Amuak

Sayak Valencia: testuaren ifrentzua

Asteazkena, 2015-04-01

Sayak Valencia autore mexikarraren poemak ezagutarazteko amu txiki bat eskaintzen dizuegu gaurkoan. Pentsamendu feministarekin eta kapitalismo gore kontzeptuarekin lotuago agertu zaigu azkenaldian bere izena. Edonola den, poema-liburu parea du argitaratua, eta bere poema laburrak balen gisakoak dira, zuzenean jotzen dute zeure burura, zeure bihotzera.

1980ean jaio zen Sayak Valencia, Tijuanan (Mexiko). Filosofoa da ikasketaz, eta idaztea eta ikertzea ditu ogibide. 2007an argitaratu zuen lehen poema liburua, El reverso exacto del texto (Centaura Nigra Ediciones) [Testuaren ifrentzu zehatza]. Ondoren etorri ziren Adrift’s Book (Aristas Martinez Ediciones) liburua (eleberri eta poesiaren arteko uztarketa), eta kapitalismo gore-ari buruzko saiakera bat: Capitalismo gore (Melusina, 2010).

Azken obra horretan biltzen ditu bere pentsamendua zeharkatzen duten hainbat kontu: nekropolitika, mugan bizi direnen identitateak (border emakumeak izendatzen ditu). Muga horiek lurraldearekin ez ezik generoarekin ere badute loturarik. Kapitalismo gorea-ari buruz gehiago jakiteko interesgarri da Valenciari Pikara aldizkarian egindako elkarrizketa (gaztelaniaz). Edonola den, bere poemetan ere barra-barra lantzen dira gai horiek, modu metaforikoagoan nahi bada, ez hain teorikoan.

Performence-artea ere landu du Valenciak, poesiarekin lotuta. Bere poemetako asko irakurtzen ditu, antzerkia ez den baina ildo horretarantz hurbiltzen den modu batean. Besteak beste, orain bost urte emanaldia eskaini zuen Donostiako Feministaldia kultur jaialdian.

DSC03318

El reverso exacto del texto liburura itzulita, sei zatitan dago banatua liburu hau. Lengoaiaren erabilerari buruzko poemak ugariak dira, lengoaiaren izaerari eta funtzioari eta mugei buruzko hausnarketak. Horrez gain, sexu/genero sistemak ere hartzen du tokirik, zalantzan eta agerian jarria da etengabe.

Hona hemen Sayak Valenciaren lanaren lagin txiki bat, euskarara ekarria.

 *

Idazten dudan bitartean

Beste norbaitek ere

Idazten nau idatziz

*

Hiri hau apokalipsi-zeruena da

Hiri honek Nilo pareko iluntzeak dakartza gogora

Hiri honek ez dauka izenik edo ez diogu ezagutzen

 

Off ahotsak dio: Hau Tokio da

Ahotsa erratu egin da

 

Hemen ez da Tokio.

Hemen ez da ezein toki.

Hemen da Hemen.

Hemen da Testua.

 

Hemen da.

 *

Nire zainetatik dabilen lengoaia

Errusiar erruletan jokatzea da

Pistola automatiko batekin

*

Gogoko ditut gizonak

Portzelana-panpinen aurpegiarekin

Orratzak bezain gorputz meheekin

Begi bikain, distirant, hondo eta margotuekin

Gogoko ditut emakumeak diruditen gizonak

Eta emakumeak garaiak, emakume-emakumeak.

*

Tirokatzen diren poemetan pentsatzen dut.

Pistoletan pentsatzen dut.

*

Border emakume bat izatea oso dun erraza,

Salbu eta hiri gertatzen bazain.

*

Mater Amantisima poemaren irakurraldia:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)