Amuak

Emakumea larrugorritan, Edurne Rodriguez Muro oroituz

Astelehena, 2015-03-09

Edurne Rodriguez Muroren Mujeres al rojo vivo liburua oraindik ere orain eta hemen egoteko gaitasuna duen antzezlan bat da. Mr. Señorak eskaini digu amu honen haria.

Antzerkia orain eta hemen gertatzen den zerbait da beti. Aktorearentzat, publikoarentzat. Orain eta hemen gertatzen da, bizipen bat da edo ez da ezer, hilik dago. Tadeusz Kantorrentzat heriotzaren teatroa deiturikoa memoriaren teatroa zen funtsean, oroimenean hilik datzan iragan horri arnas ematea, iragana berriz ere bizipen bilakatzea. Edurne Rodriguez Muroren Mujeres al rojo vivo liburua oraindik ere orain eta hemen egoteko gaitasuna duen antzezlan bat da.

Liburuak erosi ahala data eta lekua apuntatzen genuen garaikoa da esku artean dudan alea: Irun-Mosku, 1998. Auskalo liburu-denda feminista. 1995ekoa da berez liburua.

Teatroa eta memoria estuki lotuta daude ezinbestean. Euskarri fisikorik ez izateak iragankorra egiten du teatroaren historia, zaildu egiten du transmisioa, are gehiago informazio oldeak komunikazioa abiadura bizian ehorzten duen garaiotan. Aldi gutxi batzuetan teatroak arrastoren bat uzten du, paperean edo bideoan, eta aspaldiko “orain eta hemen” batean gertatu zen hura bizi izan ez duenak jarraitu dezake esperientzia haietara doan bidea.

Hori bera proposatzen dut, lerro hauetan, Edurne Rodriguez Muro-ren Mujeres al rojo vivo antzezlanarekin.

mujeres al rojo vivo

Legaleon-T taldeak aurkezten dizue... Mujeres al Rojo Vivo!

Gorriz jantzitako hiru emakume taula gainean. Baliabide gutxigo eszenaratzea. Aktore lanean oinarritutako obra. Testuaren ez ohiko planteamendu bat: ez du axola pertsonaiak diren edo aktoreak, haien artean nork esan behar duen zer. Hiru emakumeek konpartitzen dituzten kontraesan, beldur, pasioak, kritikak dira oholtza gaineko presentziek poesiarekin mugan ahoratzen dituztenak. Bide eta modu berriak urratzen zebilen Legaleon-T taldea Mujeres al rojo vivo taularatu zenean

Legaleon-T antzerki taldea Irunen sortu zen 80eko hamarkadan, eta erreferentzia oso garrantzitsua izan zen eta da joera berriak arakatu nahi dituzten euskal antzerkigileen artean. Egun bertako kide batzuek L’Alakran taldean egiten dute lan, Suitzan. Legaleon-T Irunen kokatua egon zen garaian taldekideen artean zen Edurne Rodriguez Muro, eta bi antzezlan zuzendu zituen gero eta errotuagoa zegoen konpainiaren baitan: Merilu la Historia de la Muñeca Hinchable eta Mujeres al rojo vivo. Edurne Rodriguez Muro gazterik hil zen, gaixotasun larri baten ondorioz.

Hunkitzen gaituzten istorioek, hitzek, gorputz mugimenduek, oroitzapen zatiak uzten dituzte han-hemen, eta tarteka azaleratu egiten dira egoskor. Legaleon-T eta L`Alakaran proiektuekin lanean jarraitzen du Espe Lopez aktoreak, elkarrizketa egin berri dio Juanma Sarasolak Moskuko urrea liburuaren harira. Presente dago bertan Edurneren lana eta oroitzapena:

(Legaleon-T) beren obretan gizarte kritika franko eginak dira, besteak beste umorearen baliabidea erabilita. Legaleon-T taldeak hainbat obra antzeztu izan ditu urteotan, gehienetan taldekideek idatzitako gidoi argitaratu gabeei jarraiki, esaterako, Edurne Rodriguez taldekide zenak idatzitako Mujeres al rojo vivo (1995) oinarritutakoa.

