Amuak

Pablo Barrio eta munduaren amaierako lekua

Ostirala, 2021-02-12

Pablo Barrio Armiarmategian (Isil mihisilka) bezalako antzerkiak idatzen ezagutu dugu orain arte. Aste honetan El sitio del fin del mundo lana plazaratu du Txertoa argitaletxearen eskutik, narrazioa, poesia eta antzerkiaren artean kokatu behar genukeen lana. Amuak atalean irakurri dezakezue elkarrizketa laburra.

Pablo Barrio: "Narratiba katamotza edo jaguarra edo halako felino bat litzateke, lau hanka azkarrak ditu, ziztu bizian iristen da liburudenden apaletara, lehenengo orrialdetara eta arrakastara. Narratibatik urrun, poesia etorriko litzateke, poesia dortoka litzateke, lau hanka baina oso motelak, nekez iristen da apaletara, gutxitan arrakastara, baina tira, noizean behin iristen da. Azkenean, poesiatik oso-oso urrun, antzerkia dator, barraskiloa litzateke, hanka bakarrekoa, arrastaka beti, inoiz ez da apaletako arrakastara iristen."

"Orain arte behintzat, inoiz ez dut idatzi istorio jakin bat kontatzeko, istorioa albo ondorioa izan da. Benetan garrantzia duena da idazketa bitartean sortzen dena, batzuetan nahita bilatuta eta beste batzuetan bidean sortzen direnak."

el-sitio-del-fin-del-mundo-txalaparta-eus

Orain arte antzerki testuak ezagutu dizkizugu; lehen kolpean, El sitio del fin del mundok bisualki poesiara garamatza, baina baita bertso-lerrotan banatutako antzerki motetara eta, noski, narratibara. Liburu honek zer du batetik, zer bestetik?

Bada, hiru generoetatik dauka zerbait nik uste, prosa, antzerkia eta poesiatik, liburu transgenero samar dela esango nuke. Berez, sakonean narrazio bat da, piraten narrazio bat, piraten nobela klasikoen forma har zezakeena batere arazorik gabe. Hala ere, taula gainean defendatzeko moduko bakarrizketa baten moduan irakur daiteke; antzerkiaren generoaren baitan kokatzekoa, beraz, bere akotazioak eta guzti. Akotazioak prosa narratiboaren forma hartzen duten testuak lirateke; taula gainekoaren gutxienezko azalpena emateaz gain berezko pisu narratiboa hartzen dute; balizko ikuslea narradore bilakatu eta oholtzaren gaineko emakumea eta bidaiari gaztearen arteko harremanaren berri ematen diote irakurleari, bigarren narrazio paralelo bat sortuz modu horretan eta narrazio nagusia osatuz. Bakarrizketaren korpus nagusia, ordea, emakume pirataren solasaren baitan dago. Eta ate honetatik sartzen da poesia: emakumearen solasak poesiaren formak hartzen baititu, lerro ebakiak zutabe moduan jarriak eta abar. Nik ez nuke poesiatzat hartuko, zentzu hertsian behintzat, nahiz eta puntualki kutsu poetikoagoa hartu. Baina modu horrek beste tempo, beste erritmo, beste kolore ematen dio irakurketari, ohiko narrazio batek ematen ez diona, eta poesiari hurbiltzen diona; poesiari eta ahozkotasunari ere bai, neurri batean.

Egia esan, liburu hau transgeneriko izan daiteke; baina, metafora zoologiko bat erabiliz eta genero literarioek merkatura eta irakurlearengana iristeko duten gaitasuna kontuan hartuz transgeniko ere bai. Zentzu honetan, eta bestiario bat eginez, narratiba katamotza edo jaguarra edo halako felino bat litzateke, lau hanka azkarrak ditu, ziztu bizian iristen da liburudenden apaletara, lehenengo orrialdetara eta arrakastara. Narratibatik urrun, poesia etorriko litzateke, poesia dortoka litzateke, lau hanka baina oso motelak, nekez iristen da apaletara, gutxitan arrakastara, baina tira, noizean behin iristen da. Azkenean, poesiatik oso-oso urrun, antzerkia dator, barraskiloa litzateke, hanka bakarrekoa, arrastaka beti, inoiz ez da apaletako arrakastara iristen. Katamotz, dortoka eta barraskiloaren geneak ditu El Sitiok, transgeniko horregatik; ea zeinek gailentzen duen, horrek argituko digu agian zer motako liburua den.

Zure aurreko libura, Armiarmategian estetikoki bazuen honekin zerikusirik. Urte asko dira hura plazaratu zenuenetik, hala ere badago hariren bat bien artean?

Bai, nik uste dut baietz, kontatzen diren istorioak oso desberdinak izan arren, lotura dezente dago bi testuen artean. Bien argitalpen artean denbora tarte handia egoteak ez du esanahi berezirik; istorioaren kontzepzioan edo planteamenduan dago lotura. Biak dira fabulak, fabula transgenero edo transgenikoak; bietan, poesiaren formak oinarrian dagoen narrazioa janzten du antzerkiaren txapelaren azpian bil daitekeen testu bat sortzeko. Genero edo osagai bakoitzak duen pisua edo ikusgarritasuna kasu bakoitzean desberdina izan daiteke, baina bietan generoen hibridazioa agerikoa da.

