Amuak

Maiakovski, errezitaldi garaikideen aitzindari

Astelehena, 2015-03-30

Vladimir Maiakovski jendaurreko errezitaldien aroan zabaldutako bideak izan ditugu mintzagai amu honetan, batez ere hark hitzaldietan esandakoak gogoan.

Vladimir Maiakovski, lagunentzat Volodia, Bagdalin (Georgian) jaio zen, XIX. mendearen amaieran. Goiz samar gelditu zen umezurtz, eta gazterik Moskura egin behar izan zuen familiarekin. Hango giroan murgildu zen zarismoa eraitsi nahi zuten talde boltxebikeen artean. Bere ibilbide artistikoa ekinbide iraultzailearekin batera hazi zen. Asko hitz egin liteke haren lanari eta ibilbideari buruz, gogora ekar dezagun behintzat, poesian eta teatroan eragin handiko sortzaile-ekintzailea izan zela: Meyerhold-en garaiak ziren haiek, eta errusia aldean teatrogintzan orduan astindu ziren bulkadek eragina izan zuten Piscator, Pirandello eta Brecht bezalakoen lanetan, egungo joera garaikideek ere ez dituzte urrun sentitzen orduko apustu dramaturgiko nagusiak.

Testuinguru historikoa aldatu da, baina ez hainbeste egungo jendarteak artearekiko harremanean dituen tentsioak eta gatazkak. Garai hartako jendarte eredu zenbaitetan artea gutxi batzuen esku zegoen, errituaren zereginaz urrun. Maiakovskik sakon gomutatu zuen artearen funtzioaz eta balioaz, tartean poesia bezalako genero baten plazaratzeko eraz. Posible zen elitismoaren atzaparretatik egotzi poesiaren hatsa, poesiak berak hizkuntza aldetik izaera elitista hartua zuenean?

una bofetada

Zaflada gustu nagusiari izeneko hitzaldian argi eta garbi utzi zuen Maiakovskik bere jarrera: “liburu bat gutxi batzuen kontsumora bideratzen bada, beste inolako helbururik gabe, ez du ezertarako balio”. Baina Maiakovskiren ustez bada gutxi batzuengana iristeko bestelako arrazoi bat ere “gutxi hauek ez direlako kontsumitzaileak, produktoreak baizik. Liburu hauek masentzako arte baten eskeletoaren hazia izango dira horrela”.

Nolanahi ere, alde handia dago Maiakovskiren hasierako eta azken aldiko poemen artean, neurri handi batean langile giroetan egindako errezitaldi ugarien ondorioz “artea jaiotzen denean ez da publiko zabal batentzat izaten, soilik esfortzu handi baten ondorioz lortuko da hori; azterketa kritiko bat egin ostean, bere erabilgarritasuna jarraia eta eraginkorra den aztertun eta gero”. Aipatutako hitzaldian bertan honakoa aldarrikatuko du poeta ekintzaileak: “bertsorik konplikatuena ere idazleak berak bizpahiru hitzekin argitu eta sarrera txiki batekin aurkezten duenean -zer den eta zertarako den- interesgarriagoa eta ulergarriagoa bilakatzen da. Nire poeta-ibiltari kondizioari esker dakit hori, publikoarekin aurrez aurre egon naizen aldiei esker. Eta errezitaldietan baieztatu izan dut ere -doakoak ez diren errezitaldietan- garestienak diren lehen ilara horiek gehienetan hutsik egon ohi direla eta ordea pasabideak, sarrera eta aretoa bera jendez beterik”.

Maiakovskik eman zuen azken Hogei urte lanean hitzaldian bere ibilbidea aztertu zuen, buruaz beste egin ostean publikatu eta zabaldu ziren hitzetan. Susak 1993an publikatu zuen Maiakovskiren poemen antologia, Koldo Izagirrek euskaratua eta Iñigo Aranbarriren hitzaldiarekin. Ez ziren gutxi izan hasierako poemak gustukoago zituztenak, Aranbarriren hitzaurrean topatu dugu honako aipamena: “Maiakovskik berak aitortuko du hil aurreko azken hitzaldian hasierako poema hauek zirela ilunenak eta ulertzeko arazo gehien sortarazten zituztenak. Laburraren indarra, esaldien jasotze estiloa, berba berrien sortzea, esku artean lehertzen zen aldartea zen gehienentzat. Eta hutsa bakarrak balira. Perpausak eten egiten ziren, bi hiru hitz aski ziren lerroko, irakurtze aldera eginak ziren poemek handiagoa egiten zuten behin behinekoaren trabesa. Entonazioak du indarra eskailaran. Erritmoak. Ahotsak. Kontrako argudioak berri batez gizenu ziren ohearen zurian irakurtzeko poesia baino ikusten ez zutenen aldetik”. Maiakovskik berak hitzaldi hartan esandakoak dira, berriz, hauek:“Estetek oihu egiten didate: 'Hain bertso onak idazten zenituen, Hodei prakaduna eta, eta bapatean gauza hauek egiten hasten zara!'. Nik beti idatzi izan dut badela ingeniarien poesia bat, teknikoki hornitua, baina badela bestela jantzitako masa poesia bat, langileen ekipoaz jantzia”.

Hitzaldiaren amaiera aldera berriz ere hartuko du afera: “Klasiko batek ez du betirako gordeko bere abangoardia izaera. Ikasi eta maita itzazue bizirik izan ziren garaiari lotuta. Baina ez zaitezte ostera etorri brontzezko ipurdi handiokin beren ibilbideari hasiera eman dioten poeta gazteen ibilbidea oztopatzera. Ez diot soilik niregatik, langile klasetik datozen ehunka eta milaka poetak ditut gogoan. Gezur mortala litzateke egun apenas zuzen idazten duen langile gazte bat anulatzea, gutxi barru nik baino hogei aldiz hobeto idatziko duenean”.

Hala ere, ator horaila eta behako sakona duen pertsonaia sortu zuen bere buruarekin, baina eraldaketa bultzatu eta gero pertsonaiak berak eta sistemak suizidatu zuten gizona “ikusi ez dudanaz ez idazten saiatzen naiz”. Ikusi zuenak ebaki zion, segur aski, jarioa.

Hauxe ian duzue Maiakovskiren poesia eta haren hitzaldien irakurketan murgiltzeko amua. Inoiz aztertzekoa litzateke, arte eszenikoen arloan nolabaiteko azpigeneroa osatzen duen poesia errezitaldiena ez ote zen, modu garaikide eta performatibo batean, Maiakovskirekin hasi.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)