Amuak

The Sick Bag Song, hitzekin non oka egin

Ostirala, 2015-07-03

The Sick Bag Song izeneko liburua plazaratu du Nick Cave abeslariak, kronika, poesia eta kantuetarako letrak uztartuz.

Literaturarekin harreman estua izan du Nick Cave abeslariak bere ibilbide osoan. Hitzen Uberaneko atal honetan bertan harreman horren berri eman genizuen: Zeruaren eta infernuaren arteko hitzak.

Liburu formatura beste inkurtsio bat egin berri du Cavek The Sick Bag Song liburuarekin. Bertan 2014an The Bad Seeds taldekideekin Amerikako Estatu Batuetan zehar egindako biraren kronika literarioa egin du, biran bisitatutako hirien harian kontzertuei buruzko pasadizoak, poema zatiak, gogoetak, oroitzapenak, abstrakzioak uztartuz. Guztiak lotzeko erabili duen aitzakia edo metafora: hiri bakoitzari dagokion atalean zorabiorako poltsa baten argazkia, zeinean egileak liburura salto egin duten testuen eskuzko zirriborroak agertu dituen.

Testuotan ageri diren musika eta literaturako erreferentziak dira beste konstante bat:

United-en goaz hegaz Minneapolisetik Denverrera. Aurrera!

Zorabiorako poltsa batzuk hartu nituen haietan idazteko.

*

Denverren Patti Smith-en Woolgathering izeneko liburuxka ederra erosi dut. Bertan bada inoiz eduki zuen oroitzapenez betetako motxila bati buruzko zerbait: errubi bat, goilara bat, walkie-talkie baten barrukoa. Liburu ederra da, zeru urdinaren azpian irakurtzeko modukoa, Colfax Street-eko banku batean eserita, Denverren. Aurrera, Patti!

Txirikordetatik hartu eta zorabiorako nire poltsan sartu dut.

Barruan begiratu dut.

Gertrude Stein ñimiño bat eta Emily Dickinson txiki bat ikusi ditut bertan. Miniaturazko Philip Larkin bat ikusi dut belarra mozten, eta zimurrez beteriko W.H.Auden txiki bat. John Berryman bezala jantzitako pigmeo bat ikusi dut, sudurrean hezur bat duela, eta jende pilo bat gehiago. Eskalan egindako azken etapako Elvis txiki bat, John Lee Hooker txiki-txiki bat barrak eta izarrak dituzten galtzerdiekin, James Brown ñimiño eta ero bat eta Hank Williams konkortu bat Resistol Ranch sonbreiru bat duela jarrita.

Hor daude lollipop ladies-ak –haurrei kalea pasatzen laguntzen diete-, pikatan iltzatutako beren buruekin, autopista galdu eta bakarti hauetan zehar zure besoetaraino larreratzen.

Eta nire zorabiorako poltsaren zoko eraitsi batean bada Bryan Ferry bat bainujantzi urdin batekin ere, West Sussex-en, 2000. urteko udan.

Nick Cave-ren obra aurkari beste maitale erakartzen duen horietakoa da, iaz estreinatutako 20.000 days on earth filmak sortu erreakzioak bezala: kritika onak izan arren, aldeko eta kontrako iritzi ugari. Filmean nola haren testu eta kantetan, oinarrian bere buruaz sortu duen pertsonaia guztiz sinesten ez duen sortzaile bat dago, autoironiarako tarte handiarekin: “Gustukoa dut gure desioek suntsitzen gaituztela dioen ideia; bitxiki lasaigarria da, nahiz eta egia ez izan. Desio falta da azkenean suntsitzen gaituena”.

 

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)