Aingura hegodunak

'Froga sendoak', Little Momoren eskutik

Asteartea, 2012-10-02

Little Momok sinatutako Froga sendoak ipuina heldu zaigu Aingura Hegodunak atalera. Jarraian irakurri dezakezue.

 

.

FROGA SENDOAK

 -Hemen daude azken atxilotuari atzemandako dokumentuak nire sargento.

-Beraz, froga argiak dira, ez? Zalantzarik gabekoak.

-Bai nire sargento, batez ere “Etorkizun hurbila” izenekoa. Hemen duzu kopia bat:

ETORKIZUN HURBILA

   2008ko Sanferminak ziren, 7a edo 8a, ez dakit, eta bizpahiru egun neramatzan gau- pasaz. Nire arropa ez zen zuria baizik eta tonalidade guzietako beltzak eta moreetakoa. Hautsia zenbait tokitan. Leher kaka eginda nengoen eta nire ibilkerak, bizkarra estrategikoki makurturik, aurre egiten zion grabitatearen legeari. Begi bat ez zitzaidan apenas irekitzen (mozkorra nagoelarik beti berdin gertatzen zait). Kalimotxoaren ardoak ederki koloreztaturik neramatzan ezpainak eta aho barnea infernu bat zen: hortzetako zikinaren erliebea senti nezakeen mingain lodituarekin eta zenbait tokitan zauriak nituen. Ez dut oraindik erran, baina noski, sosarik gabe nengoen eta txartel eta karnet guziak galdurik.

   Ez nintzen gizaki bat, ezta peñetako mozo bat sikiera ere. Parasito bat nintzen, bakteria ibiltari bat. Edo birus bat hobeki erranik.

  Jarauta karrikatik narrasean nenbilela, nire begi ireki bakarrak ahaleginak eta bi egiten zituen ea ezagunen bat identifikatzen zuen frito bat mendigatzeko, eta nire tripa makilatuek erregeari fax bat igortzera behartu ninduten. Ondoan zegoen lehenbiziko ostatuko komunean sartu nintzen.

   Fax-a beltza izan zen, eta likidoa. Tronuan jarririk, nire burua janzteko okurrentzia zentzugabea izan nuen eta komuneko atean izkiriaturik zeuden aipu filosofikoak irakurtzeari ekin nion: presoak etxera, Barcina hijaputa siempre, NaBai sinvergüenzas, I love you mamy, gora ETA, Txantrea independiente, petit Garzon=Grande Marlaska, semos de Falces/de la Ribera/ semos los que regamos la marihuana con... Bat-batean, errotuladorez eta kolore ezberdinez idatzitako letra guziak dantzan hasi ziren, eta letren makilak bata bertzearekin lotzen eta kateatzen. Giza irudi bat sortu zuten mugimendu hipnotiko batez, gizon baten aurpegiarena hain zuzen. Kopeta luzeko gizona zen, edo burusoila nahiago bada. Beheitiko ezpainaren azpian ile pixka bat zeukan, eta patilla luzeak.

-Kaixo, Little -erran zidan ahots marrantatu batez-. Etorkizunetik nator.

-Ez erran lejia ekartzen duzula -arrapostu nion egun haietarako gelditzen zitzaidan ateraldi bakarra xahutuz.

-Ez, ez nator hain urrundik. Etorkizun hurbiletik baino ez natorkizu.

-Eta, aitzinamendu teknologikoren bat dakarzu?

   Moztuta gelditu zen, nonbait ez zuen nire eskaera espero, eta pentsakor gelditu zen istant batez. Ez dakit nondik baina ezaguna egiten zitzaidan aurpegi hori.

-Ah, begira -erran zidan bekainak goratuz-, etortzen naizen urtean Mendibile Ardo Akademiak kalimotxorako ardorik onena bilatzeko kata handi bat antolatu du hainbat aditurekin. Ostia pentsatu nuen nire baitan, biba etorkizuna!

   Bera, irudia, edo haluzinazioa, edo dena delakoa, mutu gelditu zen, nire arrapostua edo galdera gehiago itxaronen balu bezala.

-Ados -erran nuen-, profitatuz hemen zarela... etortzen zaren urtean zutik dago oraindik Itoitzeko urtegia ala lehertu egin da azkenean Agoitz eta herri horiek guziak xehatuz.

