Elkarrizketak

Alaine Agirre: "Kostatu zait neure buruari idazlea naizela onartzea"

Txoriak etortzen ez diren lekua (Erein) poema liburuaz aritu gara hizketanOstirala, 2017-06-16

Alaine Agirrek bere lehen poema liburua aurkeztu du: Txoriak etortzen ez diren lekua (Erein). Ospitale psikiatriko bateko egonaldietan sentitutakoak eta pairatutakoak islatu ditu bertan.

Alaine Agirre: "Kostatu zait neure buruari idazlea naizela onartzea"

Zure marken isla dira poema hauek. Zure buruari eskaini diozu, hain zuzen, liburua. Aitortza horrek liburuaren izaera uzten du agerian: guztiz konfesionala den obra bat iragartzen du, ezta?

Ederto baten azaldu duzu.

 

Liburua zirkularra dela esan daiteke. Hasieran eta bukaeran, biluzik ageri da poeta, burmuinjale den zizarearekin borroka betean. Eta boligrafoa izango du arma bakarra. Dena den, Idazten dut poeman daude liburu hau ulertzeko ia gako denak, ezta?

Ez dakit gako denak, baina bai bat, behintzat, niretzat inportantea izan dena: idazteak ematen dio zentzua nire bizitzari, edo eman zion une hartan behintzat, eta ez esaldi horrek har dezakeen kutsu erromantikoan, askoz modu lohiagoan baizik: egoerarik mingarrienean, okerrenean, deshumanizatuenean, idaztea bihurtu zen nire salbazio-ohola. Tristea da, baina hala da.

 

“Aspaldi nago idaztera kondenaturik”. Adierazpen hau liburuaren aurkezpen egunean egin zenuen. Soilik idaztean sentitzen duzu bazarela nor?

Ez soilik. Beste edozein pertsonak bezala, nik ere baditut lagunak, maiteak, zaletasunak, anbizioak… Psikiatriko batean zaudenean, ordea, zure txikota guztiak edo gehienak galduak dituzu, eta daukazunari heltzen diozu. Kasu honetan, idazteari. Erabateko anulazioa da: dela ahora sartzen dizkizuten medikazioengatik, dela psikiatrak kameretatik zuri begira daudela dakizulako, dela ahazten zoazelako nor zaren, nor maite duzun, zer dagoen kanpoan, nor dagoen kanpoan, zure zain.

 

“Lotsabako hasiko naiz gaurkoan. Konturatu naiz idazlea naizela”. Aurkezpen ekitaldian esandako hitz horiek etorri zaizkit burura 11. poema irakurri dudanean (bi erizainen bisita kontatzen du). Autoafirmazio hori egin beharra oso esanguratsua da, ezta? Deslekuan zein eguneroko martxan. Kontestua aldatzen badiozu, sortzaile askok sortzaile izateagatik gainditu behar izaten duten aurreiritzia islatzera dator.

Asko, pila bat, kostatu zait neure buruari idazlea naizela onartzea. Edo baimentzea. Edo baieztatzea. Ospitale psikiatrikoan hasi nintzen esaten idazlea nintzela. Identitate horri (identitate bati) heldu behar nion. Banaiz hau, banaiz bestea… gauza asko naiz. Baina momentu hartan idazle bakarrik sentitzen nintzen. Beharragatik idazten nuen infernu hartan, eta beharragatik hasi nintzen esaten hori nintzela.

 

“Nik niretzat idazten dut”. Hori ere aitortu zenuen. Dena den, baduzu irakurlego bat eta zure lanek oihartzuna dute. Feedback hori sentitzea garrantzitsua izango da zuretzat.

Dudarik gabe. Ez naiz harrizkoa. Are gehiago esango dut: minbera naiz, oso eta asko, eta behar dut lagunen laztana, eta irakurleen estimazioak asko laguntzen dit, asko. Gainera, askotan errepikatu didate (eta orain neu naiz mila aldiz errepikatzen duena) behin idatzi nuen esaldi bat gustatu izan zaiela: “nitaz idaztea da zutaz idazteko daukadan modua”. Lelotzat daukat gaur egun. Imajinatuko duzu zergatik.

“Arrakala bat leihoan, nire burua egurasteko”

Ospitale psikiatriko batean sentitutakoak eta pairatutakoak islatu dituzu poema hauetan. Deslekuan zirrikitu bat zabaltzeko poemak direla esan al daiteke?

Ezin hobeto definitu duzu. Zirrikitu baten beharrizan totala neukan. Arrakalak behar nituen, eta haien bila ibili nintzen egonaldi osoan zehar. Arrakala bat leihoan, nire burua egurasteko; arrakala bat paretan, indar eginez horma botatzeko; arrakala bat neure barruko minean, gatzatutako zaurietan, gordetako iluntasunean; arrakalak baita psikiatraren buruan, hura ere apur bat pitzatua zegoela pentsatzea gustatzen zitzaidalako. Egonaldi hartan arrakalak bilatzea beste ezer ez nuen egin. Horregatik idazten nuen.

