Ainara Gorostitzu Mujikaren liburu gomendioa
Annie Ernaux-en Gertakizuna (Igela), Joseba Urteagak euskaratuaAsteazkena, 2014-01-22Ainara Gorostitzuk, ogibidez kazetari, Aldamenekoa (Elkar) liburua plazaratu zuen 2012an. Euskal Herrian azken aldian izan dugun immigrazioaz mintzo da liburu honetan, hamar erreportaje luzeren bitartez. Horietako bakoitzean, bere lurraldetik alde egin duen pertsona bat ezagutuko dugu sakonean: bere zirkunstantziak, gorabeherak, arazoak, ametsak, nahi eta ezinak… Puri-purian den beste gai bat ukitzen du Annie Ernaux-en Gertakizuna (Igela) nobelak: abortua. "Annie Ernauxek (Lillebonne, 1940) kontatzen duen iragan urrun hori gure etorkizun hurbil izango ote den. Horrexegatik estutu zait arnasa", halaxe dio bere iruzkinean Ainara Gorostitzuk. "Horrexegatik gomendatzen dut orain liburu hau".
Bizitzaz eta heriotzaz erditzea aldi berean
Orban bat utzi zidan liburu honek. Hamar bat urte izango dira lehen aldiz irakurri nuela, baina sarri itzultzen zait gogoa orriotara. Orain berrirakurri dudanean aurreko irakurraldietan baino estuago izan dut arnasa.
Abortua da gertakizuna. Annie Ernauxek 1964an (“abortuak hizkuntzan lekurik ez zueneko garaian”) abortatu zuenekoa kontatzen du 35 urte geroago. “Nahiz eta nik abortuaren esperientzia hau bizi izan dudan moduan —klandestinitatea— iraganeko historiaren aztarna izan, ez zait arrazoi nahikoa iruditzen ezkutuan uzteko. (...) Baina orain, abortuaren kontrako inongo debekurik ez dagoelako, hain zuzen ere, aurre egin diezaioket gertakizun ahaztezin horri bere errealitatean, zentzu kolektiboa eta hirurogeiko hamarkadako borrokak inposturiko formula ezinbestez sinplifikatuak —“emakumeen eskubideen bortxaketa etab.— baztertu ondoren”.
Annie Ernauxek (Lillebonne, 1940) kontatzen duen iragan urrun hori gure etorkizun hurbil izango ote den. Horrexegatik estutu zait arnasa. Horrexegatik gomendatzen dut orain liburu hau.
Zirraragarria zait Gertakizuna. Gordina da Ernauxen narrazioa. “Hurrengo egunean ohean etzan nintzen eta puntua egiteko orratza sexuan sartu nuen kontu handiz”. Zuzena. Puntua egiteko orratza bezain zorrotza; mingarria. Zerbait bizi izanak horretaz idazteko eskubidea ematen diola argudiatuz, esperientzia hori bukaeraraino kontatzeko deliberamendua agertzen du, “eta ez badut esperientzia hau bukaeraraino kontatzen, emakumeen errealitatea lausotzen lagunduko dut eta munduko gizonezkoen dominazioaren alde jarriko naiz”.
Beraz, hitz guztiekin kontatzen du nola abortatu zuen. Sentimentalismorik gabe. “Nire gelan gaude biak. Ni ohean eserita fetua hanken artean dudala. Ez dakigu zer egin. Kordoia moztu behar dela esaten diot O.ri. Guraizeak hartzen ditu, ez dakigu nondik moztu behar dugun, baina mozten du. Fetuari begiratzen diogu. Gorputz ñiminoa eta buru handia”.
Gertakizuna kontatzen duen emakumeak ez zion abortuari beldurrik. Erraza ez izanagatik ere, adore berezirik izan gabe egin zitekeen zerbait iruditzen zaio abortatzea. “Oso ezbehar arrunta”. Bere aurretik emakume askok egindako bideari jarraitzea baino ez zuen. Baina abortatzea, ez da gorputz esperientzia intimo bat soilik, jakitun da protagonista morala, debekua eta legea direla benetako problema: “Guardiako sendagilea eszenan sartzearekin hasten da gauaren bigarren zatia. Bizitzaren eta heriotzaren gaineko esperientzia purua izatetik, azalpen eta epaiketa huts bihurtu zen”.
Gertakizuna-n bezala, autobiografiatik idazten du Pasio hutsa-n eta Lekua-n ere Ernauxek. Grinaren eta desiraren kontaketa bat da lehena; pasioa eta amodioa ditu mintzagai. “Haren esperma gordetzearren, ez nintzen biharamuna arte garbitzen, jakina”. Bigarrena, berriz, aitaren heriotzarekin hasi eta bukatzen da.
Euskaraz bada Joseba Urteagak Igelarako itzuliriko hiru liburu horiez gain egile frantziar honen laugarren lan bat ere: Emakume bat (Itziar de Blasek itzulia Txalapartarako). “Ama apirilaren 7an hil zitzaidan, astelehenean, Pontoise ospitaleko zahar-etxean, hantxe sartu bainuen bi urte lehenago...”. Nik ez dut indarrik bildu lehen paragrafo horretatik aurrera egiteko... oraindik.
Ainara Gorostitzu Mujika