Amuak

Teatro eta dantza kaierak, edukia euskarriaren gainetik

Asteazkena, 2015-02-11

2001ean jarri zuen martxan Antonio Fernandez Lerak “Pliegos de teatro y danza” argitalpen proiektua. Oso baliabide gutxirekin, gaztelerazko arte eszenikoetan erreferentziala bilakatu diren egile ugarien testuak argitaratu ditu.

Teatro Pradrilloren ibilbideari loturiko izenak dira bilduma honetako askorenak, antzoki horren etapa ezberdinetan. Antonio Fernandez Lerak bultzatu zuen 2001ean gazteleraz lan egiten duten egile garaikide askoren testuak jaso dituen “Pliegos de teatro y danza”. Oso baliabide gutxirekin egindako argitalpenak dira hauek: kaiera modura xumeki maketatutako lanak, erditik tolestutako folioak funtsean, grapa pare batekin loturik, kartulinazko azal batekin. Bere xumean erreferentziala bilakatu den bilduma da hauxe, azken hamabost urtean arte eszenikoetan gakoak izan diren egile ugariren testu-partiturak argitaratu dituztelako: Rodrigo Garcia, Angelica Liddell, Carlos Marquerie…

Kulturak oro har edonon biziraupenera kondenaturiko arlo bat da. Biziraupenak markatzen ditu sortzaile askoren sormen dinamikak, eta haiek zabaltzeko moduak. Are gehiago arte eszenikoen arloan, are gehiago arte eszenikoen arloan joera berrien eta esperimentazioaren alde egiten dutenen kasuan. Horregatik da, agian, interesgarria bilduma hau: edukien kalitateak egin du erreferentziazkoa, ez edizioaren garestiak, ez diseinu ikusgarriak, ez paperaren nolakotasunak. Edizio motak bertako edukiak jendarteetan duten oihartzunaren neurriko oinarri fisikoa eman die, edukiek berauek egin dute bidea edukien berauen indarraren babes ia bakarrarekin.

Horri guztiari gehitu behar zaio hitza ulertzeko era garaikide bat. Testuak bertan argitaratu dituzten sortzaileek ez dute hitzaren balioa ukatzen, baina ez dute ulertzen autorearen edo dramaturgoaren figuraren argitan. Testu hauek hondakinak dira, behinola proposamen fisiko-eszeniko bat izan denaren arrastoa, oihartzun bat, oroitzapen hautsi bat. Argitaratutako hitza, kasu honetan, arlo eszenikoak denborak markatutako iragankortasunaren seinale, egungo merkatu-erritmoak dakarren ia berehalako ahazturaren marka.

Baina zertaz osatzen gara pertsonak, oroitzapen zatiez, memoria hautsiaz ez bada?

el sur de europa

La Tristura, azken aleen artean

Bilduma honetan jasotako antzezlanetako testuetan suma daiteke ez dagoela obra oso bat hor, hitza elementu bat gehiago izan dela, dagokion garrantziarekin baina bat gehiago. Horren adibide da La Tristura taldearen “El sur de Europa: días de amor difíciles” testua. Argitaratutako hitza gutxi da berez, solte geratzen den material bat, bilduma honetako beste kaiera askorekin geratzen den bezala, testu gutxi; baina era berean, entitate propioduna, esanguratsua eta sarkorra.

La Tristurak 2013ko otsailean estreinatu zuen lan hau, Madrilgo Padrillo antzokian hain zuzen ere. Lehenago lanean egonak ziren, erresidentzia artistiko bat eginez, Bilbon BAD jaialdian. Hauek dira kaiera honek dakartzan hitz-hondakinak: dialogo bat, proiektatzen diren poema batzuk, telefonoz egindako bakarsolasa. Hitz gutxi horietan, bikote baten eraispena, deseraikuntza, bakardadearen dantza iradokitzen duten berbak, europar testuinguru dekadentean:

Gure Europa zahar honetan

Gauza garrantzitsu guztiak duela milaka urte gertatu ziren

Mundu honetan, zure eta nire artean bezala

Lehen egunetan erabaki zen dena

Ikus artikulu honi loturiko lotura interesgarriak:

Antonio Fernandez Lera-ri elkarrizketa

La Tristura

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)