Amuak

Leonard Cohen (I): euskarazko arrastoak

Euskal literaturan eragindako lerro batzuk Asteazkena, 2011-09-07

Irailaren 21ean beteko ditu Leonard Cohenek 77 urte. Edozein aitzakia da ona musikari baino lehen idazle gisa abiatu zen egilearen lanean murgiltzeko. Cohenen ibilbidean estu lotzen dira poesia, letren kalitate literarioa eta musika, poetika bera eta bakarraren aldeak osatzeraino. Euskarazko literaturan eta musikagintzan ere bere lanak utzi du arrastorik.

Belaunaldi ezberdineko idazleen lanean topa litezke arrasto horiek. Xabier Letek euskaratu eta kantatu zituen esaterako 'Suzanne' eta 'Bird on the wire', Abestitzak eta poema kantatuak liburuan topa daitezke letrak:

Bird on the wire

Txoriak kaiolan
mozkorrak gauez bezala
libre izan nahi nuen, alferrik.
Arrain bat amuan,
zaldun bat banintz bezala,
zugana itzuli naiz beti.
Krudel izan baldin banaiz
ahaz dezazun nahi nuke oraindik,
leial izan ez banintzen
zurekin leial nahi nuen izan.

Piztiak, urduri,
beldurrez, haurrak bezala,
puskatu dut emandako maitasuna.
Baina gaur zin dagit
xukatuko dizudala
gaizkiaz sortu nizun negarra.
Krudel izan baldin banaiz
ahaz dezazun nahi nuke oraindik,
leial izan ez banintzen
zurekin leial nahi nuen izan.

Igor Estankona poetak 'Zatoz' poemari atxiki zion Cohenen aipua Anemometroa bere lehen liburuan:

Nire gorrotoak ez du amaierarik ezagutzen
zure besoetan ez bada.

Letren bidean haztamuka, Juan Luis Zabalaren poema hau topatu dugu Inon Izatekotan blogean.

Leonard Cohenen semea

Leonard Cohenen semea
zaindu dut ametsetan
neure besoetan hartuta.
Beste umeak bezalakoa da,
txikia eta ahula, babesgabea,
zeurea eta neurea bezalakoa,
baina Leonard Cohenena.
Nahikoa zen hori jakitea
jabetzeko besoen artean nuela
inoizko trinkoen atondutako
tristuraren etorkizuna.
Leonard Cohenen semea
zaindu dut ametsetan
neure besoetan hartuta.
Eta zaintzen jarraitzen dut,
nahiz eta besoetan ez bildu,
Leonard Cohenen semea
zaintzen esnatu eta gero ere.
Beste umeak bezalakoa da,
txikia eta ahula, babesgabea,
zeurea eta neurea bezalakoa,
baina Leonard Cohenena.

Inon izatekotan, 2008-07-16

Zabalak berak euskaratu zuen, hain zuzen ere, Cohenek izugarri miresten duen Federico Garcia Lorcaren Poeta New Yorken lan ezaguna. Parentesia zabaldu eta Lorca eta Cohen izenei Enrique Morenterena gehituta ekarriko dugu gogora eder bat ere: Omega.

2009ko irailean egon zen azkeneko aldiz Cohen Euskal Herrian. Nekearen lepotik aritu zen kantuan ia hiru orduz, Biharamunean behera egin zuen Cohenen oholtzako grina: Valentzian hasi eta gutxira geratu zen bertan behera kontzertua.

Lehenago ere egona zen Euskal Herrian. 1980ko Oh! Euzkadi aldizkariaren 6. alean kasu, Cohen-zaletasunaren beste aurpegi bat eskaini zuen Iker Bidegorrik, haren kontzertuaren kronika eginez. Oh! Euzkadiren orrietan dago, hain zuzen ere, euskaraz topa daitekeen Cohen-en testu bakanetako bat.

Nabarra aldizkariak Coheni buruzko erreportaje berezia egin du berriki Irati Jimenezen eskutik, Tower of song eta Hallelujah letren itzulpena barne. Nabarra aldizkariaren ekaineko alean topatuko duzue paperezko diseinu erakargarriarekin; guk testua bere horretan bildu dugu Amuak atalean.

Ezagutzen duzue euskal literaturaren orrietan Coheni egin zaion beste erreferentziarik?

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)
  • 64x64

    "Prosazko bi erreferentzia aurkitu ditut. Pako Aristi: "Gaztetzen hasi ginenean, gure erreferenteak Bob Marley eta The Wailersak ziren, Neil Young, Leonard Cohen, Errobi, Potato..." (Gelatxo - soinuaren bidaia luzea, Euskal Herriko Trikitrixa Elkartea, 2001, 8. orr.) Xabier Mendiguren Elizegi: "Arrazoia edozein izanik ere - eta guztiaren nahasketa izango zela susmatzen dut nik -, bakarrik etxeratzen zen Hankapalo gauero, eta etxeratu ostean kantu gero eta malenkoniatsuagoak jarri ohi zituen musika-aparatuan: Leonard Cohen, Moustaki, Antton Valverde..." (Arima enkoniatuak, Elkar, 2006, 118. orr.)"

    2011-09-11 12:32Antonio

    "1985ean, Legazpin kaleratu zen Hotsizki aldizkariaren lehen zenbakian Aitor Aranak ere euskaratu zuen Leonard Cohenen kantu bat: Goizean maite izan zintudan./ Gure musu sakon eta beroak./ Zure burua burkoaren gainean,/ ametsezko ekaitz urreztatua bezala./ Bai, askok maite zuten elkar guk baino lehenago./ Badakit ez garela ezer berririk./ Hiritan eta basotan,/guk bezalaxe egin zuten farre./ Baina ez gaitezen gehaigo mintza/ maitasunaz edota kaleez eta/ askatu ezin ditugun gauzetaz./ Zure begiak gozoak dira goibel daudenean./ Adizu, hau ez da agur esateko era. Ez dakar titulurik, baina inondik ere "Aizu, hau ez da agur esateko era" (Hey, That's No Way To Say Goodbye) kantuaren ahapaldi bat da (bestea falta). aio"

    2011-09-15 15:41Mikel Elorza