-Ez, ez da lehertu oraindik. Japonen aldiz, alimaleko hondamendi nuklearra egon da. Baina ez kezkatu, adituek diote zentral nuklearrak seguruak direla eta istripua tsunamiarengatik izan dela, ez zentralengatik.

-Eta Fidel, zer moduz dago Fidel?

-Ongi, sasoian, eta beti bezala, txandalean. Hugo Chavez-i ordea minbizia aurkitu diote.

-Eta Evo?

-Evo Morales? Lanean fuerte. Gero eta babes gehiago dauka eta sozialismoan sakontzen jarraitzen du.

-Jode, pozten naiz, pozten naiz... Ez dakit galdetzea merezi duen baina tira, nola daude Palestinan?

-Izorratuak, beti bezala. Edo inoiz baino makurrago beharbada. Israelek nahi duena eta gehiago egiten du, eta mendebaldeko herrialdeen babesarekin doike.

-Kurdistan?

-Bortzpasei herrialdetan zatiturik, lehenago bezala. Abdula Ocalan-ek Imrali uharteko espetxean jarraitzen du baina elkarrizketei berrekiteko akordio bat egin du Turkiako estatuko ordezkariekin. Alabaina, Kurdistango hainbat eragilek autonomia deklarazio bat egin dute, eta Turkia auzitara jotzeko aukera ari da aztertzen.

-Zakilberde aluak! Irlandan bederen bake prozesuarekin jarraituko dute, ez?

-Bai, hala-nola. IRAko disidenteak apur bat indartu dira beharbada, eta ekintza bat edo bertze egiten dute tarteka-marteka. Gainera, protestanteen martxa orangistek protestak eragin dituzte eta hondar urteetako istilurik larrienak gertatu dira Belfast-en. Nolanahi ere, badirudi bake prozesua aitzina doala.

-Eta hemen, etxean?

-Etxean ere egoera politikoa aldatzen ari da emeki-emeki. Bildu azken momentuan legalizatu dute eta...

-Bil-zer?

-Bildu, udal hauteskundeetara aurkeztu dugun koalizio ezkertiar eta abertzalea. Alimaleko emaitzak erdietsi ditugu, udaletxe pilo batean alkatetzak eskuratuz. Pentsa, Donostiako alkatetza eta Gipuzkoako ahaldun nagusiko postua ere kausitu ditugu.

-Ostia -moztu nion-, baina ze urtetik etortzen zara zu, 3500etik?

-Ez, ez, etorkizun hurbiletik erran dizut. Aski hurbil gainera. Afera da hurrengo hilabeteetan barne eztabaida sakon bati ekinen diozuela ezker abertzalean eta bertan estrategia berri bat erabakiko duzue. Gero akordioak etorriko dira eta gero emaitzak.

-Horrela erranik aise ematen du baina... ez dakit, ez dakit... -pentsakor gelditu nintzen solasean jarraitu baino lehen- Eta nor da Gipuzkoako ahaldun nagusia, Otegi?

-Ez, Otegik espetxean emanen du denbora hori guzia, Auzitegi Nazionalera astero bidaiak eginez kasik -hau erranik isilune luze bat egin zuen solastatu baino lehen, eta haluzinazioa apur bat gorritzen zela iruditu zitzaidan-. Martin Garitano da ahaldun nagusia.

-Martin Garitano, Martin Garitano... -errepikatu nuen nire baitan izenari aurpegia paratu nahian- Kazetaria?

   Bai lotsatu batez erantzun zidan. Eta ez, ez nuen momentuan ezagutu. Zer nahi duzue, hiru egun gau-pasaz zaudelarik ez da erraza izaten haluzinazio guziak identifikatzea.

-Eta -jarraitu nuen galdeketa-, presoen eta iheslarien gaia, nola dago zure urte horretan?

-Bada, Oskar Matutek prentsaurreko bat eman du Gernikako Akordioa sinatu zutenen izenean eta...

-Et, et, et... kieto parao... Oskar Matute Ezker Batukoa?

-Bai, horixe bera. Alternatiba izeneko alderdia sortu zuten, Ezker Batutik kanpo. Gernikako Akordioa izeneko akordioa sinatu zuten, eta gero ere, Bildu koalizioan sartu ziren.

-Eta nor gelditu da Ezker Batuan?

