Poema musikatuak

Jon Miner eta Ekhiñe Egiguren

Asteazkena, 2012-09-05

Jon Minerrek Ekhiñe Egiguren Azkuneren testu bat musikatu du: Hirigrafiak eta paisagramak (Pasaia Hiria-Bermingham, 2012) liburuko 'Munchen oihua' poema. Jarraian entzun eta irakurri dezakezue.

MUNCH-EN OIHUA

Poema bat idatzi nahi nuke

non zerua bat batean odolusten den;

sugarretan kiskaltzen diren hitzak eta

lurruntzen diren izotzak.

Ikaratzerainoko poema bat idatzi nahi nuke;

dardaraz utziko nauena amaitu ondoren ere;

labana bezain zorrotz haizea mozten duen oihuak nola

izua erraietaraino heltzen denean.

Poema bat idatzi nahi nuke,

poema ikaragarri bat;

beldurrez zoratuko nauena,

ederrak zauria egiteraino.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)