Amuak

Zer dute komunean komunean ezer ez duten gauzek? (I)

Asteazkena, 2016-06-08

Adibidez: Berlin, Peter Handke, Win Wenders, Nick Cave, Harkaitz Cano, Celosamente Gordea.

Gero eta azkarrago hiperestekatzen zaizkigu gogoak, erreferentzien hurrenkeran. Gehiegizko ikerketa lanik egin behar izan gabe, hautsak jandako hemerotekarik gabe, dokumentazio itogarririk gabe. Emozioek salto egite dute une gogoangarri batetik bestera, musika baten oihartzunetik esku artean dugun irudira. Agian kanpoko begirada bat dute komunean komunean ezer ez duten gauzek.

El cielo sobre Berlin

Azkenaldian liburu-dendetan topatzen ahal den komiki batean piztu da katea: Der Himmel über Berlin, edo El cielo sobre Berlin, Las alas del deseo, Zorro Rojo argitaletxeak argitaratua. Sebastiano eta Lorenzo Toma izenekoek sinatzen dute, aita-semeak beraiek. Biek dute harremana eszenarekin, izan idazkuntza edo aktore lanetik, sumatu egiten da irudiek espazioa betetzera edo hustera jokatzen duten nobela grafiko honetan. Oinarrian filma, baina egungo Berlinen kokatua.

Filman nola liburuan, akrobatak eta aktoreak dira protagonista. Haiek hartu dituzte oinarri irudiak osatzeko, lehenik argazkiak atera eta ondoren haien gainean ilustrazioak osatu. Filman bezala ere zuri-beltzaren erabilera, kasu honetan okrearekin osatua, egileek diotenez egungo Berlinen adierazle: dagoeneko ez da horma batek zatitutako Berlin hura, baina zauriak hor darrai, azalak oroitzen du.

Haritik tiraka

Kuriosoa da nola lan batzuek eragina izaten jarraitzen duten denbora pasa ahala, sekula fenomeno masibo bat ('masibo'ren egungo adiera 'ebentografikoan') guztiz izatera iritsi gabe. Hala izan da agian Win Wenders-en filmarekin. 1987an zuzendu zuen, eta tarteka azaleratzen da, bestelako lanen eragin modura. Literaturarekin lotura estua du filmak: gidoiko hitzek Peter Handkeren marka dute. Blog honetan topatu dugu aipamena filmako lehen hitzen aipamena:

haurrak haurra zenean,

ez zekien haurra zenik,

berarentzat guztia zen bizigai

eta arima guztiak ziren bat…

Zerua Berlin gainean. Edo Zeru Gaineko Berlin. 2008ra egin digu jauzi gogoak, Celosamente gordea irratsaiokoek filmean oinarritutako emanaldia egin zuten. Ez da Win Wendersen filmetara gerturatzen diren aldi bakarra izan, entzun, kasu, Palermon tirokari dagokion audioa.

Eta entzun entzuteaz ari garelarik, filmetik atera genitzakeen keinu estetiko, erreferentzia, aktore aipamen guztietatik Uberanera sarri ekarri dugun bat: Nick Cave, etengabe musika eta literaturaren arteko zubian topatzen dugun izen bat. (Ikus aurretik publikatu dugun amu hau).

Filmako eszena honetan ikus dezakegu Cave zuzenean:

Ezer ez da kasualitatea. Harkaitz Canoren Neguko zirkua liburuan topatu dugu honakoa, bere ibilbideko gurutzegramean sarri zinema, literatura eta musika gurutzatzen dituen idazlea bera:

Lurpeko pasabiderantz doazen horma-garbitzaileetatik gazteena musikazalea da oso. Nick Cave eta Lou Reeden zale, bereziki. Berlinekin lotura handia duten abeslariak dira biak. Berlinera joan nahi luke egunen batean, hori da bere ametsa.

Loturak. Estekak. Labirinto emozionalak, non galtzea den irteera posible bakarra. Komunean ezer ez duten gauzek komunean dituzten gauzak. Eta Cave, zinema, literatura eta musika bidelagun, hurrengo amuan pasabide gehiago.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)