Paperezko euskarriek hori dute beren alde, gutxien espero duzun apalategian azal daitezke, gutxien espero duzun unean. Edizio xumea da Iralka eta Legaleon-Tk 1995an elkarrekin argitaratu zutena, baina horri esker biziraun du testuak eta horri esker oraindik ere taularatzen da tarteka: Madrilen antzeztu du “Arriba y adelante” konpainiak berriki, eta Euskal Herrian bertan Agerre teatroak taularatu zuen 2002. urtean, gaztelaniazko eta euskarazko bertsioetan. Garai hartan idatzi zuen Ainara Gurrutxaga aktore eta kazetariak antzezlanari buruzko artikulua, Argia aldizkarian:

“Hiru emakume taula gainean. Baliteke bakarra izatea? "Nahiago ditut titi txikiak handiak baino. Askoz ere erosoagoak dira, batez ere kirola egiteko", dio batak, bere gorputza ferekatuz. Berehala, ordea, ustez aldatzen du: "Titi handiagoak izan nahi nituzke. Hain dira femeninoak... Titi handiak izango banitu beti sujetadoretik irten beharrean eramango nituzke". "Dudan indarra sentitzea gogoko dut", dio besteak, hirugarrenak denborak aurrera egin ahala itxurak gero eta gutxiago arduratzen duela aitortzen duen bitartean. Euren barneko mundu txikiez mintzo diren emakumeak dira hiruak. Mundu handi hori osatzen duten mundu txiki horiez mintzo direnak.

Hiru emakume eta hamaika desio, hamaika gorroto, hamaika beldur. Horixe da Donostiako Agerre Teatroaren azken ikuskizunak proposatzen duena, emakumeak gori-gori erakustea, biluzik. Horretarako Legaleon-T antzerki taldeak 1995ean eszenaratutako testua hautatu du, taldeko Edurne Rodriguezek idatzi eta zuzendu zuena, hain zuzen ere. Gaixotasun baten ondorioz hil zen Edurne Rodriguez, baina bere testuak bizi-bizirik dirau”.

Dut taldearentzat letrak

Memoriaren zeharbideek antzerkigintzatik musikagintzara eraman gaituzte temati. Egun Berri Txarrak taldeko kide den Galder Izagirreri elkarrizketa bikoitz mamitsua egin berri diote Gaztezulo aldizkarian: musikagintzaz mintzatu ziren abenduan, argazkigintzaz urtarrilean. Abenduko alean dator, hain zuzen ere, aipamena:

(Dut taldearen “At” diskoaz mintzo) Disko horretako The Big Lie of love zuk kantatu zenuen, ezta?

Bai. Kanta hori stand by momentu batean egin genuen, bakoitzak berea ez zen instrumentua hartuta, eta ni kantatzen hasi nintzen. Lagun handia nuen Legaleon antzerki taldeko Edurne Rodriguezek idatzi zituen hitzak; lehen diskoko Epilogoa abestiarenak ere bai. Niretzat influentzia artistiko handia izan zen Edurne, baina minbiziak eraman zuen. Goiz tokatu zitzaigun horrelakoak pasatzea. (…)

Euskal Herriko sormenaren historia ez idatzian, izen ugari, gehiegi daude oraindik oroitzeke, gordetzeke, berreskuratzeke. Liburuek batzuetan lagundu egiten dute, Mujeres al rojo vivo lanarekin gertatu bezala. Antzerkiaren kasuan, Kantor gogoan, hitzei eta mugimenduei arnas berria emateak laguntzen du iragana teatralki oraineratzen, kanta bat behin eta berriz kantatzen duenaren moduan:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)