Amuak

Palestina, numeroetan kabitzen ez diren berbak

Osteguna, 2014-09-04

Su etena sinatu berritan, Samara Velte idazle eta kazetariak sinatu zuen Berrian sentsazioaren laburpena den titularra: Garaile gutxi eta galtzaile asko. Erraiak, saminak, ezinak hunkitu ditu sarraskiak mundu osoan. Baita berbak ere. Besteak beste, Andreas eta Gudrunen edukiekin zabaldutako elkartasun txioen oihartzuna luzatu nahi izan dugu hemen. (Argazkia: Biladi Hadi proiektua).

“Zazpi asteko gerra odoltsua amaituta, Gaza bizitza arruntera itzultzen hasi da apurka. Hegi Babesgarria operazioak bi mila lagunetik gora hil ditu; asko zaurituta daude oraindik, eta 450.000 inguru, etxerik gabe. Auzoak, eraikin publikoak eta lantegiak suntsitu dituzte bonbek, eskualdeko jardun ekonomikoaren zati handi bat geldiaraziz”. Berria.

Elearazi blogean irakurri dezakegun post-ak ondo islatzen du ezintasuna: Juduak sionismoaren alde, Alemanian Israelen alde. Zaila da irudikatzen, Europa dela dioten zoko honetatik, saminaren neurria. Zaila numeroek diotena saminduen eta suminduen sentimenduekin neurtzen. Zaila izan den bezala, beste behin, gerra baten unean hitzek duten ezina, hitzei egiten zaien ezikusia.

Baina hala ere, gogoz zabaldu dira han hemen Palestinako idazle eta sortzaileen iritziak eta aipuak. Euskarazko txio oihularienen artean eduki egon dira Andreas eta Gudrunen edukiak, 2012 inguruan euskarara ekarritako berbak eta egileak zabaltzen:

"Begiak

Eskuak

Liburuak ditudan bitartean

Hatsa dudan bitartean

Etsaiari oihu egingo diot"

S. Al Qassim

Palestinako poesia garaikidearen bilduma bat” zabaldu zuten lau ataletan Baxir Xalax, Nahwan Darwix, Mahmud Abu Haxax, Zuheir Abu Xaieb, Abu Hawwaxeta Abu Loz, Walid Xeikh, Zakaria Mohammed, Aiman Ghabarijeh, Khaled Abdallah.

Darwish

Mahmud Darwix izan da luzez Palestinako poetarik ezagunena eta irakurriena. Koldo Izagirreri eta Itxaro Bordari zor diegu euskaraz irakurtzeko aukera. Lehenago Joseba Sarrionandiak jaso zituen bere poema batzuk Hezurrezko xirulak (Elkar, 1991) bilduman, eta ondoren Itu Bandakoek egin dute ahalegina.

Agian gerturatu zarete Garoa liburu dendak Donostiako Gros auzoan zabaldu berri duen lokalera. Hilero mahai bat paratzen dute, kolaboratzaile anonimo batek proposatutako liburu gomendioekin. Uztaileko zerrendan zen, hain zuzen ere, Mahmud Darwixen En presencia de la ausencia (Pre-textos) hain zuzen ere. Autobiografia poetikoa da Darwishen lan hau: autobiografiek izan ohi duten tonuei eta ajeei iskin egiten die bertan egileak, oroitzea asmatzea baldin bada neurri handi batean, zergatik ez guztiz agerian utzi? Poesiaren estetika eta lengoaiara eraman zuen lan honetan Darwishek autobiografia:

“Ez zaitez damutu… ez zaitez nahigabetu lo gelditu izanagatik eta hareazko liburuan erasotzaileren baten izena apuntatzeari utzi izanagatik. Inurriek idatzi egiten dute, eta euriak ezabatu egiten du”.

Ezinak ez zuen sekula urrundu Darwish ekintza poetiko-politikotik.

Elkartasun keinuak

Euskaraz plazaratu dira bestelako elkartasun keinuak ere, azkenaldian. Biladi Hadi proiektuak Palestinara brigada bidali ostean argitaratu zuen izen bereko liburua, "Hamaika begirada palestinari Euskal Herritik", argazkiz, hitzez, musikaz horniturik.

“Biladi hitzak arabieraz “nire herria” edo “nire lurra” esan nahi du, eta palestinarren ereserkiaren izenburua ere bada. Webgune honetan aurkituko duzuna da Biladi Hadi elkartasun brigada kulturalak, Euskal Herriko hainbat sektoretako hamarnaka pertsonarekin batera, garatutako proiektua. Biladi Hadi 2010ko uztailean eta irailean Palestinan izandako elkartasun brigada izan zen, kulturgintzan eta bestelako eremuetan lanean diharduten euskal herritarrek osatua: musikariek, kazetariek, pailazoek, bertsolariek, zinemagileek, eta ikasleek, besteak beste”.

Azken hilabeteetan Argiako blogean aletu dituzte, banan-banan, liburuaren emaitzak. Gertatzen denari adi jarraitzen dute proiektuko kideek, kulturgintzako hainbat eragileren babesaz Noa kantariari bidalitako gutun irekia horren lekuko.

Biladi hadi bildumatik lapurtu dugu kolaborazio hau, liburuaren orrietan murgiltzeko gonbite gisa:

M-Amuriza-IMG_0794-1024x697

Argazkia: Aitor Alustiza (Ni´lin. Harresiaren aurkako mobilizazioa)

Testua: Miren Amuriza, bertsolaria

Doinua: “Xoxo beltzak ikusi du”

Gogoan daukat umetan

lagun artean olgetan, (bis)

kukuka, ezkutaketan…

Zuhaitzen adarretan

zetorrena zetorrela

salbu sentitzen ginela.

.

Baina gerraren itzala

iritsi ta berehala, (bis)

han bonba, hemen bala…

Urteak pasa ahala

haurtzaroa dugu galdu

ta ez gara sentitzen salbu.

.

Zorigaitzeko harresi

hori nahi dugu gaitzetsi! (bis)

Gorrotoaren hazi,

nahiz ta lurrean hasi

eta lurrean amaitu

geu ere zatitzen gaitu.

.

Gudak guda, mugak muga

horizontea agertu da, (bis)

Amesten dugun hura

lor daitekeen lekura,

Noizbait gure begirada

bezain urrun joango gara.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)