Aingura hegodunak

Javier Aramendiren liburu gomendioa(k)

Joseph Conrad eta Robert Laxalt-en liburu bana hautatu dituAsteazkena, 2015-02-18

Javier Aramendi Euskal Filologian lizentziatua da eta irakasle lanetan dabil institutu batean. Iaz, lehen poesia liburua plazaratu zuen Ereinekin: Verba polita. Urria partean, solaskide izan genuen Hitzen Uberan. Honakoan baina, liburu gomendio eske jo dugu Aramendirengana. Bat ez, bi dira hautatu dituen liburuak: Joseph Conrad-en The mirror of the sea eta Robert Laxalt-en Sweet promised land liburua. "Parekotasun guztien artetik badago bat nabarmendu nahi nukeena, egungo bidai, abentura edo oroitzapen liburuetan ohikoa izaten ez dena: haien helburua ez da beren balentriak erakustea, beren ausardia frogatzea edo irakaspenik ematea, benetan maite duten bizimodu baten eta lanbide baten testigantza egitea baizik".

Aukeratu dudan liburuak beste liburu baten oihartzunak ekartzen dizkidanez, bat beharrean, bi liburu ekarriko ditut gogora.

Hasieran, Joseph Conrad-en The mirror of the sea, “Itsasoaren miraila”, liburuaren aipamena egin nahi nuen, baina, esan bezala, hari loturik Robert Laxalt-en Sweet promised land liburua, “Dominique artzain xiberotar bat Nevadan” izenburu bitxiaz euskaraturikoa, etorri zait gogora berehala.

Birritan irakurri ditut biak, gaztelaniaz lehena - ez dut uste Conraden liburuaren euskal itzulpenik dagoenik -, euskaraz eta gaztelaniaz, bigarrena. Biak biografikoak, oroitzapen bildumak, dira eta biek harrera-herrialdeko hizkuntza baliatu zuten beren testigantza agertzeko. Conrad poloniarra zen, baina ingelesa aukeratu zuen literatura lanetan erabiltzeko, modu bikainean erabili ere. Laxalt euskalduna zen, baina bere seme Robertek ingelesa erabili zuen haren bizitzaren nondik norakoak azaltzeko, semeak idatzi baitzuen aitaren bizitzan oinarritutako liburua.

Kontakizuna esparru desberdinetan gertatzen badira ere – bata, itsasoan, bestea, desertuan -, badituzte hainbat ezaugarri komunean. Biek mugarik gabeko espazioetan jardun zuten; batak, itsasoaren desertu amaigabean, besteak, Nevadako mendi eta lautada lehorren itsasoan, espazio horien handitasunaren berri emanez. Bela ontzien garaia, batetik; betzainen eta pistoleroena, bestetik. Tifoiak eta elurteak; haizeen erresuma eta hotzaren lurraldea. Natura gupidagabea, bakardadea, ezbeharra, zorioneko gorabeherak eta une alaiak dituzte kontagai beren liburuetan, bai eta bizitzan ezagututako hainbat lagunen pasadizoak ere. Laxaltek modu kronologiko samarrean azaltzen du aitaren ibilbidea, baina Conraden narrazioa kapitain zaildu bat denean hasten da, bere lehen itsas esperientziak bukaerarako utzita.

Baina parekotasun guztien artetik badago bat nabarmendu nahi nukeena, egungo bidai, abentura edo oroitzapen liburuetan ohikoa izaten ez dena: haien helburua ez da beren balentriak erakustea, beren ausardia frogatzea edo irakaspenik ematea, benetan maite duten bizimodu baten eta lanbide baten testigantza egitea baizik. Inor ez da haien porroten erantzulea, inori ez diote ezer leporatzen, eta modu apalean, batere harrokeriarik gabean, kontatzen dizkigute beren bizipenak. Haien aukera izan zen, eta bere bizimodua biziki maite duen pertsonaren ikuspegitik daude kontatuta bi historiak, beren emozioa azaldu eta desagertzen ari ziren bi munduri adio nostalgiko bat esateko.

“Porturatzeak eta Itsasoratzeak markatzen dute itsasgizonaren bizitzaren eta ontziaren ibilbidearen zabu erritmikoa” dio Conradek hasierako lerroetan; “Aita artzaina zen eta mendia zuen bere etxea”, Laxaltek.

Javier Aramendi

AramendiLiburuGomendioak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)