Amuak

Hiri asko bere baitan, sorkuntza asko bere baitan

Asteazkena, 2015-06-03

Literatura, argazkigintza eta musika uztartuz sortu da Hiri asko bere baitan proiektua. Liburuxka bat, erakusketa eta zuzeneko emanaldi bitartez zabaldu dute ostera proiektuko edukia: Bilboko 8 barrutietan barrena egindako sormen bidaia.

Aitor Gomez, Unai Villena, Asier Olabarrieta dira proiektuaren bultzatzaileak, argazkien, testuen eta musikaren egileak hurrenez hurren.

Sorkuntza, Bilbo eta Euskara ardatz bezala hartuta, literatura, musika eta argazkigintza nahastu nahi ditugun hiru lagun gara. Gure irudimenarekin unibertso bisual, literario eta soinudun propioa sortu, eta hiriaren ikuspegi berri bat eman gura dugu. Horretarako, 2014ko apiriletik azarora arte iraun duen zortzi hilabeteko sorkuntza prozesuan zehar, zortzi argazki-testu-musika-lan edo obra sortu ditugu, Bilboko barruti bakoitzeko bana”.

Zuzeneko emanaldietan beste lagun batzuekin osatu ohi da oholtza gaineko taldea: Kepa Errasti aktorea jardun ohi da "antzezabeslari" lanetan, eta Asier Olabarrietaren ahots eta gitarrarekin batera Andoni Alonso baterian, Aitzol Mujika baxua-tronboi-beatbox-ahots zereginetan.

Atzealdean, ezkutuan

Hiri baten baitan, jendarte orotan, asko dira atzealdean, ezkutuan egon daitezkeen bizitzak eta bizimoduak “Hiri honek beste hiri asko ditu bere baitan, ezkutuan. Seguruenik ez zaizkigu begi-bistakoak irudituko; sumatuko ere ez ditugu egingo, baina bertan daude”.

Hala hirian, nola kulturan.

Asko dira azaleratzen, edo azaleratzear, ate joka ditugun proposamenak, sortzaile berriak, jendaurrerako bidean elkartzen diren arte diziplina ezberdineko proposamenen egileak “Nahasi, zenbakaitz, aldakor eta irregularrak dira. Zuri-beltzekoak diren arren, adi egonda, entzun eta usaindu egin daitezke”.

Hala hirian, nola kulturan.

Egun plazara sormen lan batekin ateratzeko ohiko bide zilegiak jarraitu daitezke (argitaletxeak, diskoetxeak, galeriak...) edo proiektu baten bultzatzaileen ahalen araberako bidea asmatu “Konturatzen ez bagara ere, hiri honen baitan ezkutuan bizi diren hiriek bor-bor egiten dute beren txoko bakoitzean; arnasa hartzen dute eta taupadaka ari dira”. Norberaren proiektuaren neurriko bidea asmatzean egun, zorionez, teknologia eta Internet alde eduki ditzake sortzaileak. Iduri du Hiri asko bere baitan proiektua plazara ekartzeko egileek beren eskura dituzten baliabideak detektatu eta are fin erabili dituztela: zuri-beltzeko argazkiak testuekin uztartzen dituen liburuxka, orrialde bakoitzean Interneten topatu daitekeen loturaren erreferentzia, eta liburuxkaren amaieran audio CDa. Liburu-objektuaren mugak zabaltzen dituen proiektu baten isla.

Zer, eta non

Proiektuak bere neurriko bidea sortu du, eta zabalkundeak ere kreatiboa behar du izan ezinbestean. Ezer ez da kasualitatea, ez behintzat plazaratzeko modua: Okela sormen lantegian eman zituzten estreinako urratsak, gerora Ahotsenean entzun-ikusi ahal izan dugu, berriki Donostiako Guardetxean Poesua Astean egindako emanaldian, adibide batzuk jartzearren. Guardetxeko emanaldian sutsuki ekin zioten oholtza gainekoari: Kepa Errasti aktoreak hiria pertsonalizatu zuen, hiriaren ahotsa eta konplexutasuna, pertsonaia eta kantariaren rolak nahastuz. Musikariek zehaztasuna eman zioten hitzei, eta tarteka umorea ere. Beltzez jantzita azaldu ziren guztiak oholtzara, argazki eta bideo proiektatuen estetikarekin bat eginez. Publikoarengan zirrara  edo ostera salgai zegoen liburuxkan murgiltzeko kuriositatea sortzeko moduko proposamena.

Horrelakoetan, geure buruari galde diezaiokegu: prest gaude hirian murgiltzeko, beste hiri batzuk ezagutzeko, beste hiri batzuen berri ahoz aho zabaltzeko? “Agian, egunen batean, hiri horietakoren batek benetako hiria hartuko du, eta azala aldatu egingo zaio egun batetik bestera Bilbori. Eta ezkutuan geldituko da gaur arte ezagutzen genuen hiria, atzealdean”. Hala hirian, nola kulturan.

Amu honen uberan:

Artikulu honetarako liburuxkako testu bat mutilatu dugu. Bertan topatuko duzue osorik, behar bezala irakurtzeko moduan.

Hiri asko baitan webgunean proiektuari jarraipen zehatza egin diezaiokezue.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)