Aingura hegodunak

Yolanda Arrietaren beste liburu gomendio bat

Julie Otsuka-ren Buda en el ático (Duomo, 2012) proposatu nahi diguAsteazkena, 2015-02-04

"Aspaldian irakurri dudan libururik beteena, hotzena eta zirraragarriena, dena batera. Armonia hutsez, orden ia matematikoz, Historia berrosatzen duen istorio-multzoa".  Hala dio Hitzen Uberan jaso dugun liburu gomendio honetan. Iragan azaroan, Hondarribiko irakurle taldearekin landu zuen Buda en el ático. Eta ondoren, liburu gomendio hau idazten hasi zen. Gure gozamenerako, dena esan behar bada. Saguak eta gizonak liburu aholkatu zigun iragan abenduan, eta orain Julie Otsuka-ren nobela bat da proposatu nahi diguna.

 

Imajinatu haiku baten lirikotasun kondentsatua, ehun eta hirurogei orriko eleberri historikoarekin bat eginda, zeina, ezeren salaketa egin gabe, hitz bakoitza aldarrikapen ozen bihurturik, arnas bakarrean iristen zaizun, zuzen-zuzen arimara eta erraietara.

Halako zerbait dela esango nuke Julie Otsukaren Buda en el ático liburua.

Autorea hogeita hamar urterekin hasi omen zen idazten. Orain berrogeita hamabi ditu. Marrazkilaria omen zen ordura arte. Cuando el emperador era Dios liburuarekin estreinatu zen idazle gisa. Familiaren inguruko kontuak kontatzen zituen halako hartan. Liburua aurkezten ari zela, hainbat amona hurbiltzen hasi zitzaizkion, eskuan argazki bat eta ahoan kontu ugari zituztela: XX. mende hasieran Japoniatik San Frantziskora argazkiz ezkondutako neska amonduak ziren. Emakume haiek eskatuta hasi omen zen Julie Otsuka ordura arte askorentzat ezezaguna zen fenomenoa ikertzen, eta bilaketa horren emaitza dugu Buda en el ático liburua.

Lehen pertsona pluralean idatzita dago. Nahita. Aldiz, lehen pertsona plural hori aniztasunez beterik dator, berori osatzen duten partaide bakoitzaren tasun guztiak pintzel finez marrazturik bezala  eta, ondorioz, “gu” horretako “ni” bakoitzean bildurik ikus ditzakegu baten beldurrak, bestearen desioak, haren ametsak eta guztion ezintasunak. Xehe-xehe, zertzeladaz zertzelada eta irudiz beteriko prosa zehatzez, norbera ere lehen pertsona plural horren partaide sentituko da; batzuetan eragile, besteetan pairatzaile; aldian behin konplize, hurrena testigu; une batez protagonista eta ondorenean, irakurle.

Buda en el ático. Aspaldian irakurri dudan libururik beteena, hotzena eta zirraragarriena, dena batera. Armonia hutsez, orden ia matematikoz, Historia berrosatzen duen istorio-multzoa. Japoniako eta Estatu Batuetako irakurleek ez ezik, han-hemengo biztanleok ere, andre nahiz gizon, geure sentituko dugun ahapaldi kontatu gabea.

Buda en el ático. Bizitzari gorazarre egiten dion mina.

Yolanda Arrieta


00106520638534___P1_1000x1000

BUDA EN EL ÁTICO

Idazlea: Julie Otsuka

Itzultzailea: Carme Font

Argitaletxea: DUOMO EDICIONES, 2012

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)