Amuak

Nick Cave, zeruaren eta infernuaren arteko hitzak

Osteguna, 2013-05-23

Otsailean kaleratu zuen Nick Cavek Push the Sky Away diska berria, Bad Seeds taldekideekin bat. Grinderman bezalako esperientzien ostean leun, bare, sarkor datoz doinu berriak, Warren Ellis taldekidearen ezinbesteko ekarpena lagun. Amuak atalera ekarri ditugu oraingoan.

Musikari batzuen kasuan harreman estua dute musikak eta hitzak, moduak eta edukiak. Ahotsa batzuetan instrumentu bat izan liteke, besteetan edukien poetika baten garraiobide. Leonard Cohen izan liteke adibide bat. Cohenek bezala, Cavek irakurtzeko ere idatzi izan du. 1989an kaleratu zuen And the Ass Saw the Angel nobela, 2009an The Death of Bunny Munro. Tartean izan zen King Ink izeneko lana ere, zeinean bildu zituen kantuak eta miniaturazko antzerki lanak. Jon Benitok Berrian izan zuen hizpide bere ibilbidea, bigarren nobela atera eta gutxira:

“Bere literatur erreferentzia nagusiak William Faulkner eta Cormac McCarthy direla esan du. Faulknerrengandik errealitatetik unibertso imaginario bat sortzeko joera hartu du. McCarthyrengandik, giro ilun eta bortxazkoaren gorazarrea”.

Artikulu horretan irakurri ahal izan genituen euskaraz iritsi zaizkigun ale bakanak, tartean honakoa:

(Let Love In, 1994)

Etsipen eta Iruzur, Amodioren biki izugarriek,

nire atean jo zuten, eta sartzen utzi nien.

Maitea, zeu zara nire bekatuen zigorra.

Zirrikitu bat zabaldu zen, baina Amodio maltzur eta ausarta zen.

Ene bizitza begien aurrean

dirdirka ikusi nuen, eta irudipena lazgarria zen:

hil arteko zigorra konfetia

jasotzen porlanezko zulo honetan.

Lotu, bozatu eta beldurtu egin ninduten.

Irendua eta lobotomizatua izan nintzen.

Baina ez nuen nire torturatzailea hain mozorro abilez ikusi.

Oh, Jauna, esadazu zer egin dudan.

Otoi, ez nazazu hemen bakarrik utzi.

Non dira nire lagunak?

Joan dira nire lagunak.

Bakarrik zarela atea entzuten baduzu

eta airea promesez betetzen bada, lagun, ohartaraziko dizut

okerragoa dela Amodioren

maitale izatea Amodiok baztertu duen maitalea baino

Amodiori sartzen utzi nion.

Amodiori sartzen utzi nion.

 

2008. urteko apirilaren 24an izan zen Nick Cave Donostian, orduko hartan Dig, Lazarus, Dig!! diskoa aurkezten. Ordurako baina, ezagun askiak ziren haren diskoak euskal sortzaileen artean. Anarik No more shall we part diskoa hartu zuen ardatz Kafea eta galletak ekimenean parte hartu zuenean, 2011ko otsailean. Disko hori bera izan zuen hizpide Ibon Egañak Kafe aleak (Kafe arrastoak, 2012) liburuan:

“Bitxia da ohartzea nola osatzen ditugun gure disko gogokoenei buruzko oroitzapenak eta istorio propioak. Uste dut Anariri elkarrizketa batean irakurrita izan nuela Nick Caveren berri, eta hala izan ez bazen horrela gogoratzen dut behintzat”.

Kafe aleak liburuko ekarpen askorekin nola, Egañak ere oroitzapen propioak diskoaren nondik norakoekin uztartu ditu:

“Dikotomia indartsuen arteko jokoan oinarritzen da disko hau, Caveren gehienak bezala (baretasuna eta intentsitatea, ona eta gaizkia, edertasuna eta zatarkeria, harmonia eta zarata, zerua eta infernua, ironia eta transzendentzia) eta disko honetarako Bad Seeds taldean artean gero eta presentzia handiagoa hartzen ari zen Warren Ellisen biolina bezala, batzuetan melodia harmoniatsuetan, besteetan disonantziaren ertzean mugitzen dira kantuak, Cavek batzuetan xuxurlatu hurrengoan garrasi egiten duen bezala”.

Caveren lanak iradokitzen duena atzemateko moduko hitzak Egañarenak. Kafe aleak liburuan bada The Good Son diskoari egindako aipamena ere, Antton Iturberen eskutik, zeinean dikotomia horren kontraesanak ere agerian gelditzen diren:

“Nola da posible zure diskoaren azalean piano baten aurrean, traje zuria jantzita eta balleteko dantzariz jantzitako neskatxez inguratuta aurkezten bazara txantxa edo eldarnio moduan hartua ez izatea? Are gehiago, nor da gai The Ship Song bezalako abesti eder bat hartu eta estetika dekadente berberaz baliatuz amesgaizto maltzur eta goxo baten moduko bideoklip bat grabatu eta oraindik eta ederrago eta mozkorgarriagoa izatea?

Nick Cave jauna, noski. Nor bestela? Gehiago esango nuke, garai jakin hartako (1989) Nick Cave bakarrik. Berlingo urte ilunak atzean utzi eta Sao Paulora etxez aldatu berria zen Nick Cave hura”. (...)

Garaiak garai, doinu eta berba berriak helarazi ditu Cave ilun-argiak Push The Sky Away berrian. Elkarrizketa batean esan berri duen moduan: “Nolabait, lortu dut babo hutsa zarela, idazteko edo kantatzeko ezgai zarela dioten ahots horiek ezereztea. Funtsean, 'pikutara' esaten ikasi dut”.

Albiste honen uberan:

ENTZUN Cave The Death of Bunny Munro irakurtzen

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)