 

Deslekuaren “atlas geopoetikoa” osatu duzu, nolabait esatearren. Gehiengoari arrotza zaion mundu bat islatu duzulako poema hauetan. Akaso hori da liburu honen beste ekarpen handi bat, ez duzu uste?

Kasu honetan, ulertuko duzunez, ez dut gaia hautatu ekarpenagatik edo inor epatatzeko. Baina bai, ulertzen dut jende gehienarentzat zerbait arrotza, berria eta harrigarria egingo zaiola. Beharbada esperientzia hurbil bat kartzela izan liteke, pertsonalki askok bizi ez arren hainbat lekukotasunen bidez gehienok ezagutzen duguna. Psikiatrikoak baditu antzak, sumatzen dut, baina baditu desberdintasunak ere.

 

Yolanda garbitzailea, W doktorea, korridoreko kideak, erizainak, psikiatra, kleptomana... Deslekuan bizi diren pertsonaia batzuk deskubrituko ditu irakurleak. Eta Gorria. Eritasunaren metafora behinena da akaso Gorria?

Odol mamituak nire lehen nobelan ere erabili nuen, harrapatzen zaituen eta askatzen ez zaituen antsietatea adierazteko. Munstro bat. Barruak jaten zizkidana. Halaxe deitu nion, psikoterapiako saio batean, neure barrura begiratu, eta bertan topatu nuenean. Neure odoletik erraietatik bizitzatik bizi zen (edo den) masa solido gorri sadikoa da Gorria.

“Lehen idazketa ia automatikoa izan zen

Oker ez banuen ulertu, bi egonaldi ezberdinetan idatzita daude poema hauek. Lehen egonaldiko idatziak “zirriborro lausoegiak” zirela esan zenuen. Bigarren egonaldian hartu zuela poemario itxura. Zaila izan al da apailatze lana?

Lehen idazketa ia automatikoa izan zen, barrutik ateratzen zitzaidan guztia idatziz jartzea. Hor noski, zabor asko zegoen, edo nik bakarrik uler nezakeena, edo etxeko hurbilentzat idatzitakoak… Bigarren idaztaldian, selekzio bat egin nuen, lehenik, zerk eduki zezakeen balio bat, zerk ez… Eta gero, forma ematea etorri zen. Ez nuen oso testu landurik egin nahi, itxura naturala eman nahi nien, berez sortu balira bezala, baina aldi berean eduki zezatela indarra, erritmoa, edertasuna. Horregatik sortu baitziren poema hauek: edertasun apur bat ekartzeko guri, psikiatrikoko pazienteoi. Eta hala izan zen. Poemak oparitu egiten nizkien ni bezalako beste pazienteei, beste batzuetan errezitatu, sarritan bizi ere bai... Urrunetik ikusita zerbait surrealista ematen du, baina hala gertatu zen: horregatik uste dut nik idatzitako poemak desleku hartan geunden paziente guztionak direla.

 

Argitaletxekoekin zure lana partekatzeak zein neurritan eragin du poemetan, liburuaren azken bertsioan?

Ereinekoei erakutsi nizkien, Iñaki Aldekoari, eta asko gustatu zitzaizkiola esan zidan. Aldaketa txiki batzuk egin genituen edizio prozesuan, baina funtsezkorik ez. Poemak idazten nenbilela ezagutu genuen elkar, eta biek ala biek, Mujikak eta Aldekoak, poemak bidaltzeko eskatu zidaten. Urte bete pasatu zen, beste proiektu batekin joan nintzaien, “eta poemak zer?” galdetu zidaten. Lotsariz beteta bidali nizkien, inora helduko zirela jakinik. Oker nengoen. Erabateko askatasuna eman zidaten Erein argitaletxekoek, juzgurik bakoa. Ederrak iruditu zitzaizkien, potenteak. Eta esan behar dut inportantea izan zela haiek nigan horrenbeste sinistu izana, niri horrenbeste eman izana: ze, igual konturatuko zinen dagoeneko, ez diodala nire buruari nahikotxo ematen, baimentzen. Idazletzat nindukan ospitaleko jendeak, eta, Ereinera iritsi nintzenean, harritu egin ninduen haiek ere halaxe ikusten nindutela. Eta nago, asko ari naizela ikasten haiengandik. Eta ez literatura aldetik, ez: literatura baino gauza garrantzitsuagoak ari naiz ikasten Ereineko lantalde guztiarekin.

 

Espetxean bezala, ihes egitearekin amesten du ospitale psikiatrikoan aurkitzen denak. Zure kasuan, idaztea izan da arma bakarra. Ihesbide makurra, idaztea ere debekatuta dagoenean, ezta? Akaso ezkutuan gorde behar izan zenituen poema hauetako zirriborroak?

