Amuak

Lydia Davis: laburrean trebe

Mikroistoriak idazten aritzen da erosoen idazle estatubatuarraAsteartea, 2015-07-07

Berrogei urte inguru daramatza Lydia Davisek mikroistorioak idazten, beste hainbat jardunen artean (tartean, saiakerak ere idatzi ditu, eta Marcel Prousten zenbait obra frantsesetik ingelesera itzuli), eta kontakizun labur-labur horiek ekarri diote sona nazioarteak. 2013an Man Booker nazioarteko sari ezaguna jaso zuen, eta orduz geroztik bere obraren berri are gehiago zabaldu da. Bere istorio labur guztien bilduma osatu dute orain gutxi, eta pieza horietako bi ekarriz dizkizuegu amu honetan.

Britannica entziklopediaren arabera, Lydia Davis idazle estatubatuarra da, bereziki ezaguna bere istorio idiosinkratiko eta ikaragarri laburrei esker. Istorio horietan, betiere entziklopediaren arabera, gertaera munduta eta errutinazkoak modu oso bizian behatzen eta deskribatzen dira. Bat gentozke horretan. Davisek, bere istorio labur askotan, eguneroko gertaera bat hartu eta begi ezin zorrotzagoekin, labanen gisan, hesteak ateratzen dizkio. Dena bare dagoen egoera batean, jendearen ezinegonaren zantzuak ezinhobeto harrapatu eta islatzeko gai da. Animaliak sarritan agertzen dira Davisen istorioetan, beti gizakien  zikintasunaren edo jarrera bitxien edo asaldaduraren erakusgarri. Etxeak, sukaldeak, auzoak, beti gertuko tokiak, hatzean artean harrapatzeko moduko tokiak dira Davisen istorioen kokaleku.

Hurbiltasun hori aise azal dezake Davisen idazteko moduak. Egunero esertzen da, hainbat orduz, eta inguruan ikusten dituen gauzei buruzko oharrak hartzen ditu. Davisek argi lagatzen du, hala ere, berea ez dela idazketa automatikoa, eta aipatutako ohar horiek ez dira burua libre utzita okurritzen zaizkion kontuak, ezpada hausnarketa, oroitzapen edo deskribapen zehatzak. Sarritan, ohar horiek eurak dira istorioen abiapuntu, istorio argitaratu bilakatzen dira autoreak hainbat zirriborro egin ostean. Jarraian, pare bat zirriborro definitibo.

GALDUTAKO GAUZAK

Galduta daude, baina era berean ez daude galduta ezpada munduko tokiren batean. Gehienak txikiak dira, nahiz eta bi handiagoak izan, bata jaka bat eta bestea txakur bat. Gauza txikien artean, bata eraztun jakin bat da, bestea botoi jakin bat. Nigandik eta nagoen tokitik galduta daude, baina era berean ez dira joanak. Beste nonbait daude, eta hortxe daude beste norbaitentzat, akaso. Eta ez badaude hor beste norbaitentzat, eraztuna, hala ere, ez dago bere buruarentzat galduta, ezpada hantxe bertan, soilik ez juxtu ni nagoen tokian, eta botoia, baita ere, hortxe, oraindik, soilik ez juxtu ni nagoen tokian.

SAGUAK

Saguak bizi dira gure paretetan baina ez dira gure sukaldera ausartzen. Pozik gaude baina ez dugu ulertzen zergatik ez diren gure sukaldera etortzen, gure auzokoen sukaldeetara joaten diren moduan, bertan baititugu tranpak. Pozik bagaude ere, minduta ere bagaude; izan ere, saguen jarrera ikusita badirudi gure sukaldea ez dela behar den modukoa. Harrigarriena zera da: gure sukaldea geure auzokoena baino askoz nahasiago dago. Gure sukaldean janaria dago edozein xoko-motan, ogi-apurrak mahai-gainetan eta tipul-azal zikin-zikinak armairuen zokoetan pilatuta. Are gehiago, hainbeste janari dago sukaldean suelto ezen saguak eurak gaindituta sentitzen baitira. Sukalde txukun batera joaten direnean, beraientzat erronka bat da udaberrira arte bizirauteko adina janari topatzea, gauz gau. Pazientziaz ehizatzen eta karraskatzen dute, orduz ordu, asetu arte. Gure sukaldean, aitzitik, beraien ohiko bizipenetik hain kanpo dagoen zerbaiti aurre egin behar, eta etsi egiten dute. Akaso pare bat pauso egiten dituzte aurrerantz, baina, berehala, paisaia eta usain zirraragarriei erreparatu eta korrika itzuliko dira beren zuloetara, deseroso eta lotsatuta, ezin dutelako, beharko luketen gisan, dena itzulipurdikatu.

Lydia Davis bere istorioetako bat irakurtzen:

Agur, Louise

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)