"Ulises" liburuaren aurkezpena eta "Molly Bloom" antzezlana
James Joyceren Ulises nobelaren itzulpena aurkeztuko du Xabier Olarrak eta ondoren "Molly Bloom: lur eta haragia" antzezlana eskainiko du Agerre teatroak.
Xabier Olarrak euskaratu berri du James Joyceren Ulises nobela, eta horren harira antzezlana prestatu du Maite Agirrek (Agerre teatroa) lan talde zabal batekin.
"James Joyceren Ulises eleberriaren azken kapitulua da MOLLY BLOOMen bakarrizketa. Gure proposamenak emakume baten hiru aurpegi erakusten ditu: 3 emakume, 3 ahots, 3 grina desberdin; irailaren 8an Koldo Mitxelenan arituko dira Maggi Wilce, Oihana Lekuona eta Nia Acosta, euskaraz eta ingelesez.
Ikusiko dugu Molly ohean; han lozorroan atzekoz aurrera etzanda Leopold Bloom senarra izango du, Santi Ortegak gorpuztua. Molly, loa galduta, sare fin bat ehuntzen ariko da memoria bezain mehea, eta ikaragarrizko bidaiari ekingo dio, bizitza bezain luzea, non Mollyk zalantzan jarriko ditu bere mundua, gizonezkoekiko bere harremanak; gizartearen biolentziaz edo Europaren errealitateaz eztabaidatuz eta, batez ere, Irlandaren egoeraz.
Xabier Olarrak Joyceren Ulises nobela euskaratu du. Koldobika Jauregik Mollyren eskultura egina du. Maite Agirre zuzendaritzaz arduratu da".