Amuak

Alice Munroren ipuingintza

Asteartea, 2019-10-22

Pasa den astean banatu zituzten saiakeraren eta itzulpenaren arloko Euskadi Sariak. Isabel Etxeberriak jaso zuen azkena, Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak (Erein, Igela, 2018) lanari esker. Alice Munro Nobel saridunaren ipuin-bilduma bat da. Aukera aprobetxatu dugu Munrori buruzko amu bat osatzeko.

Etxeberriak berak aipatu zion Berriari, saria jaso eta biharamunean, espero zuela sariak bigarren bultzada bat ematea lanari. 2013an eskuratu zuen Nobel Saria Munrok, eta autore gomendagarria iruditzen zaigunez, aukera aprobetxatu dugu amu bat osatzeko haren euskarazko liburuaren inguruan. Etxeberriak itzuli duenaz gainera, beste bat daukagu euskaraz irakurgai: Zorion handiegia (Meettok, 2012). Nagore Tolosak, Naroa Zubillagak eta Aiora Jakak euskaratu zuten hori.


 

Zoriona eta harremanak

Esan moduan, Munroren bi ale dauzkagu euskaraz. Lehena, 2012. urtean kaleratu zuen Meettok argitaletxeak: Zorion handiegia. Orduan, Munroren lanik berriena zen, jatorriz 2009an kaleratu zuena. Harrezkero, beste bilduma bat baino ez du publikatu Munrok: Dear Life (Bizitza maitea), 2012an hain justu ere. Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak; ordea, nahiz eta beranduago ailegatu den gugana, Munroren bibliografian lehenago dator, 2001ean atera baitzuen. Ipuin-liburuak dira biak –halakoak dira Munroren liburu gehienak, eleberri bakarra publikatu baitu–, eta hainbat ale luze samar biltzen dituzte.

Hona hemen Munroren literaturari buruzko ezaugarri batzuk.


 

Mundua, Kanadako txoko batean

Nagore Tolosak itzuli zituen Zorion handiegia liburuko ipuin gehienak, eta Munroren ezaugarri nabarmenetako bat azpimarratu zuen: narrazioen kokapena. Izan ere, bizi den tokitik gertu kokatzen ditu Munro bere ipuin gehienak, unibertsaltasun-izpirik galdu gabe. Hona Tolosaren azalpena:

“Milimetroz-milimetro ezagutzen duen inguru bati buruz ari zaigu –Munroren narratiban ia esperimentuzkoak diren The View from Castle Rock ipuin-bilduma eta “Zorion handiegia” ipuina kenduta–. Munduari bira emana da, baina ez du backpacker erakustaldirik egiten. Ontario hego-ekialdean kokatzen ditu istorio gehienak, hango herrixketan. Inoiz hiriburura eramaten ditu pertsonaiak, Torontora; beharbada Vancouverrera, Kanadako beste muturrera, asko jota. Bestalde, etxe-giroan gertatzen dira istorio asko. Amak, aitak, semeak, alabak, izebak, osabak, lehungusuak, lehengusinak agertu ohi dira; adin eta lanbide guztietako pertsonaiak. Haren inguru mikroenean, hau da, Huron laku ertzeko herri txiki batetik Torontora doan pertsonaia baten baitan, belaunaldien artean, familiakideen artean, gizonen eta emakumeen artean, ikasketak dituztenen eta ez dituztenen artean eta abar sortzen diren tentsioak ulertu eta azaltzen ditu. Diferenteak bai, baina gehienok normal-normalak izanda, hain-hain bereziak izaten hainbeste –erridikuluak suertatzeraino– saiatzen garen gizarte honetan, arruntasunetik abiatzea eta horren aldarri txiki bat egitea txalotzekoa iruditzen zait”.


Gauza arruntetatik gauza bereziak aterako abilezia

Zorion handiegia izenburuak gogora ekar diezazueke Eider Rodriguezen azken ipuin-bilduma: Bihotz handiegia (Susa, 2017). Rodriguezek berak sarritan aipatu du Munro oso gustuko duela, eta horren inguruan galdetu genion pasa den urtean, elkarrizketa batean. Hauxe erantzun zigun:

“Bueno, ipuingile on asko daude, baina Alice Munrok beste ez nau inork inoiz liluratu. Txekhov aipatzen dute; nire ustez Alice Munrok gainditu egiten du Txekhov, erraz gainera. Bueno beste garai bat da, diferentea da, baina… Zer daukan Munrok? Iruditzen zait gaitasun eta arte paregabea daukala ipuin bakar batekin esateko beste batzuek trilogia batekin esaten dutena. Distantzia nahiko laburretan gauza asko esateko, iradokitzeko, ikusarazteko, sentiarazteko gaitasuna dauka. Gero, erretratatzen du jendarte bat ez dena batere sofistikatua, baina azaleratzen dituen harremanak, sentimenduak eta elkarrizketak oso sofistikatuak izan daitezke, edo behintzat ez arruntak. Arruntak dira egoerak eta pertsonak, baina arrunta den horretatik gauza oso bereziak pizteko gai da, eta niretzat hori da bizitza bera, eta mundua. Paradoxa horretan bizi gara, gauzarik normalenetan daude azkenean ametsak edo liluragarriak diren gauzak. Berak literaturaren bidez lortzen du hori; fikzioaren bidez, gainera, eta nik asko estimatzen dut fikzioa oraindik, nahiz eta modan ez egon”.

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)