Garazi Ugalderen bi poema
Ostirala, 2016-05-13Garazi Ugalde Pikabeak (Lezo, 1988) Morfologiak izeneko poesia lana plazaratu du Bermingham argitaletxearen eskutik (Pasaia Hiria-Xabier Portugal lehiaketa). Edizio berean doa Anartz Izagirre Zubimendiren Forma geometrikoak zure baitan. Jarraian, Anartz Izagirreren bi poema irakurri ditzakezue.
HEZUR ETA MAMI
Gorputz bat dut (edo naiz)
etengabe epaitua dena kanpotik:
neurrigabea eta neurritsuegia
emeegia eta ez aski emea
gorputz bat dut (edo hobeki esanda naiz)
larrutzen dena behin eta berriz barrutik
gorputz bat
ezin duena besterik gabe arnastu
ezin besterik gabe izerditu, limurtu
ezin odoldu, oldartu, aienatu
besterik gabe bizi
besterik gabe
izan
gorputza delako
bere ezin eta bere egon guztiekin
HITZEN ALDARRIA
Egutegi kaiolatuak markatu ditugu luzaroan
egunak egun, gauak gauegi, urtaroak urtaro
denbora nola irentsi?
Tintontzian isuri dugu gogoa sarri eta
biharamunean, noiz iritsiko ote da? batekin
postontziaren ahoan jaurti.
Kilometroak zenbatu ditugu
bide-bazterreko herrien izenak gogoratzera jolastu
errepideak kiribildu eta tolestu.
Hasperenetatik oxigenoa sortu dugu
malkoetatik oasiak
lur lehorretan hazi erne berriak.
Erbeste, atzerri eta deserri gehiegi pilatu zaigu
hain geografia txikian
urdailean, eztarrian, buruki azpian.
Halabeharraren zapatek urratu dizkigute belaunak
urteen kadentziak bihurritu, hitzak
higatu, esanahiak.
Trapezista gara historiaren zirkuan
baina ez dugu oraindik
erortzeko lekurik aurkitu.