Aingura hegodunak

Aritz Gorrotxategiren liburu gomendioa

Felipe Juaristiren Airezko emakumeak (Erein, 2003) liburua hautatu duAsteazkena, 2015-01-21

Poesia, nobela, narrazioa, kronika... Estilo guztietan aritu den idazlea da Aritz Gorrotxategi. Itzultzaile lanetan ere aritu da azken aldian. Orain urtebete, J.M. Coetzeeren Jesusen haurtzaroa (Meetok) nobela ekarri zuen euskarara Aritz Gorrotxategik, eta Lev Tolstoiren Zer da artea? (Meetok) liburua itzuli zuen hilabete batzuk lehenago. Liburu asko zituen aukeran, eta Felipe Juaristiren hauxe da hautatu duena: Airezko emakumeak (Erein, 2013).

Airezko emakumeak Felipe Juaristi (Erein, 2003)

Airezko emakumeak, neurri batean, Primo Leviren Auschwitzeko Trilogiarekin edota Elie Wieselen Gauaren Trilogiarekin eta, batez ere, neurri handiagoan, Muñoz Molinaren Sefaradekin senidetuta dago. Juaristiren ahaleginak gure kultura Europakora hurbiltzen du, eta gurera dakar hangoa. Liburu anbiziotsua da, poetikoa, hunkigarria, gogoeta distiratsuz betea, trebeki eraikia... Maisu-lan bat izaki,   harritzekoa da liburuak gurean izandako oihartzun eta ibilbide eskasa. Baina gauza jakina da liburu onak idaztea idazlearen esku dagoela; literaturaren historiara pasatzea, ordea, ez dago haren menpe.

Juaristik aitortzen duenez, orain urte batzuk Gustav Mahlerren iloba zen Alma Roséren istorioa ezagutu zuen. Rosé biolin-jotzaile aparta zen, eta Auschwitzen, gatibu zegoela, emakumeez osatutako orkestra bat zuzentzera iritsi zen —Arthur Millerrek, Roséren kide izandako Fania Fénelonen autobiografian oinarritutako Playing for Time lana idatzi zuen—. Roséren abildadeek Josef Mengele, gas-kameretarako biktimak aukeratzeagatik eta presoekin egindako esperimentuengatik ezaguna dena, liluratu zuten. Orfeok Jainkoak eta animaliak hunkiarazten zituen musikarekin, harriak ere jarriko zituen dantzan. Mengeleren kastako munstroak ere hunkitzen dira musikarekin, askatasunaren erresuma baita. Eta erresuma horretatik, musikaren historiarenetik, garamatza Juaristik Airezko emakumeak honetan. Zentzu horretan, nobelak ere badu sinfoniatik, eta musikaren egitura eta mugimenduak jarraitzen ditu.

Eleberriak garai ezberdinetan kokatutako pertsonaien bizi puskak biltzen ditu, modu koralean bildu ere, eta Spinozak (etika geometrikoki frogatu nahi izan zuen filosofoak) egiten ditu narratzaile lanak. Geltoki ezberdinak ditu bidaiak: Inkisizioa, Frantziar Iraultza, II. Mundu Gerra eta nazismoa... Pertsonaiok badute ezaugarri komun bat: arrazoiren batengatik, dela politikoa, dela erlijiosoa, dela arrazazkoa, guztiek jazarpenak eta erbestea jasaten dituzte. Pertsonaiek Alma, Klara Sara eta Agnès izenak dituzte, baina izan zitzaketen beste batzuk. Gehienak fikziozkoak dira, baina benetakoak izan zitezkeen. Gu ere izan gintezkeen, okerreko garai eta lekuan jaio izan bagina eta agintean dagoenarentzat ezberdinak izango bagina. Eta, ondorioz, deserosoak edo zokoragarriak.

Spinozaren presentzia ere ez da kasualitatea. Nobelako pertsonaiek ezin hobeki dakite zer den ziurgabetasunean bizitzea, dena galtzea. Spinozak galdera bat uzten digu airean: zer jakin behar da ongi aritzeko eta besteei sufrikarioa ez eragiteko?

Aritz Gorrotxategi

airezko-emakumeak-9788497461306

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)