Amuak

Paolo Sorrentino, edertasunaren bilaketa zineman eta literaturan

Astelehena, 2015-02-16

La grande bellezza filmeko mundu ikuskerarekin harreman estua duen liburua plazaratu du Paolo Sorrentino zine zuzendari eta idazleak: Tony Pagoda e i suoi amici. Sorrentinoren Tony Pagoda eta Jep Gambardella pertsonaiak izan ditugu gogoan amu honetan, haren azken filmeetako dantza proposamen zenbaitekin batera.

Paolo Sorrentinok liluratua utzi zuen publikoa eta kritika 2013an “La grande bellezza” filmarekin. Gupidagabe erretratatu zituen bertan Italiako gizartearen eta batez ere kultur munduaren dekadentzia. Italiatik harago, eta nabardurak nabardura, Europa-uste horren peko mendebaldar gizartearen dekadentzia erretratatzeko balekoa den poema gordina da filma. “La grande belleza”k ipuin liburu baten moduan harilkatzen ditu Jep Gambardella pertsonaia nagusiaren joan etorriak, elkarrizketa etengabean jarriz zinismoa eta haren “b” aldea: edertasunaren bilaketa aseezina. Talka horren baitan izango gara literaturari eta oro har arteari luzatzen zaion begirada desmitifikatzailearen lekuko, eta haren eskutik etorriko dira gorputzaren gainbehera, artista “fama”tuaren figura eta harekin gero eta estuago lotuta doan intelektual divoaren figuraren nahi eta ezina… denbora, maitasuna, sexua, heriotza, filmean literaturarekiko harreman estuan harilkatzen dira jendarte orok nekaezin eztandarazten dituen gaiak.

la-gran-belleza

Sorrentinok berak Tony Pagodaren pertsonaiarekin egin du antzeko ariketa bat Tony Pagoda e i suoi amici liburuan (gazteleraz Alfabia argitaletxeak kaleratu du). Hanno tutti ragionec (2010) nobelan jasoa zuen lehenagopertsonaia horren berri. Pagodaren nortasunak eta mundu ikuskerak sarritan ekarriko dio irakurleari zinemako ikusleak La grande belleza-n jaso zuena. Ezer ez da kasualitatea, eta Jep Gambardella antzezten duen Toni Servillo aktoreak lotzen ditu hari ugari: 2001ean elkarrekin egin zuten biek hainbesteko arrakasta izan ez zuen “L’Uomo in Più”, zeinean Tony Pisapia kantaria zen pertsonaia nagusia, Serrvillok gorpuztua beti ere. Lan horrek inspiratu omen zuen Tony Pagodaren mundua, kantaria pertsonaia hau ere ere, bere garaiko famatu anakronikoen gainbeheraren lekuko eta protagonista. Pagodak berak dio “Tonino Paziente” izeneko ipuinean: “poesia, arrunkeria eta samurtasuna dago leku guztietan”.

tony pagoda

Mafiari loturiko pertsonaietara gerturatuz, kritika oso onak jaso dituzten beste bi filma egin dituzte elkarrekin Sorrentinok eta Servillok: Le conseguenze dell'amore (2004) eta Il divo (2008).

Dekadentziaren ospakizuna

Dekadentzia hori islatzeko, ba ote festa bat baino ezer hobeagorik? La grande bellezaren hasieran ikus dezakezuen festa giro luzeak harrapatu egiten du ikuslea, Jep Gambardella nor den jakin aurreko minuetuetan. Antzeko festa giroen arrastoak topatu ditugu filma honen aurretik Sorrentinok zuzenduriko beste bi luzemetraietan: Il divo (2008) eta This must be the place (2011), azken hau ez hain nabarmena, baina azken minutuan aurrekoekin lotura estetikoak agertzen dituena.

Gainbehera ospatzeko hiru proposamen beraz:

La grande belleza

Il divo

This must be the place

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)