Amuak

“Pankreas” antzezlana, oholtzan eta paperean gozagai

Ostirala, 2015-02-20

Patxo Telleriak idatzitako Pankreas antzezlana taularatu du Tartean Teatroak. Testuarekin liburua plazaratu du Tarteanek berak, antzerkia argitaratzeko egun dauden gabeziak ikusita aintzat hartzeko moduan.

Mikel Martinez, Joseba Apaolaza eta Patxo Telleria bera dira Pankreas antzeztera oholtzara igo ohi diren aktoreak. Lanaren azpitituluak emango dizkigu lehen argibideak: “gaur egungo tragikomedia bertsoz paratua”. 2014ko martxoan estreinatu zuten Arriaga antzokian, eta honezkero plaza ugaritan eskaini dute.

Hiru lagun dira protagonistak, “lehenak pankreasen transplante baten premia larria dauka. Bigarrenak suizidatzeko asmoa dauka hemendik urte batera, herentziazko Alzheimerrari izkin egiteko. Hirugarrenak proposamen bat egingo dio bigarrenari: suizidioaren epea aurreratzea, lehenengoari bere pankreasa emateko. Une hartatik aurrera ezusteko gertaerak bata bestearen ondoren etorriko dira, fisika modernoaren axioma bati men eginez: gerta daitekeen guztia, denik eta sinesgaitzena bada ere, gertatu egiten da noizbait”.

Pankreas liburua

Patxo Telleria eskarmentu handiko testugilea dugu, hala teatroan nola ikus-entzunezkoan. Aurretik ezagutu dizkiogu Artezblai argitaletxearen eskutik hainbat testu: Euskara sencilloaren manifiestoa (2003), Kontenedore baten istorioak (2003), Euskarazetamol (2010), Larru Haizetara (2010), Mikel Martinezekin batera osatutako Ez Dok Hiru proiektuaren barruan taularatuak. Haietan guztietan nabaria da hitz jolaserako joera, eta euskararen baliabideak umore absurduarekin uztartzeko abilidadea. Pankreasen beste urrats bat eman du egileak, eta bertsoz paratu du antzezlan osoa.

Liburuaren hitzaurrean azaldu ditu egileak berak zergatiak “aspaldi nerabilen buruan antzezlan bat hitz neurtuz idazteko asmoa. Baten batek galdetuko du ea zergatik. Niri ia pentsatu Gabe datorkit ahora erantzun zorrotza: zergatik ez? Zergatik ez erabili euskaraz, sikieran behin bada ere, europar tradizioan hain erroturik egon den moldea? Zergatik ez erabili antzerkian, gure kulturan hain erroturik dagoen bertsorako joera? Zergatik ez baliatu errekurtso estilistiko Eder hori?”.

pankreas

Bertsoa da beraz, baina batez ere antzerkia “testua esan egin behar da, ahalik eta modu naturalenean, hau da, ahalik eta modu sinesgarrienean. “Errezitazio” edo “deklamazio” kontzeptuak errotik baztertu behar dira. Aktorearen helburua hau da: ikusle-entzuleak ahaztea pertsonaia bertsoz ari dela. Bertsoaren presentzia nabarmenegia bada, aktorea ez dabil zuzen. Erritmoa modu garbiegian antzematen bada, mekanizismo eta monotonian eror daiteke antzezpena, eta ikusle-entzuleak edukirik gabeko lelo errepikakor bat, letania bat besterik ez du jasoko, tramari buruzko interesa galdu arte”.

Bestetik, ugariak dira erabiltzen dituen bertso-moldeak “eszena bakoitzean bertso molde desberdin bat erabili dut. Pareatuak daude, hirukoak, laukoak, bostekoak, hamarrekoak… neurriak ere askotarikoak daude, zortzi, hamar, hamaika, hamalaukoak… errimak kontsonanteak dira gehienetan, baina baita ere asonanteak, erromantzeen kasuan”.

Liburua plazaratu du Tarteanek, edizioa eta zabalpena bere gain hartuta: emanaldiaren amaierako txaloen ostean liburua salgai dagoela aipatu eta jendartera atera ohi dira hiru aktoreak, nahi izanez gero jendeari testua prezio oso eskuragarrian erosteko aukera emanez. Testua plazaratzerakoan Tarteanekoek hartu duten bideak zenbait galdera uzten ditu airean: modu honetan, ohiko liburu-merkatu eta erakusleihoetako ohiko bideetatik baino dezente gehiago saldu eta zabalduko da liburua, jendeak emanaldiaren esperientzia bizi eta gero hartuko du liburua hala nahi izanez gero, zabalkundea emanaldien bitartez egingo du taldeak berak. Beraz: egun antzerkia euskaraz plazaratzea ezinezkoa da? Ez dago antzerkiarentzat irakurlerik? Edo ez dugu, ohiko merkatu zirkuituetatik at, zabaltzeko modu egoki bat bilatzen asmatu?

Adibide interesgarria eskaini du Pankreas-ek, galdera horiei erantzun bat emateko bidean.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)