Amuak

“8 Olivetti poetiko” antzezlanaren estreinalditik hogei urte

Osteguna, 2019-05-30

Maiatzaren 27an hogei urte bete ziren Antzerkiola Imaginarioak 8 Olivetti poetiko antzezlana estreinatu zuenetik. Antzezlan hura inflexio puntu moduko bat izan zen euskal eszenan, eta oraindik lanean diharduen aktore belaunaldi berri batek egin jauzi oholtzara. Antzezlanak utzitako paperezko arrastoei begiratu diegu amu honetan.

Bere efemerideen arabera ezagutu liteke herri bat. Are, ospatzen ez dituen efemerideen arabera ere ezagutu liteke. Oihartzun gehiago mereziko luke 8 Olivetti poetiko bezalako antzezlan baten akorduak; ez hark soilik, baina esanguratsua da zeinen gutxi jaso eta transmititzen den historia hurbila, zeinen gutxi berrirakurtzen dugun gure burua, eta berrirakurriz birsortu.

8 Olivetti poetiko nolabaiteko inflexio puntua izan zen euskal eszenan. Lurrikara kreatibo baten modukoa izan zen, ordura arte enpresa bilakaturiko konpainia askoren gainbehera edo noraeza astindu zuen ekimen hark. Antzerkiola Imaginarioa ez zen konformatu antzezlanak taularatzearekin gainera, utopia izan zuen xede, eta era ezberdineko proiektuen bitartez negoziotik haratago kultur ikuskera bat islatzen saiatu zen. Porrot egin zuen, akaso utopia batek porrot baino ezin du egin, utopia izaten jarraitzeko. Edonola ere, FTI delakoak aktore, dramagile, sortzaile belaunaldi berri baten berri eman zigun, eta asko dira oraindik ere teatrogintzan lanean buru belarri dabiltzanak: Ander Lipus, Miren Gaztañaga, Alex Gerediaga, Jon Gerediaga, Gabi Ocina, Miriam K. Martxante, Na Gomes, Leire Ucha, Oihane Enbeita...

olivetti txikia

8 Olivetti poetiko lehen eztanda handia izan zen, Mina Espazio gogoangarritik antzokietako oholtzetara salto egiteko modua. Manifestu ezinezko bat, eztanda egin zuena gutxi-asko belaunaldi kide zituzten publiko ugarirengan. Zoritxarrez, zaila da teatroa ikusi barik transmititzea, google-ri galdetu eta ez dizu askorik ere kontatuko, antzezlan hari buruz, garai hari buruz. Arrasto batzuen peskizan jardun gara, hala ere. Nabarmenena, antzezlanaren gidoia. Artezblai argitaletxeak publikatu zuen 2007an, Mundopolski antzezlanarekin batera. Honatx konpainiako kideek hitzaurrean azaldutako testuingurua:

“Agur usaina hartzen diogu hitzaurre honi. Behinola Bilbon kokaturiko FTI-Antzerkiola Imaginarioa izandakoaren agurra. Guggenheim museoa inauguratu zen egunean jaio eta 2007. urtean desagertzear dagoen utopia baten agurra. Bitxiak dira bizitzaren meandroak -esaten zuen Yuri Samek- , Bilboko museo erraldoiari eta letra larriz idatziriko Kultura Ofizialari erantzuteko asmoz sirtu ziren Mina Espazioa eta bertan jaiotako Antzerkiola Imaginarioa eta, hamar urte bernaduago, Guggenheim museoak ateak zabaldu dizkio Yuri Sam Otoitza antzezlanari. Gure kontraesan honek eta beste batzuek, nekeak eta desenkantuak eraman gaituzte, besteak beste, amaiera honetara. Horra hor autokritika. Euskal Herriko antzerkiaren egoera tamalgarriaren erantzuleek egin dezatela berea”.

Ez zen halakorik etorri, noski. Hori ere utopia bat zen. Porrotak porrot, desenkantua desenkantu, gutxitan ikusi du euskal eszenak tamainako proposamenik, arrisku estetikorik, eromen dramaturgikorik. Zentzu horretan utzi du inspirazio arrasto bat ondorengoentzat: nahiz eta publikoaren babesa nahi beste lortu ez, nahiz eta ulergarria izan ez, nahiz eta numeroek eman ez, gerta daiteke estetikoki arriskatua den teatro bat bihotzak ukitzen dituena. Era horretako iruzkina irakurri genion 2016an, hain zuzen ere, Txerra Rodriguezi Garaigoikoa blogean:

