Amuak

Heiner Müllerren ahotsa lau poematan

Berlin zeharkatu zuen ahotsa Igandea, 2011-10-23

Bere antzezlanengatik ezagutzen dugu batez ere Heiner Müller (Eppendorf, 1929), baina bere ibilbidearen azken urteetan idatzi zuen poesia ugari ere. Jarraian irakurri ditzakezue lau poema.


Bere garaiak zedarritu zituen Heiner Müllerren hitzak, bizi izan zuen sormen-etapa bakoitzean. Bere bilakaera Alemaniaren historiari atxikirik garatu zen: gaztaroan nazien alderdiari loturik ezagutu zuen gerra, ostera haren kontra egin eta Alemaniako Errepublika Federala zen horretan lan egiteari ekin zion, Bertolt Brecht-en erreferentziaren eta hautuen itzalean. Garai hartako testuetan ez zion ofizialtasunari men egin, hala ere: langileriaren lana eta borroka islatzen zuten lanetan ez zituen baztertzen kontraesanak, autokritikak. Horrek zentsurarekin gogor borrokatu behar izatea ekarri zion. Urteekin bere testuek nazioartean izandako oihartzunak zentsuraren eragina apaltzea ekarri zuen, baina berak AEFn lan egiteko hautuari eutsi zion une oro. Teatro testuei dagokionez estetikoki bide gero eta erradikalagoak jarraitu zituen: Germania Tod In Berlin bezalako lanek Alemaniaren sakoneko izaeran murgiltzen ziren, gertakizun historikoen haritik, umore basatia, absurdua eta gordina erabiliz tarteka. Bere testuak are erradikalago bilakatu ziren Die Hamletmaschine bezalako harribitxien eskutik.

Guk dakigula ez dago euskaraz haren testurik topatzerik. Gazteleraz Kabia antzerki taldeak Paisaje con argonautas taularatu zuen 2008an. Hiru argitaletxeak Germania. Muerte en Berlin liburuaren edizio txukuna apailatu zuen 2001ean, Müllerren poema batzuk eta haren oinarri teorikoak islatzen dituzten testuak atxikiz.


Jarraian, Heiner Müllerren lau poema irakurri ditzakezue:

***
Atzo eguzki arratsalde batez
Berlingo hiri mortua zeharkatu bitartean
Ezein atzerritik iritsi berritan
Estreinako aldiz sentitu nuen beharra
Nire emaztea bere kanposantuan lurpetik ateratzeko
Bi palakada bota nituen pertsonalki bere gain
Eta ikusi zer geratu den berataz
Sekula ikusi ez ditudan hezurrak
Bere burezurra eutsi eskuan
Eta imajinatu zein zen bere bisaia
Berlingo hiri mortua eta beste hiri batzuk
Zeharkatzeko ibili zituen maskaren atzean
Bere azalarekin jantzirik zenean oraindik.

Ez nion neure beharrari men egin
Poliziari eta ene lagunen txaloei beldurrez.

***

Hortz ustelak Parisen
Zerbait irensten nire barruan

Gehiegi erretzen dut
Gehiegi edaten dut

Mantsoegi hiltzen naiz

***

BRECHT

Zinez garai ilunetan bizi izan zen.
Garaiak argiagoak bilakatu dira.
Garaiak ilunagoak bilakatu dira.
Argitasunak dioenean: iluntasuna naiz
Egia esan du.
Iluntasunak dionean: argitasuna
Naiz, ez dabil gezurretan.

***

MAIAKOVSKI

Maiakovski, zergatik
Berunezko amaiera puntua?
Arimaren pena bat, Vladimir?
''Berarentzat
Itxi zen
Dama bat
Edo beste batentzat
Zabaldu zen?''
Hortzen artetik
Hartu
Nire baioneta,
Kamaradak.
Hormak zutik dira
Mutu eta hotz
Banderak zabuka
Haizean.

Heiner Müller (Eppendorf, 1929)

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)