Amuak

Anuntxi Aranaren lanari begirada luzatuz

Ostirala, 2014-12-05

Anuntxi Arana omenduko dute aurtengo Durangoko Azokan, Argizaiola sariaren bitartez. Bihar (abenduak 6, larunbata, 20:00etan) izango da ekitaldia, San Agustin Antzokian. Gerediaga ­­­­­elkartekoen eskutik jasoko du omenaldia Aranak, eta ekitaldia laguntzeko berariaz prestatutako “Eguzki emeak” izeneko antzerki eta dantza pieza eskainiko da.

Idazlea, antropologoa, ikertzailea, ekintzailea. Hitz horiek guztiak kabitzen dira Anuntxi Aranaren izenean. Ekintzailea, euskararen arloan eta borroka feministaren arloan. Ekintzarako joera horiek islatu ditu hala kalean, nola eginda­ko lanetan ere: arabarra izan arren, Ipar Euskal Herrian eman du bizitzaren parte handi bat, eta bera izan zen hain zuzen ere Ipar Euskal Herrian doktore-tesi bat estreinakoz euskaraz defendatu zuen­­ lehen pertsona. Bestetik, ohikoa izango da bera emakumeen eskubideen defentsan egindako ekimenetan bere aurpegia eta ahotsa topatzea. Sozialerako eta politikorako kezka horrek arrasto sakona utzi du bere lanean ere. Ugariak dira Anuntxi Aranak euskal mitologiaren inguruan plazaratu dituen lanak, besteak beste: Bidarraiko Harpeko Saindua: erritu eta sineste zaharrak (Haranburu Altuna, 1985); Jean-François Cerquand, Ipar Euskal Herriko legenda eta ipuinak (Txertoa, 1985 eta 1986); Orozko Haraneko kondaira mitikoak (EHU 1998, Doktorego tesia); Mito hurbilak: euskal mitología jendeen bizitzan (Gatuzain 2000); Mitoen bilakatzea (Gatuzain 2004); Jentilak eta kristauak (Elkar 2008). Gaur egun, eskuartean, hilak, arima herratuak eta mitologia lotzen dituen lana prestatzen ari da udaberrian argitaratzeko.

­­­­Haietako askotan, egungo gizartearen eta aldaketa nahien begiradapean jarri ditu mitoen interpretazioak. Aranak ez ditu soilik mitoak jaso, zehaztu eta irakurri, mitoen inguruan egin izan diren interpretazioak ere jaso, zehaztu, irakurri egin izan ditu. Izan ere, mitoak ez baitira objektiboak, historia bera ez den bezala; kontakizun mota bakoitza interpretatu eta berrinterpretatu egiten da unean uneko interesen arabera, eta feminismoa kasu ez dago hortik salbu. Anuntxi Aranak berak Mito hurbilak liburuaren atal batean aipatu zuen, kasu, “Mari”ren mitoaren inguruan gure egungo gizarteak zentzu ustez askatzaile batean egin izan dituen interpretazioak, eta horren baitan egon daitezkeen paradoxak:

mito-hurbilak-euskal-mitologia-jendeen-bizitzan

Gure beharrei egokitzen dizkiegu mitoak, nahi duguna erranarazten, manipulatzen menturaz. Mitoen naturan eta patuan dago manipulatua izatea. Mitoen beren bilakaera badute eta inoiz baino zuzentasunzale eta feministago bihurrarazi ditugu orain, horixe delarik funtzio berria betetzeko behar duten eitea. (…)

Logika horretan, hala ere, paradoxa handia ikusten da. Sexuen arteko berdintasuna lortzeko, sistema sinboliko sexista arbuiatu behar litzateke ontsalaz. Haren barruan, preseski, gizonei egokitzen zaie goialdea eta airea, emakumeei behealdea eta lurra; goiak agintea erran nahi du, beheak menpekotasuna. Guretzat, emazteentzat, ez da bereziki lagungarri, behearekin batera menpekotasuna suertatzen baitzaigu, halabeharrez.

Zentzu horretan ere, goiandereak lurpeko eta jainkoak zeruko izateak ez digu deus aitzinarazten larderia ardiesteko orduan. Aireko goiandereari ere alde txarrak azpimarratzen bazaizkio –haizea bezain aldakorra-, kasik ezinbestekoa da behekoaren bizkar gaitzak oro ezartzea. Nola ulertu emazteen askatasuna eta berdintasuna ardietsi nahi dituztenok Mari “ama lurra” dela errepika dezaten behin eta berriz, eguna bezain argia delarik lurpetarra baino areago zerutarra dela? Tradizioan matriarkalismoa bilatu eta horren alde mitologiak eskaintzen digun apurren aurrean begiak hesteak edo ikusi-eta muntarik ez emateak, ez du zentzu handirik. Zaila da bai, denentzat, erakatsi dizkiguten sinboloen itzulikatzea, eta hartan bakoitzak gure itsukeria…

Alde horretatik, berritasun guti ekartzen digute mari-zaleek, generoen banaketaren terminoak beren ohiko lekuan atxikitzen dituzte. Oso gutitan jazoten bada haien inbertsioa, ez da guztiz ezinezkoa eta ezagunak dira eguzki femeninoak eta hilargi maskulinoak, kasu. Gutietsiak dira beti emazteari lotzen zaizkion baloreak, edozein direla ere, emazteei lotuak direlako hain zuzen; sinboloetatik baino honantzago edo hurbilagoko zerbaitek manatzen dituelako seguraski. Bestalde, ez da dudarik generoaren kategoriak ez direla sexu biologikoari uztartuak, Simone de Beauvoir-ek laburtu zuena erranez “ez dela emazte sortzen, bilakatzen baizik”.

Biologiaren determinismotik ez bada eta hautua kulturala baldin bada, zergatik berdina egiten da beti?”.

Era horretako ideiak plazaratu izan ditu Anuntxi Aranak bere lanetan, zehatz eta probokatzaile, honakoa adibide bat besterik ez da. Izan dadila haren obraren osotasunean murgiltzeko aitzakia edo amua.

IKUS Anuntxi Aranaren kolaborazioak Argian

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)