Amuak

Izurria: Oranetik Cadizera giza jarrerak Camusten

Asteazkena, 2014-09-17

Arrotza nobela eta Sysiforen mitoa plazaratuak zituen Albert Camus idazleak, 1947an Izurria hirugarren lanak ezagun egin zuenean. Ez zen izan izurria bere obran azalduko zen aldi bakarra: 1948an argitaratutako Setioa antzezlanean Cadizera eraman zuen pertsonen erraiak biluzten dituen sukarra.

Asko ari gara hitz egiten, gehiago hitz egingo da, 1914ko Gerla Handiaz eta haren ondorioez. Psikolangileen bazka litzateke, zalantzarik gabe, gerla horrek Albert Camusen bizitzan izan zuen eragina aztertzea: 1913an jaiotako idazleari 1914ko gerratean hil zitzaion aita, argazki soil bat izan zuelarik haren oroigarri bakarra. Camusi II. Mundu Gerrak ekarriko zion ordea kontzientzia eta jardunbide propioa. Imanol Tapiari irakurri dizkiogu hitzok Izurria (Ibaizabal, 1993) liburuaren hitzaurrean:

Eleberri honetan, «Izurritea»n alegia, nazien gerraren eta okupazioaren alegoria bat azaltzen digu eta, zentzu zabalago batean, giza izaerarena eta era guztietako zapalkuntzarena, izurritearen menpean eroritako Orango hiriaren deskribapenaren bidez. Eleberriko pertsonaiek giza jarrera desberdinak azaltzen dituzte sufrimenduaren, elkar bereiztearen, eritasunaren, heriotzaren aurrean.

izurria

Izurriak gizakiongan agerrarazten ditu etika eta diskurtsoetatik haragoko barne bulkadak, pasioak, egiak. Izurriak hankaz gora jartzen ditu norberarengan ezinak eta ezinen aurreko jarrerak. Pasarte honexek islatzen duen moduan, II. atalaren amaieran:

— Jakin behar duzu, doktore —esan zion—, luzaro pentsatu dudala zure erakundeaz. Zuekin ez banago, arrazoiak ditudalako da. Hala ere, bizia arriskuan jarriko nukeela uste dut, gerran parte hartu dut Espainian.

— Zein aldetan? —galdetu zion Tarrouk.

— Galtzaileen aldean. Baina geroztik, gogoetan apur bat jarduna naiz.

— Zeren gain? —esan zion Tarrouk.

— Adorearen gain. Orain badakit gizonak ekintza handiak egin ahal dituela. Baina sentimendu handi bat izateko gai ez bada, ez zait batere axola.

— Edozertarako gai dela iruditzen zait —esan zion Tarrouk.

— Ezta inola ere, ez da luzaroan sufritzeko edo zorioneko izateko gai. Ez da beraz pena merezi duen ezertarako gai.

Begiratu zien, eta ondoren:

— Esate baterako, Tarrou, amodio batengatik hiltzeko gai izango al zinateke?

— Ez dakit, baina ez zait iruditzen, orain ez behintzat.

— Horra. Eta ideia batengatik hiltzeko gai izango zinateke, argi dago hori. Ba, nazka-nazka eginda nago ideia batengatik hiltzen den jendearekin. Ez dut heroitasunean sinesten, badakit hori erraza dela eta hilgarria ere badela jabetu naiz. Nire ardura maite denarengatik hiltzea eta bizitzea da.

Izurria antzerkian

Setioa antzezlanekoa proposamen berritzailea zen idatzia zegoen garaian: teatro-genero ezberdinetako elementuak uztartu zituen Camusek testu berean. Portua duen herri harresidun batean kokatu zuen Camusek antzezlana, Cadizen. Testuan bat egingo dute maitasun istorio baten hariek bufoiarekin irudiarekin, dialogo klasikoak koro baten oihartzunarekin. Egileak berak aipatu zuenez “espresiobide dramatikoaren forma guztiak nahasten ahalegindu naiz, bakarrizketa lirikoetatik eta teatro kolektiboraino, tartean pantomima, dialogo singlea, fartsa eta korua”.

etat_de_siege_L12

Jean-Louis Barrault antzerki zuzendariaren enkarguz abiatu zen Setioa proiektua (1948an estreinatu zen L'État de siège). Antzezlanean protagonista izurria bada ere, Camusek izen bereko nobelarekin zerikusirik ez zuela nabarmendu zuen “ez da inola ere ez neure nobelaren moldaketa bat”.

Izurriaz eta antzerkiaz ari garelarik berehala etor liteke burura Antonin Artauden erreferentzia, hark teatroa eta izurria parekatuz idatzitakoak. Camusek berak ohartarazi zuen Setioaren argitalpenean ez dagoela Artaudekiko loturarik ere. Camusengana jo baino lehen, Barraultek Daniel Dafoeren A Journal of the Plague Year (1722) pentsatua zuen oholtzaratzea.

Camus bi lanen arteko lotura lausotzen saiatu bazen ere, garai bertsuan idatziak dira, eta lan biek uzten dute agerian giza izaeraren ondoeza. Kasu:

(Epaile batek): “Traizionatuko du. Mundu guztiak traizionatzen du, mundu guztia delako beldur. Mundu guztia da beldur inor ez delako purua”.

Setioan izurria Cadizera iritsita botere berria eta gizarte antolakuntza berria sortzen da hirian, eta botere horren inguruko gogoeta gogorra:

(Izurriaren idazkariak herriari:) “Gure uste osoa da zuek errudun zaretela. Gobernatuak izateagatik errudun, noski. Eta zuek ez zarete errudun sentituko akiturik ez zaudeten arte”.

Lan ezberdinak izan arren, batera irakurtzeko modukoak. Sarri bezala, Armiarman topatuko duzue euskaraz dagoenari jarraitzeko bidea.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)