza, euskal literaturak eman duen saiakera literariorik berezienetakoa duzue, irakurleak liburu batekin, liburu horretan dagoen liburuarekin eta literaturarekin berarekin maitemintzeko modukoa.

Begiak zabalduko zaizkizueren sinopsia

Egiazko maitasunak ezagutza eta pasioa eskatzen omen ditu, eta bi horietatik gainezka egiten du Irati Jimenezek: euskal literaturari eta sistema literarioari ikusten dizkion gabeziak eta makurrak salatzen ditu, minez bezain gordin, baina horrekin batera gure letrek zein ingurukoek dituzten liburu miresgarriak eta sortzaile apartak laudatzen ditu, sutsu bezain oparo. "Begiak zabalduko zaizkizue" esan omen zien sugeak Adan eta Evari, eta begiak zabaltzeko gonbita egiten digu guri ere egileak, ez fruitu debekatua eskainiz, baizik eta informazioa emanez: informazio ugari, iturri eta modu askotakoa, eta, datu hutsetan geratu ordez, etengabe animatzen gaitu liburu hobeak idaztera, irakurtzera, gozatzera. Jakituriaz eta berotasunaz gain, umorea da liburu honen beste dohainetako bat, eta horiei guztiei esker aparretan doa irakurlea orriak irensten, sarritan idazlearen erudizioaz txundituta, askotan haren ikuspegiarekin bat eginez eta tarteka desadostasunean eztabaidan, debatea piztu nahi duen saiakera suhar eta polemiko batek behar duen bezala.