-Cuatro y el del tambor erraten den bezala. Hori bai, egunero elkar mokoka daude eta lau horiek ez dira danborrekoarekin solastatzen. Jada ez dira ez Ezker ez eta Batua ere. Bueno, erraten nuena, Oskarrek prentsaurrekoa eskaini du Gernikako Akordioaren izenean etaerran du amnistiaren bidean neurri jakin batzuk hartu behar direla berehala preso eta iheslari politikorik gabeko egoera batera heltzeko, eta bizkitartean presoen eskubideak errespetatu behar direla, dispertsio politikarekin amaitu behar dela presoak Euskal Herrian bilduz, gaixotasun larriak dituzten presoak askatu behar direla, bizi guziko kartzela zigorrak bertan beheiti utzi behar direla eta legeak jasotzen dituen onurak mugarik gabe eta arbitrariotasunik gabe ezartzeko exijitu du.

-Baina-baina-baina zer diozu?! Sekulan izan dudan haluzinaziorik haluzinanteena zara -erran nion erdi zezelka komuneko atean zegoen irudiari-. Orain erran Rubalcalva ahalguztidunak almorranak dituela eta munduko pertsonarik zoriontsuena eginen nauzu.

-Ez, Rubalcaba Espainiako gobernurako presidentegaia da.

-Bai to!, baita deabruaren buztana ere!

-Bai, eta Barcina Nafarroako presidentea PSN-rekin koalizioan.

-Ah begira, hori bederen ez da aldatu, edo ez nauela harritzen erran nahi. Bon, tira, zer gehiago?

-Mugimendu herritarrek Afrikako iparraldea astindu dute, hilabete batzuk beranduago Espainiako jendartea haserretu da pixka bat, Iraken eta Afganistanen gerra ondoko gerran jarraitzen dute eta NATOk Libia bonbardatzen du Gadhafi agintetik kendu nahian, baina berdinketan dago afera, zeharo blokeaturik. Ikurriñak debekatua segitzen du Iruñeko txupinazoan baina jendeak pila bat sartu ditu udaletxeko plazara, ostiaka izan bada ere. Bertzetik, hiru eraso sexista izan dira gutxienez Sanferminetan eta udal berriak aurrekoaren bide bera hartu du herri mugimenduaren ekitaldiak debekatuz. Ah, eta billabesaren entzierroan udaltzainen kargak izan badira ere ez du ematen Euskal Herrian abian den ziklo politiko berria arriskuan dagoenik.

-Etorkizuneko billabesaren entzierroa? -erran nuen begi arranpaloekin eta ilusioz beterik- Ni bertan nago? Indurainek harrapatu nau? Arras mozkorra nago? Zikina?...

-Ez, baina nahiko zenuke.

   Hau erranik, ateko aurpegia osatzen zuten makiltxoak dantzan hasi ziren berriro ere, osatzen zuten irudia erabat deseginez.

-Ez! -hasi nintzen oihuka- Ez joan orain! Ez joan! Erantzun, non egonen naiz ni zure urte horretan?! Non egonen naiz?!

   Bat-batean beheiti etorri zen komuneko atea, eta ostatuko kamareroak lurrean aurkitu ninduen, zerrautsa bustia, plastikozko basoak, paperak, kondoi eta konpresa erabiliak, erabili gabeak, pizak eta era guzietako objektuen artean lo.

Errepresioaren joanak

Askatasunaren etorriak izanen direlakoan,

etorririk gabeko bortxazko joanik ez!

Little

***

-Zer da hau, broma bat? -erran zuen sarjentuak papera eskuetan.

-Ez nire sargento, dokumentu hau gure teoria baieztatzen duen froga argia da.

-Benetan? Beraz, irakurritakoa... ongi ulertu dut? Edo gure itzulpen zerbitzuaren bertze txapuza bat da?

-Ez nire sargento, jatorrizko dokumentua gure kideek itzuli dute, Eusko Jaularitzako euskara batzordekoek alegia.

-Joder, eta zertarako idatzi zuen Little horrek horrelako testu pitoa?

-Zehatz-mehatz ez dakigu baina uste dugu Ataramiñe literatura kaierek urtero argitaratzen duten bildumarendako izanen zela. Gure gizonek idazlearen kupulatik argitaletxearen kupularako bidean neutralizatu dute dokumentua.

