Gorka Etxeberria Casqueiroren hiru poema
Asteazkena, 2013-12-18Pasa den astean eman genizuen Gorka Etxeberria Casqueiroren 60 ordu zoologikoan liburuaren berri. Aste honetan, egileak berak aukeratutako hiru poema irakurri ditzakezue bertan. 60 ordu zoologikoan poesia liburua egileak berak argitaratu du, Elkar dendetan eta hainbat tabernetan eskuratu daiteke: Oreretako Landare, Mikelazulo eta Arkaitzan, Donostiako Herria, Ilargi, Urkamendi eta Ensantxen, Arrasateko Dat, Taupa eta Iluntzen.
Larunbata, 00:22h
Nire gaurko izarra
tabernatik urrundu da,
baina ez nago bakarrik.
Bero-bero nago.
Komunera noa berarekin.
Atea itxi
eta komunaren gainean
jarri dut,
nahi nuen eran,
luze.
Gero eta beroago nago.
Barrura,
suabe-suabe.
Gau osoan
elkarrekin egongo gara,
gogoa badut behintzat.
Atera baino lehen
azken laztantxoak egin dizkiot
behatzarekin.
Bagoaz kanpora.
Billetea gorde
eta nortasun-agiria karterara.
Igandea, 17:00h
Igandero legez,
tximino bihurtzen gara
milaka pertsona,
ni ere
futbolzalea naiz.
Bi ordu hauetan
ez zait inporta
zenbat lagun
hiltzen diren gosez munduan,
ez zait inporta
nork egiten duen zer.
Gauza bakarra inporta zait:
marradun kamisetako horiek
baloi txiki hori
hiru makilen artean
sartzea.
Azkazalak janda ditut
pipa-zorro batekin batera,
mila komentario egin ditut ere
entrenatzaile profesionalen gisan,
arbitroaren amarekin ere
akordatu naiz.
Igandero berdin.
Astelehena, 07:00h
Badira presoak
gauero-gauero
espetxera joan behar dutenak
lotara,
dena utziz
bakarrik lo egiteko.
Espetxera
joaten dira
eguzkia noiz
iritsiko den pentsatzen,
egunsentiro
makutoa hartuz
askatasunera
bueltatzen direnak.
Horrela
sentitzen naiz
ni ere.
Espetxera lotara
joan behar duena bezala,
preso.
Baina
nire espetxea
ez da Martutene,
Langraitz edo Soto del Real,
lantokia da.
Nire eskuburdinak
mailua eta iltzeak dira,
haien marradun trajea
jantzi beharrean
mahoizko trajea dut jantzita,
hiltzen naizen arte
kondenatuta nagoenaren
adierazle.
Preso horien
amets bera dut:
egunsentia.
Egunsentian
iritsiko da asteburua.