Aingura hegodunak

Andoni Salameroren liburu gomendioa

Gabriel Kortaren Diot (Itxaropena, 2013) liburua hautatu duAsteazkena, 2014-12-03

Hiru poesia liburu plazaratu ditu Andoni Salamerok: Zu. Ni. Bi. Bidean... (2004), Bide ertzeko printzak (2006) eta Japonia: poesiaren sumendi ezkutua (2012). Hiru poemarioak Apatx argitaletxearekin argitara emanak. Eta aukeran, poesia da proposatu nahi diguna. Baina ez bere soroan jasotakoa. Gabriel Kortaren uzta da aholkatu diguna. "Utzi zeure arnasa zuria, irakurle, Gabrielen olerkietan akabera izaten, haren arima erratuan bidaide eta gogaide aurkeztuz, atseginik aurkituko duzu, une eder askorik ere bai". Hitz sentitu horiekin bota digu amua Zumarragako idazleak.

Diot, Gabriel Korta (Itxaropena, 2013)

Laguna dut, lagun apala Gabriel Korta Rekarte, Errenderiko semea, gizon sentibera eta mena. Maite dut bere izaera garbi eta gardena, sentitzen duena adieraztean zintzotasunez agertzen baitu, den moduan bera dena aditzera emanez; ondotxo dakigu Bizian ez dela erraza berau egitea, izan ere, asko baitira besteen aurrean aurkezten ditugun estalkiak eta tapakiak gure benetako izaera estaltzeko, baina gure poetak ez du horrela jokatzen. Badakit Gabrielen bizitza ez dela erraza izan, konstante bat da eskizofreniaren inguruko aipua bere poemetan, baina bizitza zaila izanik ere, eginbide eder bati ekin zion aspaldi eta hor nire biba guztiak eskaintzen dizkiot Gabrieli: olerkigintzan hasi zen, eta urte askotako murgiltze sakonean arituz neurtitza eder askoak sortu ditu, bai alajaina!

Gabrielek honako liburuak idazi izan ditu: “ Isiletik”, “ Okaranak”, “ Harri hautsiak”, “ Laugarrenak lau”, “ Elurra galtza motzetan”, eta azkenekoa,“ Diot”, iruzkinduko dudan hauxe, liburu xumea, 50 olerkiz osatua, Gabrielek berak apainduriko irudiez jantzia. Liburu zuzena da, berak bizitzen duen bizitza bezalaxe, bere larrutan sentitutakoa eta arimatutakoa agertzen du, alegia, gordintasun eta garraztasunean, ikusitako orok, zinez, bere barru hunkibera harrapatuz. Edozerk zirraratzen du Gabriel: eskale baten ezbeharrak, biziminak, maitasunak, gorrotoak, gizakiak besteak epaitzeko daukan jarrera aloxo eta azalekoak, idaztean poetak izaten dituen pozak eta nekeak, atsekabeak eta atseginak, naturarekiko mirak, eta negu zein udazkeneko paisaia deserriratuetan poetak bizi duen bakardadeak. Begirada otzana izanez, ezinbestean, bizi duena idazten du eta idazten duena bizi, eta halaxe olerki aparrak erortzen zaizkigu bihotz-ondora, adibidez “ ni ez naiz harea” den hau legez:

Gaur egun itsasoko poemak

edo itsasoaren memoriak

gehiago maite ditut.

Uhinen poesiak arnasa zurian dute beren akabera

beren gorputzak biribilduz eta makurtuz hondartzan

horrela uhinek gurtzen dute lurra

lurrak utzitako hutsunean bizi da itsasoa

Utzi zeure arnasa zuria, irakurle, Gabrielen olerkietan akabera izaten, haren arima erratuan bidaide eta gogaide aurkeztuz, atseginik aurkituko duzu, une eder askorik ere bai. Gozatu, zinez, eta izan bihotzez, ongi!

Andoni Salamero

diot

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)