Amuak

Pasolini (I.): izena haize bilakatzea

Astelehena, 2015-07-20

Pasolini. Roma izeneko erakusketa dago ikusgai, urria bitarte, Donostiako San Telmo museoan. Edozein aitzakia da ona teatroa, poesia, narratiba, saiakera, eta oro har probokazioaren artea landu zuen egile honen lanean murgiltzeko.

San Telmo museoko erakusketa aitzakia ederra da Pier Paolo Pasoliniren obran murgiltzen hasteko, edo sakontzeko. Erakusketan barrena urratsak emateko agian komeni da aurretik testuinguru bat edukitzea, Pasolini bera kokatzeko oinarri txiki bat, erakusketaren urratsetan testuingurua ez galtzeko. Behin ibiltzen hasita, bidaia zirraragarri bat egin ahal izango dugu Pasolini den eta izan zen pertsona eta pertsonaiaren eskutik.

Erroma du erakusketak hari nagusi, baina bada leku eta espazio gehiago ere. Lekuak, Pasoliniren biografian garrantzitsu izandako Erromaren aurrekoak eta ostekoak, Erroma bera bere ertz guztiekin, filmen lokalizazioak, filmak munduan zehar errodatzeko aukerak. Eta espazioak, nortasun probokatzaile, zintzo eta sarkor bat osatzeko koordenatuak: homosexualitate aldarrikatua, komunismoarekiko fideltasuna eta alderditik egotzia izatea, garaiko jendarteen hipokrisia, jasandako jazarpen instituzionala, sexua bizibide, unean unean probokatzeko eta batez ere eragiteko grina.

Gidoigintza, zinema zuzendaritza, poesia, gutunak, saiakera, narrazioa…

Euskaraz topatutako berbak

Donostiako erakusketak elebitan paratu dizkigu hamaika testu, gutun eta poema. Euskaraz badago nondik heldu Pasoliniren lanari bestela ere (zorionekoak gu Ekarriak-ek ematen dizkigun erraztasunengatik): Bego Montoriok bost poema itzuli zituen 1986an Susa aldizkarian, Joserra Utretx-en Amen balada poema 1992an, Josu Zabaletak Gauza baten ametsa nobela 1998an.

Aritz Galarragak 2012an bueltatu zen Argiako artikulu batean Gauza baten ametsaren itzulpenera –Pasoliniren lehen nobelara-, eta ezin hobeto laburbildu zituen egilearen beste lan askorena ere baden arima “Pasoliniren lehen eleberri argitaratua, idazlea gazte zeneko leku-denborak harrapatzen ditu, Italia ipar-ekialdeko Friuli —eta friuliera bera, tarteka—, bigarren mundu gerra ondorengoak. Komunistak dira gazteok, ez hainbeste ideologiagatik, gehiago kondizio sozialak hartara behartuta, landa giroko langile; herrian ezin, emigrazioaren bidea hartzen dute, Jugoslaviara “han komunismoa zagok behintzat”—, Suitzara, atzera burumakur bueltatzeko etxera. Ezen, han nahiz hemen, beste ezeren gainetik, eguneroko hersturetatik urrun, askatasuna baita bilatzen dutena”.

Bego Montoriori zor dizkiogu Pasoliniren lan poetiko zabal, konplexu eta ez ohikotik bost poema ekarri izana. Aurkezpen hitz hauek ere paratu zituen Susa aldizkarian: “Pasolini, hein batetan, XX.aren bigarren erdian Chaplinen herentzia jaso duen artista bakarrenetakoa dugu, artista integral eta jenialaren itzala: disziplina desberdinetako maisu. Literaturaren eremuan, berrogei liburutik gorako produkzio baten jabe izan zen, gehienak nobelak, antzerkia eta poesia. 1922.an jaioa, 27 urte izan arte ez zuen jaioterririk aldegin, Erromara joateko. Bere aldegitea baino lehenxeago, herriko apaiz batek publiko egin zuen aitortza bidez jakindako sekretua: Pier Paolo eta beste mutil gazte baten arteko erlazio sexualak. Bitarte horretan, friuleraz idatzi ohi zuen Pasolinik, dialektoz (gerora hasiko zen italiera literarioz idazten), eta batik bat poesiaren alorrean mugitu zen”.

pasolini idazten

1989tik, beraz, gutxi da Pasoliniren lanetik euskarari ekarri zaiona, baina topatu dugu hari buruzko erreferentzia argigarririk. Berriena, hauxe, Ixiar Rozasen Beltzuria irakurri daitekeen aipamena:

“13.

Erreskate lana. Pier Paolo Pasolinik poetikoki artikulatzen zituen orainaren irudiak, bizirauten zuen horretan bilatzen zuen energiarekin, keinuen eta azentuen arkeologia sentikorrean, Erromako suburbioetan. Ipurtargien bila hasi zen 1941. Urtean, 19 urte zituela Bolognan Letrak eta Filosofia ikasten ari zela. Italian txikizioak sortzen hasi zen gerra, <<es un tiempo en el que los consejeros pérfidos se encuentran en plena gloria luminosa>>. DIDI-HUBERMAN, G. (2012) Supervivencia de las luciérnagas, Madrid, Abada editores, 11. Or.

Erresistentzia, berriz, ipurtargien modura, ahal bezain ikusezin egiten saiatzen da. ipurtargi iheslari bilakatzen da, argia bidaltzen jarraitu ahal izateko moduko diskrezioa eta zuhurtasunarekin.

Pasoliniren konplexutasuna eta anbibalentzia bereziki interesatzen zaizkit testu honetan. Pasolini, zure izena ozen esaten dudanean haize bilakatzen da”.

Azkenik, Iñigo Roque Eguskitza-ri zor diogu Pasoliniri buruzko erreferentzia, Hitzen Uberaneko liburu gomendioen atalean: Le ceneri di Gramsci (1957).

Ekin murgiltzeari. Donostian. Liburuetan. Pantailetan. Gorputzen izerdi udatiarrean. Hasi izenak haize bilakatzen.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)