Aingura hegodunak

Josu Jimenez Maiaren haikuak

Asteazkena, 2013-12-04

Orbel azpiko haikuak liburua kaleratu berri du Josu Jimenez Maia idazleak, Denonartean argitaletxearen eskutik. Denbora asko darama egileak haikuen munduan euskaraz murgiltzen, besteak beste, Maite Ramos Fernandez ilustratzailearekin egindako haigen erakusketen eta 2011an Maiatz argitaletxearen eskutik plazaratutako Gerezi denborako haikuak liburuaren bitartez. Aingura hegodunak atalean topatuko duzue Orbel azpiko haikuak liburuko lagin bat.

Lourdes Unzuetaren liburu gomendioa

Janne Teller-en Ezer ez (Alberdania) liburua proposatu nahi digu

Asteazkena, 2013-11-27

“Ezer ez. Eta dena. Horrelaxe laburbilduko nuke irakurri nuenean harrituta eta liluratuta utzi ninduen liburua”. Honela hasten da Lourdes Unzuetak igorri digun liburu gomendioa. Eider Eibar ilustratzailearekin batera, Kaiuko bat elurretan (Elkar, 2013) argitaratu du aurten Durangoko idazleak. Aurretik, bi narrazio liburu argitaratuak ditu Unzuetak: Argilunak begietan (1991, Labayru) eta Uharak zure begietan (2005, Labayru). Gomendio gisa ordea, Janne Teller-ek idatzi, Juan Mari Mendizabalek itzuli eta Alberdania argitaletxeak 2012an plazaratu zuen Ezer ez hautatu du.

Gabriel Kortaren "Diot" liburuko lau poema

Asteazkena, 2013-11-20

Diot izeneko poesia liburu berria kaleratu du Gabriel Korta idazleak, autoedizioaren bidetik. Bere lanetan konstanteak diren gaiak, obsesioak, berba lotuak topatuko ditu bertan irakurleak: maitasuna, giza harremanen amildegia, eskizofrenia, eta batez ere, poesia bizi-jarrera gisa. Jarraian irakurri dezakezue lagin bat.

Goiatz Labandibarren liburu gomendioa

Boy A, Jonathan Trigell idazle ingelesaren liburuaz idatzi digu

Asteazkena, 2013-11-13

Goiatz Labandibarren Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar) ez da gida moduko bat. Ezta kantutegi itxurako argitalpen bat. Hamaika ipuinez osatutako liburua baizik. Hendaia, Marseilla, Geneva, Venezia, Trieste, Ljubljana, Zagreb, Pula, Genoa edota Nizan barrena eramango gaitu idazle oiartzuarrak. Liburu gomendio eske jo dugu Goiatzengana eta hauxe da proposatu digun liburua: Jonathan Trigell idazle ingelesaren lehen nobela: Boy A. 2004an eman zen argitara eta, handik gutxira, liburuan oinarrituriko film bat egin zuten. “Denbora askoan irakurri dudan libururik onenetarikoa”, Goiatz Labandibarren hitzetan.

Rafa Rueda eta Gabriel Aresti

Osteguna, 2013-11-07

Rafa Ruedak sarritan musikatu ditu euskal idazleen poemak. Oraingo honetan Gabrielen lekua proiektuaren harira jantzi ditu doinu eta ahotsez Gabriel Arestiren zazpi testu: sentikarian jotzen dituen sei kantak eta bat gehiago entzun daitezke titulu berarekin kaleratu den disko-liburuan. Haien artean da Poema musikatuak atalean entzun dezakezuen "Egia bat esateagatik".

Bertol Arrietaren liburu gomendioa

Harkaitz Canoren Neguko zirkua (Susa, 2005) hautatu du

Asteazkena, 2013-10-30

Bertol Arrietak Alter ero (Susa) liburua kaleratu zuen iaz Susa argitaletxearen eskutik. "Zortzi narrazio, edonorenak izan daitezkeen minak azaleratzeko, bizitzan egindako aukeren bazterrean utzi ditugun bideak gogoan hartzeko. Umorez, sotiltasunez, pelikula baten erritmora irakurri daitezkeen hitzezko eszenen bitartez". Eta narrazioak, ipuinak dira aholkatu nahi dizkigunak. Harkaitz Canoren Neguko zirkua liburuan jasoak daudenak, hain juxtu.