"8 Olivetti poetiko obra liluragarria ikusi nuenean zoratu egin nintzen. Zortzi dira zazpi … zazpi dira sei … sei dira bost …. (hori guztia, espazio ilun batean eta ikusleak antzerkilariak korroan inguratzen, 8 Olivetti makinen zarata hipnotikoarekin). Izerdiz beteriko emankizuna gogoratzen dut, energiaz blai, larru-larrukoa. Oihuak, orroak, marruak, uluak jariatzen zituen antzerki lengoaia berria, berritua, eta bertakoa. Anabasa, zoramena eta estetika narrasa domestikazioaren aurka. Sormen askeko entsalada, underground boluntarioa eta bilatua. Borborka eta taupadaka aurrera egin eta erdia ulertu barik ere, beste erdiak unibertso berria irekitzen zizun sentsazioarekin amaitu. Hunkituta, aztoratuta, artegatuta, puztuta, irabiatuta."

Liburua aski ez, baina

Urte berean, beste ale batean, elkarrekin joan ziren Artezblaik publikatutako beste ale batean Yuri Sam eta Au revoir, triunfadoreak ere.Honatx liburuek utzitako arrastoez ziotena hitzaurrean:

“Argitarapen hauetan, irakurleak Antzerkiola Imaginarioaren lau testu dramatiko baino ez ditu aurkituko. Ez dago bi liburu hauetan antzezlanik. Ez daude liburu hauetan hitz herdoilduak besterik. Ez dugu sekulan pentsatu gure lanen abiapuntu eta helburua testua zenik. Antzerkia egiteko erraminta dramatiko guztien elkarlana aldarrikatu dugu hasieratik, bai sormen prozesuan eta bai emanaldietan. Akotazioak, esaterako, minimoak dira eta argitarapen honetarako propio idatzi ditugu, Antzerkiola Imaginarioa sortu eta hamar urte pasa ostean. Aktoreak, musika, argiak, jantziak, eszenografia, atrezzoa, publikoa kendu eta geratzen diren antzerkiaren errautsak baino ez dira testuok. Hala ere, beste erraminta dramatiko guztiak bezala, bihotz-begiekin sortuak izan dira hitz hauek eta publikoaren esku geratzen da –publikoa irakurle-demiurgo bilakatuta– hitzoi bizitza emateko aukera.”

Ez kasualitatez, 8 Olivetti poetiko “era puruan landuta dago, ez aurretik egindako eta bukatutako gidoi baten barruan, ideia batetik abiatuz baino: hondamendi-osteko Bilboaren estetika eta pertsonaia argikoak biltzea. 11 Aktore, 8 gidoilari eta 10 musikarik batera egin zuten lan eta elkarren arteko fluxuan mamitu zen obra honen gaztelaniazko bertsioa 1999ko maiatzean. Euskarazko testua sortzerakoan, ez zuten bestearen itzulpen bat egin nahi izan eta gidoilariek, pertsonaiekin daukaten eguneroko elkarbizitzan oinarrituta traje berriak egin zizkieten, pertsonaia bakoitza hil eta berpiztuz euskaraz pentsatzen hasterakoan eta ekintzarekiko basa-komedia osatuz.”

Liburua ezinbesteko aliatua du teatroak transmisio xedeetan, hankamotz beti ere. Bertolt Brecht-ek ere “Modell” delakoa zuen aldarri liburuetan: testua + argazkia + eszena zehaztapenak + dramaturgia dokumentazioa. Baina badira transmisioa egiteko moduak. Jaime Valverde ikerlariak honakoa idatzi zuen bere Ander Lipusen antzerkigintza liburuan:

“Antzerkiolak 1999an estreinatu zuen bere lehenengo antzezlana Mina Espazioan: 8 olivetti poetiko. Lehenengoz elkarlanean erdaraz idatzita, eta ondoren euskaratuta, Lipusek zuzenduriko obra koral honetan taldearen aurkezpena nahiz asmo artistikoen agerraldia aurki ditzakegu. Nabariak dira alde batetik Antonin Artaud, Tadeusz Kantor, Luigi Pirandello eta Samuel Beckett bezalako autoreen eragina nahiz oemenaldia eta, bestetik, Mina Espazioaren garaiari dagokion baliabide urrien profitatze zolia. Lan honekin hasten da Antzerkiola Imaginarioaren ametsa: taldea eratu zen eta jendaurrean agertu; publiko arretatsua talentu handiko talde berritzaile baten agerpenaz ohartu zen.”

Beude efemerideak, eta haien paperezko arrasto arkeologikoak. Beude azal berrietan pizteko zain diren pertsonaiak eta ahotsak.

Argazkiak

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)