Amuak

Joan Vinyoli idazlearen poemak

Asteartea, 2015-01-20

Joan Vinyoli poetaren lana ezagutzeko bi aukera arrantzatu nahi izan ditugu gaur: batetik, Aritz Galarragak armiarma.com-en eskutik zabaldu berri dituen hamar poemak, bestetik, haiek eta beste batzuk hartuta Celosamente Gordea irratsaioko kideek egin berri duten saio monografikoa.

Joan Vinyoli Gerardo Markuleta-ren eskutik ezagutu ahal izan genuen euskaraz, 1997an Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Vinyolirekin batera zetozen Josep Carner, Carles Riba, J.V. Foix, Joan Salvat Papasseit, Pere Quart (Joan Oliver), Salvador Spriu, Gabriel Ferrater eta Vicent Andres Estellés. hemen irakurri daiteke edizio hura osorik. 2014an berrargitaratu zuten liburua hitzaurre berria gehituta, eta guztiz zuzenduta.

Eskaintza hura osatu berri du Aritz Galarragak, armiarma.com-en plazaratutako hamar poemen bitartez. Honela aurkeztu ziguten emailua abenduko azken egunetan:

1914ko uztailaren 3an Barcelonan jaioa, 2014an gogoratu da Joan Vinyoli poetaren mendeurrena. Carles Riba eta R.M. Rilkeren poetikaren jarraitzaile, errealitatean iltzatutako poesia existentzialista eta metafisiko baterantz egingo du, batik bat 1970eko hamarkadatik aurrera, 1984an zendu zen arte. 500etik gora poema argitaratu zituen, hona hemen haietako batzuk, Aritz Galarragak euskaratuak.

Abiapuntu horietatik, Celosamente gordea Hala Bediko irratsaioan saio monografikoa osatu dute Manex Agirrek eta Gaizka Amondarainek, ohi duten bezain harribitxi eta eder:

Joan Vinyoli Bartzelonan jaio zen XX. mendearen hasieran, eta bertan hil, mendearen amaieran. Bere hainbat poema euskaratu zituen Gerardo Markuletak, “Zenbait poema katalan” antologiarako. Beste hainbat ekarri ditu berriki, Aritz Galarragak.

Biografia eta eraginak irakurri dizkiogu, baina ez dugu besterik gogoan: mediterraneo apur bat behar dugula une honetan. Eguzki-galdatan dauden arratsalde amaigabeak, gonbidapen jarraikor bat den itsaso luze bat. Narras datorren ezinegon bat, kezka nekatu bat, lastozkoa, itzalpean. Hor doa aukeraketa bat, celosamente gordea.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)