Aingura hegodunak

`Ingrid maitea´

Igandea, 2012-03-04

Abenduan elkarrizketatu genuen Ekhiñe Egiguren, Satarka Poesia Lehiaketa irabazi berri. Idazle Eskolako ikasle hau beste sari batean gailendu berri da, Bergarako Amodiozko Gutun Lehiaketan. Aurreko hartan Egigurenen hitzak jaso bagenituen, honakoan bere sormen lanean erreparatu nahi izan dugu. Hauxe duzue Bergarako epaimahaiak saritu duen gutuna, oso-osorik. Estokolmoko Skogskyrkogärden parketik, Ingrid maiteari idatzitakoa.

                                                           

                                                        Estokolmo, 2012ko urtarrilaren 2ean.


Ingrid maitea;
Aspaldian gogoan zaitudalako idazten dizut gauaren izkina honetatik, hitzak
hausten dizkidan dardaraz, esaldi erdian zure ezpain labainak gogoratuz.
Estokolmo hegoaldeko hilerritik ari natzaizu, idazten dut Skogskyrkogärden
parkean, Asplund?ek diseinatu zelaietan, hiriaren birika den mikropaisaian. Iluna
da lorategia estaltzen duen gaua eta isiltasunak koadernoaren orrietaraino egin du
irrist, kale?argi bakanen gerizpean ikus dezaket nola.
Une hauetan, idaztea besterik ez zait gelditzen. Arnasa bera ere hozten dit
bakardadeak: barne basamortua da elurra. Eta halere, gutun hau idazten ari
naizela, zure oinotsak entzuten ditudala esango nuke, edo akaso gomuta besterik
ez da, bidexka hauetan barrena eskua estrainekoz heldu zenidan neguko arrats
hura oroituz. Urratsak izotz gainetan egindako soinu hura ere badatorkit, Ingrid,
orriok esku artean zimurtuko banitu halako zerbait litzateke. Aurreko gutunekin
amore eman eta elurretara bota ditudalako dakit entzuten den hots?mina.
Zelai izoztua iluntzearekin batera, zure azala hatz artean lehen aldiz sumatu
nuen unea oroitzen dut. Hauskor, labain, zuri. Eta gero, malutak zure masailetan,
elurra, zure begien distira. Memoriak paisaiaren antzera zuri?beztu duen
oroitzapena.
Hotz egiten du. Baina ez da elurra bakarrik, ez da negua; hotza zure
absentzia da erraietaraino bidea eginaz, hurrupaka. Ibiltzen ditut zurekin ezagutu
bide berak, bidezidorrak, parkearen orbain eta haran ezkutuak. Baina besterik da
paisaia hemen ez bazaude. Eta ez zaude zure eskuak laztandu eta begietara begira,
irrikaz espero zintudala esateko moduan. Aurrean dudan hiri elurtua denborak
ezerezten duen bitartean, egunak zenbatu nahi nituzke, zenbat falta den jakin
berriro ere zure oinotsak entzuteko. Baina nola zenbatu denbora atzetik aurrera?
Nola jakin luze edo motz joango ote den negua? Makurtzera egin duen larrosa
zuria da, bizitza bera bere azkenetan. Eta parke honetan hotzak ez du elurra ere
ikusten uzten, edo agian iluna da, edo bakardadea.
Ilundu aurretik haurrak izan dira parkean, elurrarekin jolasean.
Elkarrekin etortzen ginenean ere hala izaten zen; zelai amaigabeak dira
hauek jolas eta korrika egiteko. Gustuko dute Aingeruen Kapera izeneko eraikin
ttipia, hain gogoko zenuen hura. Arbelezko teilatu zorrotza du lau uretara eta
egurrezko barne egitura. Sabaiko habe laminatuei begira egon ohi ginen askotan
eta eraikuntzaren bizkarrezurra zirela esaten zenidan zuk. Sarrerako kolomadia,
berriz, aterpea, natura eta kaperaren arteko iragaite gunea. Akordatzen?
Hantxe nengoela ikusi ditut haurrak hurbiltzen. Kapera alboko zelai ttipian
ibili dira jauzika eta lasterka, barrez, kantari. Bertatik ikusi ditut eskuetan elurra
batu eta elkar busti nahian, harrapa ezinean. Gauza ederra da paisaia elurtua egun
argitan eta hala haurtzaroa ilundu ez duenean ere. Lasterketen nekea sumatu
bezain laster elur pilaketan hasi dira bi umeak, hartxintxorrak eta zuhaitz?adarrak
ere jaso dituzte. Haseran ez dut asmatu, baina berehala pilaketak hartu du
gizatankera; elurretako panpina egin nahian zebiltzan. Piskanaka enborra, besoak,
burua... handik gutxira eskuak, sudurra, begiak, ... bat?batean "Nikolai! Nikolai!"
oihua entzun den arte.
Agure bat ikusi da urrunean ume haietako baten galdezka. Haurrak, deia
aditu ahala, agudo alde egin du, laguna agurtzeko ere astirik hartu gabe. Bidean
txano gorria erori zaio elur gainera, kolore bizia kontrastean paisaiaren zuriarekin.
Bakarrik gelditu denak kotoizko oihala jaso du, eskuen artean laztandu, inoiz
gehiago ikusiko ez duen adiskidea balitz bezala. Amaitzear den elur panpinari
buruan jarri dio gero, goibel, gezurrezko konpainia berriari begira.
Nik ere halako zerbait sentitu nuela esango nuke. Halako zerbait dela negua.
Bakarrik geratu den haurrak lagunaren izena idatzi du gero elurretan, elur
panpinaren oinetara "Nikolai" hizki larriaz. Niri ere halako zerbait gertatzen zait;
niri ere, une hauetan, idaztea besterik ez zait gelditzen. Arnasa bera ere hozten dit
bakardadeak: barne basamortua da elurra. Eta gutun hau idaztearekin batera, zure
oinotsak entzuten ditudala esango nuke, edo akaso gomuta besterik ez da, bidexka
hauetan barrena eskua estrainekoz heldu zenidan neguko arrats hura oroituz.
Gutun honetan dituzu elur gainean hainbatetan idatzi dizkizudan hitzak.
Itzultzen zarenerako, Ingrid, elur zapaldu gabean bide berriak elkarrekin marraz
ditzagun.
Hemen izango nauzu, Skogskyrkogärden parkean zeure zain.

Muxu bat,   

                                                                                                            Birgitta

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)