Berez ez zegoen debekatuta idaztea. Baina bai idaztera emana egotea. Talde terapietan disimuluan bazen ere, idatzi egiten nuen. Leku guztietan eta une oro idazten nuen. Gauez ere bai. Eta hori bai egiten nuela ezkutuan. Lehenengo gauean koadernoa eta boligrafoa kendu zizkidaten, baina hurrengo gauerako azkarragoa izan nintzen, eta koltxoi azpian gorde nituen paperak eta bolia: gaueko pastillak txintxo-txintxo irentsi, lo egingo nuela esan (tira, antzerki pixka bat ere bota behar izan nion), eta joan zirenean, gaueko bakardadean eta iluntasunean, irteerako argi txikipean ahal nuen bezala idazten aritu nintzen, harik eta neure burua lasaitu, asetu eta lotara joan ahal izan nuen arte. Honek gogora dakarkit txikitan gurasoekin ere halako gaupasak egiten nituela, liburuak leitzen, goizaldeko ordu txikietararte, argi txiki bat jarrita, adrenalina odolean zehar, taupadak saman. Ederra da hori. Ederra.

AlaineAgirre5

“Beti ibili naiz patioetan ogi birrinak botatzen

Txoriak etortzen ez diren tokian ogi birrinak poltsikoan hartuta patiora jaisterakoan, esperantzarako zirrikiturik badela ondorioztatu daiteke, ezta? Bucle ilun horretan, bada argi printzarik poemario honetan.

Nahi nuen esperantzarako zirrikitu bat egotea, bai poemetan, bai nire bizitzan ere. Ez autolaguntzazko liburuen baikortasun gezurrezko hori, baina bai ogi birrin batzuk, besterik ez balitz. Nik neuk behar nuelako. Bai. Ohartzen naiz beti ibili naizela patioetan ogi birrinak botatzen. Egia da gehienetan arratoiak etorri direla, esperantza birrinak jatera... baina gaur esan dezaket badela gure patiora datorren txoririk.

 

Esperantzaz ari garela, umore kutsuko poemarik ere topatu dugu. 31. poeman, modu nabarian (kaperako abadearen eta psikiatriako doktorearen arteko zioan).

Idazketak bezala, umoreak beti laguntzen du. Eta badago umorerik psikiatrikoan. Umore ilun likatsu patetikoa da bertakoa, baina, halere, laguntzen du. Beti izango ditut gogoan, penaz, baina baita ere kariñoz, fumaderoan egiten genituen parrandak, jantokian izaten genituen berbaldiak, auxiliarrak erotzen zituen gure barre zoroa.

 

Bulkada batean, oka egingo bazenu legez idatzita daude poema batzuk. Hala iruditu zaigu behintzat. Lausotu zitezkeen poema horiek, beste modu batean eskaini, baina era horretan akaso sinesgarritasunean galduko luke liburuak.

Niri horrela atera zitzaizkidan, horrela izan behar zutela uste nuelako. Eskertzen dizut sinesgarriak iruditu bazaizkizu. Halaxe izatea nahi nuen.

 

Idazkera laua erabili duzu. Argia bezain gordina. Deskriptiboa ere bada. Alegia, artifizio linguistikoak baztertu dituzula, ezta? Nahita baztertu ere?

Bai, nahita. Edo ezinbestean. Ez dakit. Ez nago ziur. Baina... ez al dira arrazoi biak gauza bera?

Patioan, Anne Sextonen liburua besapean

Anne Sexton aipatzen duzu poemetako batean. Berak ere eritasunari aurrez aurre  begiratzen zion, modu gordin batean begiratu ere, psikiatrari hainbat poema eskaini zizkion, umore kutsuko poemak ere tartekatzen zituen... Eta guztiz konfesionala zen.  Liburu honi ekiteko orduan, Anne Sexton zein neurritan izan da inspirazio iturri eta zein neurritan helduleku?

Ez naiz oroitzen noiz izan nuen Anne Sextonen berri: liburua idatzi bitartean, edo lehentxeago. Hartaz irakurri nuen, eta barruraino sartu zitzaidan, imajinatuko dituzun arrazoiengatik; gero haren poemak irakurtzen saiatu, eta askotan ezin izaten nuen, nire burua taponatuta bezala zegoen dena ulertzeko, baina zerbait iristen zitzaidan, eta han ibiltzen nintzen, patioan, Sextonen liburua besapean, nire laguna balitz bezala. Eta bazen.

 

Amaitzeko. Poesiaren generoa lantzen jarraitzeko gogoa piztu al dizu liburu honek?

Ez dago jakiterik. Momenturen batean sortzen bada… Baina ez daukat halako gehiago egiteko aurreikuspenik, oraingoz.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)