Amuak

Komikiak ikusi ditut (erakusleihoetan?)

Osteguna, 2014-06-19

Mikel Lizarraldek Berrian plazaratu duen artikulu interesgarria gogoan jo dugu Baleak ikusi ditut liburu kaleratu berrira. Javier de Isusi bilbotarrak sortu du Astiberri argitaletxearen eskutik, Bego Montoriok egin du itzulpena.

Lizarraldek planteatu zuen kezka “beste hizkuntza batzuetan lortu duen lekua, masa kritikoa eta prestigioa falta ote zaion nobela grafikoari euskaraz. Hori ustea. Oraindik ere marrazkiak bakarrik haurrentzako lanetan edota egunkarietako zintetan daudela. Eta helduentzat direnean, hitz politak bai, baina oihartzun handirik ez dutela izaten”.

Aspaldiko kezka islatzen du Lizarraldek, horregatik egingo zaio deigarria komiki zaleari, ezinbestean, Astiberrik egin berri duen proposamena: Baleak ikusi ditut plazaratu du, Javier de Isusiren jatorrizkoa gazteleraz batetik, Bego Montoriok sortutako euskarazko itzulpena bestetik. Prestigio handia erdietsi du Astiberrik azken urteetan komikigintzaren arloan, apustu handia egin baitu era eta estilo ezberdineko lanak edizio txukunean plazaratzen eta zabaltzen. Javier de Isusik berak argitaletxearen hasierako urteetan kaleratu zuen bere lehengo lana, gerora tetralogia baten protagonista izango zen pertsonaiarekin: “Los viajes de juan Sin Tierra” zuen izena sailak, La pipa de Marcos lehen tituluak, Vasco pertsonaia nagusiak. 2004an plazaratu zuen liburua 2001an sortutako argitaletxeak.

Bilbon kokatutako argitaletxearen katalogoan etsipenez bilatuko zituen komikizaleak euskarazko erreferentziarik. Egin izan ditu ahalegin pare bat (Neil Gaiman-Dave McKeanen ezagunen Otsoak hormetan, besteak beste), eta haien salmenta emaitza eskasei egotzi izan diete jarraipen falta. Baleak ikusi ditut honekinberreskuratu omen du argitaletxeak euskarazko proposamenenen haria, kasu honetan egilearen beraren eskariz. Argitaletxeko arduradunek esan izan dutenez ondo ateraz gero jarraipena izan dezake apustuak.

Lizarraldek bere zutabean aipatu duen moduan, besteak beste Txalaparta argitaletxeak egin du maila horretan ahalegin handia azken urteetan. Habiak izan da azkena, Baleak ikusi ditut honen antzeko proposamen batekin, kasu horretan euskaraz delarik Dejabu antzerki taldeak eta Maite Gurrutxaga ilustratzaileak sortutako jatorrizkoa. Itzulpenen arloan bidegile izan zen Paul Austerren Kristalezko Hiriaren argitalpena, Harkaitz Canok itzulia; merezi baino oihartzun eskasagoa izan du Munduko bandarik txarrenak, Jose Carlos Fernandesek sortu eta Bego Montoriok berak itzulia.

Baleak ikusi ditut honekin bide berri bat zabal liteke, hori desio du, segur, komiki zaleak. Gaiaren erabilerak eta hura plazaratzeko momentuak sor litzakeen gomutak gora behera (abagune “historikoa” ala “komertziala”?), bikaina da Javier de Isusiren lana, azpimarratzekoa akuarelaren teknika erabiltzeko gaitasuna. Berriak berak liburuaren aurrerapen bat kaleratu zuen, Iñigo Astizek eman zigun notizia, eta hona hemen Patxi Zubizarretaren hitzek lagundutako aurkezpena:

"BALEAK IKUSI DITUT"

baleak ikusi ditut

Proventzako kartzela batean ezagutuko dute elkar Josuk eta Emmanuelek; bata etakide ohia da, bestea berriz, GALeko kide ohia. Handik ia mila kilometrora bizi da Anton, Josuren txikitako laguna; ETAk aita hil zion hogeita bost urte lehenago, eta heriotza horren itzalean bizi da oraindik ere.

Javier de Isusik –Los viajes de Juan Sin Tierra komiki sailaren egileak–, gertakizun erreal batean oinarria duen nobela grafiko zirraragarria proposatzen digu oraingoan; elkarren kontrako bideak ibiltzea suertatu zaien hiru pertsona dira protagonistak, eta, hala ere, elkarrekin topo egin nahi dute, pertsona moduan topo egin.

Dokumentazio lan handia egin du Isusik, eta funtsean gertaera erreal bati lotu bazaio ere, argi utzi du bere jarrera “ez dut narrazio historiko bat edo kazetaritza-kronika bat egin nahi izan, ezta nire bizi esperientziatik urrun dauden pertsona batzuei gertatutakoa kontatu ere, nire ahaletatik kanpo baitago hori. Komikian agertzen diren pertsonaiak asmatutakoak dira, eta ondo dokumentatu naizen arren, neure barnean egin dut bilaketa handiena: nola sentituko nintzateke halako egoera batean banengo? Horixe da neure buruari etengabe egiten nion galdera, pertsonaien larruan sartu nahi nuenean”.

Bilboko egileak onartzen du, halaber, “muga eta baldintza politiko, sozial eta pertsonal askoren ondorioz, erabaki nuen berez atera behar zitzaidala istorio hau, bestela ez nuela kontatuko; hau da, bide horretan gidatuko ninduten pertsona egokiak topatzen banituen eta haiek laguntzeko prest bazeuden, gidoia erraz sortzen bazen”.

Patxi Zubizarreta idazlea honela mintzo da komikiaz: “Hona Javier de Isusik irakurleoi egiten digun erronka intelektuala eta emozionala. Hona Euskal Herriko historiaren azken lau hamarkada zurrunbilotsuen halako ikuspegi zabala. Eta hona, finean, narrazio urdin-horixka eta gordin bat guk zer pentsa eta zer sentitu izan dezagun, alegiaren kutsua hartzen duen itsasaldi ekaiztsu honetan axolagabe gera ez gaitezen, agian balearik ikus dezagun...”.

 isusi

Javier de Isusi (Argazkia: Berria)

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)