Amuak

Amelia Rosselli: Hitzak soinu

Poesia eta musika uztartzen aztiaAsteartea, 2015-02-24

Militante politiko ingeles eta italiarren alaba, garai nahasietan jaioa, hainbat herrialdetan bizi izan zen Amelia Rosselli poeta, behin eta betiko Erroman ostatu hartu arte. Musikarekin lotura handia izan zuen olerkari honen hitz batzuk eta bere figurari eta obrari buruzko zertzeladak bildu ditugu amu honetan. Era berean, eleaniztasunak ezaugarritutako haren ahotsa ezagutzeko astia ere hartuko dugu, zorionez, hainbat grabazio eta bideo daude-eta sarean eskuragai.

BIZITZA ALDERRAI

1930ean jaio zen Amelia Rosselli poeta, Parisen, han bizi baitziren gurasoak, ama, Marion Cave Alderdi Laboristako militante ingelesa, eta, aita, Carlo Rosselli militante antifaxista, Italiako erregimentik ihes eginda. Erbesteak ez zituen, hala ere, onik gorde, La Cagoule Frantziako milizia faxistak erail baitzituen Rosselliren aita eta osaba, 1937an. Horren ondoren, Rosselli artean haurra zela, hainbat herrialdetan zehar ibili zen sendia: lehenik Suitzan, ondoren AEBetan, eta Ingalaterran gero. Ingalaterran egin zituen, hain zuzen, musika-ikasketak Rossellik.

1946an, 16 urterekin, Italiara itzuli zen, eta inguruabar horietan, batez ere Erroman, eman zuen bizitza osoa, 1996an bere buruaz beste egin arte, hain zuzen, Sylvia Plathek ere, zenbait urte lehenago, alde egitea erabaki zuen egun bera hautatuta. Hiriburuan ezagutu zituen Rossellik hainbat idazle eta musikari, zirkulu haietan egin zen ezagun poeta gisa, 1963an, estreinakoz, zenbait poema argitaratu ostean, Il Menabò aldizkarian.

Literaturaren alorrean lanean segitu arren, musikarekiko harremanari ere estu eutsi zion. Musikologiari buruzko ikasketak zituen eginak, eta musikari buruzko ikerketak egin zituen, bizitza osoan zehar. Bere lengoaia poetikoa ulertzeko gakoa da musikarekiko kar hori, eta baita eleaniztasuna ere, txikitandik ikasi baitzitue ingelesa, italiera eta frantsesa.

OBRA

Esan bezala, 1964an argitaratu zituen lehen poemak, italieraz, Amelia Rossellik, Il Menabò aldizkarian. Pier Paolo Pasolini idazle eta zinegilearen sarrera batekin zetozen lerroak, hain justu ere, Pasolinik esaten zuen Rosselliren poesiari buruz, lapsus-aren poesia dela. Gainera, Pasoliniren ustez, nahiz eta Rosselliniren obra, bere ezaugarriei erreparatuta, sailka daitekeen 63ko taldekoen eta surrealisten atalean, egiatan hori baino askoz harago iristen da.

1964tik aurrera eta hil arte, hainbat poesia-bilduma kaleratu zituen. Italieraz idazten hasi aurretik, frantsesez eta ingelesez ere eginak zituen idatziak, eta horiek bilduma batean batu ziren gerora. Horretaz gain, ezagunak ditu La libellula (1985) poema luzea (sarritan egin izan zituen horrelakoak), Variazioni Belliche (1964) eta Serie ospedaliera (1969). Bere literaturari buruzko testu hausnarketagoagoak ere idatzi zituen. Besteak bestea, Spazi Mettici delako testuan, zera esan zuen, poesiaren eta musikaren harremanari buruz:

“Poesiaren arazoetako bat beti izan da, niretzat behintzat, huts-hutsean musikarekin lotura duen forma horri dagokiona, eta ez, benetan, neuk ez ditut sekula ere bi diziplinak bereizi, silaba ez dut sekula jo soilik lotura ortografikotzat, ezpaza, baita ere, soinutzat, eta, era berean, esaldia ez da soilik gramatika-egitura bat ezpada sistema bat. […] Baina, baldin eta musikako eta margolaritzako elementu indibidualak nabarmendu egiten badira, gauzatzerakoan, errimoak edo koloreak askatuz, idazterakoan eta irakurtzerakoan kontua ez da berdin-berdina: guk, aldi berean, pentsatu egiten dugu. Kasu horretan, ez dago soilik soinua, hitza; batzuetan ez dago inon, baina ideia modura aditzen da, buru barruan. […]Idazten dudan hizkuntza hau, tartean behin, bakarra da, nahiz eta nire soinuaren esperientzia, esperientzia logikoa eta loturak egitearena, herri askorena da, izan, eta hizkuntza askoren bidez isla daiteke”.

Itzultzaile gisa ere jardun zuen, batik bat ingelesetik italierara. Sylvia Plath poeta miretsia itzuli zuen, eta baita Emily Dickinson poeta ere.

ROSSELLI AHOZ GORA

Zorionez, zen garaikoa izanik, hainbat grabazio eta bideotan gorde da Rosselliren ahotsa. Honako bide honetan, solasean adi dezakegu, elkarrizketa batean, eta baita bere liburuetako pasarte eta poemak ahoz gora irakurtzen.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)