Amuak

Lyn Hejinianen bizitza

LYN HEJINIANEN NIRE BIZITZA LIBURUKO PASARTE BAT AMU GISAOsteguna, 2015-01-15

Gaurko amuetan aspaldi pasada antzean deskubritutako autore bat erreskatatu nahi izan dugu, bere proiektu berritzaile eta esanguratsuenetako bat ekarri. Lyn Hejinian poeta estatubatuarrari buruz ari gara, eta My Life (Nire bizitza) lanaz, autobiografia ezin pertsonalago bat baita. 37 urte zituenean idatzia, urte bakoitzari poema bat eskaintzen dio, nola edo hala urte hori laburtzen duena. Bai kritikak bai irakurleek oso harrera beroa egin zioten, hain beroa ezen hamar urte beranduago bigarren bertsio bat argitaratu zuen poemak luzatuz eta gehituz.

Autorea

Lyn Hejinian, 1941ean jaioa, Kaliforniako Oakland hirian. Ezaguna da, batez ere, poeta gisa, eta 1970eko hamarkadan Language Poetry (Hizkuntza-poesia) mugimenduaren bultzatzaileetako bat izan zelako. Korronte horretako autoreek abangoardiazko poesia egiten dute, esperimentazioaren bidetik, lirikotasun handiko lerroak idazten dituzte, beraien komunitateri eskainiak batez ere, eta forma ez-narratiboak eta ezohikoak nagusi izan arren, eguneroko bizitzako gai politiko eta sozialak sarritan hartzen dituzte hizpide. Lengoaiari buruzko gogoeta funtsezkoa da poeta hauen langintzan. Juliana Spahr poetak, adibidez, Lugwig Wittgensteinen esaldi famatuarekin lotu du Hejinianen obra: Nire mintzairaren mugak ditut nire munduaren muga.

Idazle benetan oparoa, hogeitik gora poesia-bilduma argitaratu ditu, batzuk lau eskutara, eta hainbat lan itzuli ditu ingelesera.

Liburua

Hogeita hamazazpi urte zituenean idatzi zuen Lyn Hejinianek My Life poesia narratibozko liburua, eta 1980an argitaratu. Adinarena aipagarria da, zuzenean baitago lotuta lanaren ezaugarriekin. Autobiografia bat da hau, hogeita hamazazpi testu/poematxo/txatal laburrez osatua, hogeita hamazazpi esaldik osatzen dute aldi berean puska bakoitza. Esaldi bakoitzak osoa eta autonomoa izan behar zuela aldarrikatzen zuen Hejinianek, esaldi bakoitzak esanahia izan behar zuela berez, beste esaldien artean esanahi hori aldatu zitekeen arren.

Kritikak eta akademiak harrera beroa egin zioten lanari, eta irakurleek ere gogor gorde dituzte obrako esaldi batzuk gogoan. Arrakasta horren harira, 1990ean, liburuaren edizio berritu bat kaleratu zuen poetak, My Life in the Nineties (“Nire bizitza 90eko hamarkadan” izenpean), kapituluak eta esaldiak gehituz, dagoeneko ez baitzituen 37 urte. Pasarte-poema txiki horietako bat ekarri dizuegu gaur. On dagizuela.

tumblr_mbedouRfMS1r0mhdwo1_500

Hala ere tematzen gara bizitza aukera zoriontsuz mukuru dagoela

Leihoak zabalik zeuden eta goizeko airea beteta zegoen, lila eta beste zuhaixka loretsu ilunagoren bat usaintzean, txorien txorrotxio marroi eta piolariekin. Horrelakoak baitira, soilik isiltasuna eta garrasiak badituzu. Arteak, baita ere, loturak dira. Ideia bat irudikatzen dut iristen naizenean, gure talkara. Behingoagatik, edozein izan zitekeen zoriaren haurra. Euriak ere ez zuen barbakoa hondatu, kutsatutako trafikoaren atzeko patioan, paisaia batean barrena, itsasertz baten luzeran. Askatasuna orduan, askapena beranduago. Gu zaintzera etorri zen justu matxinaden osteko urte arazotsu haietan, eta esan zigun amets egiten zuela finantza-auzoko guztiak tiroz hilko zituen egunarekin. Telefono hori ez da brontosauroen ile bat baino. Kafea edaten ari zirenek estasiatuta erantzun zuten. Zure txakurra gelatik kanpo geratzen bada, arkakusoak harrapatzen dituzu. Etenaldietan ekintza jaitsi egiten da. Gutxitan egoten naiz nire ametsetan nire haurrak gabe. Alabak kontatu zidan behiala zera ikasi zuela eskolan, iceberg batean eseritako pertsona bat dela poeta, izotzetan urtzen dihoana. Segurtasunaren poesia bat da. Urrutian, kalean behera, praktikatzen diharduen sopranoak haize leuna jaurtitzen du. “Zur eta lur geratzea maite” dugunoi dagokionean, diruak dirua dakar, zorteak zortea dakar. Aurre egiten du, bidean segitzen du. Klasearen ezagutza eta ez paisaia – oraindik, han eta hemen, 1969an, kolektibitatearen irismena senti nezakeen. Orainaldia izan zen bolada labur batez, eta ez garai hartan pentsatzen genuen bezain berria, orainaldia beti gerraren ostean. Ordudanik zaila egin zait nire denbora besteekin partekatzea. Gela horretako horia berriro da lo-kuluxketako horia, bera zain egoten zen tokikoa, nekerik gabe, federik gabe, egun gehiago etor zitezen. Esan zuten sineskortasuna zela burgesiarentzako alternatiba. Ura eta txakurrak esango diogu. Arrazoiak bi bilatzen ditu, hortik abiatuta antolatzen du ondoren. Baina batek irudika dezake ero bat maiteminduta. Agur; nahikoa da, ondo egon da. Bazegoen eten bat, lore bat, zerbait paperan. Akaso ezetz esango dut, baina ez naiz urrunduko. Desirak beti dakarrelako lotsa. Hondartzan, beroaldi fresko batekin. Haurrak kanpora begiratzen du. Fruituak sasietan gordetzen dituzte, kableetan, txorientzako erreserbatuta. Urrunean, eguzkia txikia da. Ez zen ganorazko Gabonik egon bera hil ondoren. Ekaitz garaile horrek belauniko utzi zuen hiria. Arrotz natzaio behiala izan nintzen neskatoari, eta gehiago – arrotzago. Baina nire bizitzari buruzko kontu asko aipatzeke utzi beharko genituzke, aise ordezkatzen dira. Kraskatutako espazio batean esertzen da bat. Ereduek kanporako erretratu bat sustatzen dute, isiltasun txiki txurien artean. Zuhaitz handiek hezetasun guztia xurgatzen diote gau lehor bat dirudienari. Islek ez dute gerizarik ematen, baina itzalak badira, eta badagite. Talkaren izaera ulertzeko, horretara eraman zuten mugimenduei buruz jakin behar da zerbait – alegia, historia bat. Begiratu zidan eta irribarre egin zuen eta begiradari eutsi zion, eta, horrela, adiskidetasuna erotiko bilakatu zen. Bere hirustaz gabetua zen zortea.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)