-Oso ongi, oso ongi. Arras lan ona egin duzue. Eta orain, erraidazu, zertan baieztatzen du dokumentu honek gure teoria? Eta hori baino lehen, zein da gure teoria?

-Bai, nire sargento, dena da ETA, ETA dena da, ETAren ingurua ETA da, inguruaren ETA ETA da, denok gara ETA, eta nahaste-borraste hori guzia.

-Ah bai, hori. Bon, jarraitu azalpena.

-Bai nire sargento. Hasteko eta behin, kontutan hartu behar dugu agerpenaren protagonista Martin Garitano dela, hots, Bilduko zerrendaburua Gipuzkoan, eta dokumentuaren bertze protagonista, ihesean dagoen terrorista bat. Beraz, 2008ko uztailean zehaztu gabeko egun batean eta Iruñeko Jarauta karrikako zehaztu gabeko ostatu bateko komunean gertaturiko fenomeno paranormala asmo terroristentzat egindako bilkuratzat har daiteke. Dokumentu hau bilkura hartako akta litzateke eta honek frogatuko luke Bildu ETA dela eta alderantziz.

-Alderantziz?

-Bai, nire sargento, Bildu ETA dela eta ETA Bildu dela.

-Ah bai, bai... Jarraitu.

-Honetatik aparte, argi ikusten da dokumentuaren bi protagonistak Fidel Castro eta Hugo Chavez-en osasunaz interesatzen direla. Zergatik? ETAren komandoak Kuban eta Venezuelan trebatzen direlakotz. Protagonistetako bat...

-Zein, kazetaria?

-Ez, bertzea, drogatua. Garitanok etorkizunetik etortzen dela erraten dionean, Little delako hori berehala interesatzen da Itoitzeko urtegiaz eta hori ez da batere normala. Imajinatu norbait etortzen zaizula etorkizunetik... galdetuko zenioke lehenengo gauza ea urtegia zutik dagoen izanen zen?

-Ez da normala, ez.

-Horrek frogatuko luke “Solidarios con Itoitz” taldea KAS-en pantalla bat dela, bere egunean erran genuen bezala. Gainera, argi eta garbi ikusten da Agoitz eta inguruko herrietako biztanleen heriotza desiratzen dagoela, beraz, harrapatzen dugun egunean milaka homizidio saiakeraren desioa sartzen ahal diogu. Gero, dokumentuaren bukaera aldera, billabesaren entzierroan parte hartzeko gogoa adierazten du eta hori kale borroka da gutxienez, edo autobus bati eraso saiakera.

-Hor zerbait erraten du Indurain bati buruz, ez?

-Bai, nire sargento, oraindik ez dakigu zer erran nahi duen zehazki baina baliteke erakunde terroristako kolaboratzailetako bat izatea. Bertze usb batean oraindik ikertzen ari garen izen zerrenda ageri da: Maddi Oihenart, Fermin Valencia, Mikel Laboa, Bob Dylan, Silvio Rodriguez, Patrice Dumora, Leonard Cohen... Beharbada loturaren bat izanen dute Indurain horrekin.

-Shakira delako bat ageri da ere...

-Bai nire sargento, baina hori musikari bat da; waka-waka, futbol mundu kopa, Hego Afrika... gogoratzen?

-Ah bai, España inperialaren berpiztea, ah ze garaiak... Bon, zerbait gehiago?

-Bai, nire sargento. Rubalcabari almorranak desiratzeagatik ez dakigu oraindik zenbat sartzen ahal diogun baina baliteke oilobusti horrek eguzkiaren argia ez ikustea gehiago.

-Bizi arteko zigorra ezarri ala ez da zalantza?

-Ez nire sargento, bizi arteko zigorra bat ala bi.

-Ados, ongi da. Badakigu noizkoa den dokumentua?

-Zehazki ez baina kontatzen duenagatik 2011ko uztaila aldera kokatu dute gure adituek.

-Ongi. Bikain. Oraingoan bai, oraingoan barrabiletatik harturik ditugu. Hain froga sendoak izaki, jarraitu urgentziazko protokoloa.

-Auzitegi Nazionaleko 3. epaitegia?

-Ez, ez... Komunikabideei filtratzea erran nahi nuen.

-Noski nire sargento, zure aginduetara nire sargento.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)