Bietan, fikzioak esperimentatzeko ematen dituen aukerak erabili ditut errealistak ez diren baina, aldi berean, modu batean edo bestean egungo errealitateaz ari diren istorioak sortzeko. Horretan ikusten dut nik lotura.

Zein izan da, funtsean, El sitio del fin del mundo idazten hasteko bulkada edo motorra?

Honetan ere, paralelismo batzuk badaude Armiarmategian antzezlanarekin. Bietan jolasa dago abiapuntuan, hitz baten edo hitz-joko baten bueltan. Hortik tira eta horren gainean zentzua eta koherentzia literarioa duen istorio bat sortzea izan da erronka. Kasu batean, tituluan agertzen den hitzak iradokitzen zidana. El Sitio del Fin del Mundoren kasuan gaztelaniazko hitz-joko fonetikoa dago oinarrian, istorioaren amaieran argitzen den hitz-jokoa, horren gainean eraikitzen dira istorioaren garapenean agertzen diren egoerak eta eszenatokiak: piratak, abordajeak eta abar. Bukaeran gertatzen den erasoa justifikatzeko sortzen da istorio guztia. Edozein kasuan, istorioa ez da helburua, istorioa aitzakia da, beste zerbaiten euskarri bat baino ez da. Orain arte behintzat, inoiz ez dut idatzi istorio jakin bat kontatzeko, istorioa albo ondorioa izan da. Benetan garrantzia duena da idazketa bitartean sortzen dena, batzuetan nahita bilatuta eta beste batzuetan bidean sortzen direnak. Kasu honetan ekintzaz betetako istorioa da, puntu punki samarra du batzuetan, gore ere bai noizean behin, eta neurri batean hori da bilatzen nuena, ez alde epiko edo heroikoa. Baina umorea eta komikiarekiko joera badago eta hori ez nuen bereziki bilatzen, berez atera da. Pirata emakumezkoa izatea ez neukan buruan hasieran, adibidez, baina gero konturatzen zara horrek beste esanahi ematen diola istorioari. Eta horrela beste elementu batzuekin.

Leku fantastiko batera garamatza istorioak, portuko taberna batera, piraten mundura... hala ere, fabula libertario baten gisa aurkeztu da liburua. Istorioak zer du aktualitatetik, garaikidetik?

Bai, forma kontuak albo batera utzita, nik fabulatzat hartzen dut, denboraz kanpoko taberna batean girotzen dena. Mundua laua zeneko garai batean kokatzen duena setio egoera, baina, arazorik gabe, gaur egungo bonba eta leherkariei erreferentzia egiten diena beste momentuan. Hori dauka fabulak, fikzio guztiz libre batez jolasteko aukera ematen du; fikzioak barne koherentzia eta sinesgarritasuna mantentzen badu, noski. Protagonista den pirataren izaera libre eta errebeldeak ematen dio kutsu, ez dakit libertarioa, baina bai errebelde eta menderakaitza behintzat; eta horrek ez du garairik ezagutzen, beti eman da eta beti emango da. Denon imajinarioan ezarrita dugu gizonezko pirataren irudia, emakumezkoa izateak berak, besterik gabe, transgresio puntu bat ematen dio. Tabernaren izena Flamenka izateak bakarrik, Donostiako Piratei keinu eta omenaldi moduan ulertu behar dena, badu gaur eta hemen esanahi bat.

Azken urte hauetan politikagintzan murgildua ibili zara neurri handi batean (Lasarteko alkate eta zinegotzi, kasu). Hankazikin publikatu zenuen iaz haur eta gazteei zuzendua, eta egun Ganbila antzerki bildumako edizio taldean ere bazabiltza. Antzerkia ere idazten ari zara, irakurri ahal izango dugu (edo oholtzan ikusi) laster zure testurik?

Zalantzarik gabe, politikaren lehenengo lerro horretan egon naizen denborak eten bat suposatu du nire idazle lanetan. Lotura horretatik libre, gustura jarri naiz berriro teklatuaren aurrean. Kasu batzuetan, garaian ordenagailuaren tripetan geratutako gauza batzuk berriro hartzen, orrazten, amaitzen; beste batean, Saramagoren antzezlanen bat euskaratzen; herriko Kukuka Antzerki Eskola eta Semblante Andaluzeko lagunentzat elkarlanean aurrera eraman nahi duten antzezlan bat idazten; haurrentzako horrelako testu transgeniko bat idazten; helduentzako antzerkian, berrogeita hamar urte barruko Erdi Aro Berrian kokatutako antzezlan bat, non gaur egungo estatuak desagertuta Ahaide Nagusi Berriek gidatutako munduan geure herriaz eta geure buruaz gogoeta planteatzen den… Gustuz eta kapritxoz egindako kontuak dira, noiz eta nola ikusiko duten argia, argia ikusten badute, auskaloko kontua da. Inongo aterik itxi gabe, oso garbi daukat antzerkia barraskiloa dela eta nekez iristen dela liburudenden apaletara. Jarraituko dugu hala ere.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)