Elkarrizketak

Amaia Apalauza Ollorekin solasean

Ostirala, 2019-04-05

Slavenka Drakulic-en Han ez banengo bezala (Pasazaite, 2018) itzuli du Amaia Apalauza Ollok. Balkanetako gerrari buruzko kontakizun gordina, emakumeen bizipenen erraietatik kontatua. Egilearen obra eta horrelako lan baten  itzultzeak suposatzen duen bidaia mota izan ditugu mintzagai elkarrizketa honetan.

Amaia Apalauza Ollorekin solasean

Slavenka Drakulic-en Han ez banengo bezala euskaratu duzu. Nola sortu zen proiektu hau?

Xabi Queiruga Pasazaiteren arduradunak deitu zidan zuzenean, proposamena eginez. Nik ez nuen egilea ezagutzen, baina oso erakargarria egin zitzaidan Balkanetako istorio bat euskaratzeko aukera izatea. Liburua irakurri nuen, gaiari buruzko dokumentazioa bildu, eta segituan eman nion baiezkoa Queirugari.

Jatorrizko testua kroazieraz idatzia dago. Nola egin duzu lan, zubi hizkuntzarik erabili duzu?

Bai, gaztelaniazko bertsioa, galegozkoa eta ingelesezkoa baliatu ditut. Dena den, zubi-hizkuntza bidez itzultzen denean, kontuz ibili beharra dago interpretazio okerrak saihesteko, eta, horregatik, laguntzaile bat bilatu nuen nire testua kroazierazkoarekin alderatzeko eta zalantzak argitzeko: Barbara Pregelj. Bera esloveniarra da izatez, eta kroazieraz ere badaki; duela urte batzuk ezagutu nuen, Euskal Herrira etorri zelarik Itzultzaile Berriak programako parte-hartzaile gisa. Eskarmentu handia du itzulpenetan, argitaletxe bat zuzentzen du Eslovenian, euskaraz zertxobait ere badaki, eta asko lagundu zidan itzulpena fintzen.

Asko ez, baina sartu behar izan dituzu jatorrizko hizkuntzako hitz berezkoei buruzko oin ohar batzuk. Asko ikertu behar izan duzu Balkanetako erreferentziez eta kulturaz, itzulpenean barneratzeko?

Bai. Itzulpen gehienetan gertatzen da hori. Ahalik eta gehien jakin nahi duzu istorioaren testuinguruaz eta erreferentziez, eta etengabe ibili behar duzu informazioa biltzen eta irakurtzen. Pregeljek berak asko lagundu zidan horretan; gogoratzen naiz liburuan aipatzen diren janariez galdetu eta berak errezetak, argazkiak eta denetarikoak bidaltzen zizkidala. Azkenean, liburuan agertzen diren plater guztiekin afari bat egitekotan geratu ginen, nahiz oraindik ez dugun aukerarik izan.

Balkanetako gerran dago kokatua liburu hau, bazenuen gerra hari buruzko oroitzapenik edo interes berezirik, aurretik?

Jakin-mina bai, banuen, eta batez ere filmen bitartez asea nuen jakin-min hori. Gerraren beraren arrazoiak baino gehiago (arrazoi soziopolitikoak), jendeak gerran sufritutakoaren berri izan nahi nuen; alegia, jendearen bizipenak, istorio horiek guztiak ezagutu nahi nituen. Drakulic-en liburuaren itzulpenaren harira, baina, gehiago arakatu dut gerraren arrazoietan ere, eta, kontua katramilatsua den arren, lehen ez nekizkien gauza asko ikasi ditut.

Nolako bidaia izan da liburu honen itzulpenarena?

Liburua gogorra den arren, asko gozatu dut itzultzen. Itzuli ahala eta istorioan barneratu ahala, gero eta galdera gehiago etortzen zitzaizkidan burura, gero eta zalantza gehiago. Esate baterako: istorioaren zati bat emakumeen kontzentrazio-esparru batean garatzen da, Bosnian, eta han orotariko ankerkeriak gertatzen dira, benetan krudelak, baina bada pertsonaia bat, kapitaina, esparruaren arduraduna dena, egoera jakin batzuetan bere alderdi gizatiarra agerian uzten duena, hau da, gai da denik eta makurkeriarik handienaz jokatzeko, baina aldi berean familia bat dauka, seme bat, eta une jakin batzuetan gai da barneko sentimenduak azaleratzeko eta hunkitzeko. Zirraragarria da pentsatzea pertsona «normalak» gai izatea gerra-egoera batean gizatxar bihurtzeko, halako doilorkeriaz jokatzeko, eta horrek garbi erakusten du bortizkeria ez dela pertsonen baitan dagoen zerbait (edo ez hori bakarrik), baizik eta sistema bera dela bortitza eta botereak bortizkeriara daramala pertsona. Ildo horretatik, Drakulicen They Would Never Hurt a Fly liburua gomendatuko nuke, Balkanetako gerra bultzatu zuten pertsona (gehienbat gizon) horien psikologian arakatzen baitu.

Zer da gehien harritu zaituena egileaz?

Idazle polifazetikoa da Slavenka Drakulic. Literatura idazteaz gain, irakaslea, kazetaria, saiakera-idazlea, zutabegilea eta hizlari aparta ere bada.

Eta liburuaz?

Esango nuke liburuak irentsi egiten zaituela. Irudi eta egoera asko latzak izanagatik ere, badu zerbait aurrera segitzera bultzatzen zaituena.

Balkanetako gerraz?

Oso gai konplexua eta korapilatsua da, eta, gerra guztietan bezala, konturatzen zara inork ez duela arrazoia eta aldi berean denek badituztela beren arrazoiak jokatzen duten bezala jokatzeko. Nolanahi ere, gerra guztiak bezala, zentzugabea izan zen Balkanetakoa ere, eta, azkenean, betikoek sufritu zuten (eta sufritzen dute oraindik).

Liburu gordina da, zeinak kontatzen duen emakumeek gerran jasandako basakeria, askotan isilarazia dena, gerrak berez dakarren genero bortizkeria, tortura, bortxa eta erailketa, generoari loturiko arrazoiengatik ezaugarri propioak dituena, sarritan gerrei buruz hitz egiterakoan aipatzen ez dena. Zer gogoeta eragin dizu ideia horretan habitatzeak?

Gerretan, mundu guztiak sufritzen du, gazte izan zein zahar izan, emakume zein gizon, alde bateko zein besteko… Baina, gerrak berez dakarren sufrimendu horretaz gainera, emakume izateak sufrimendu erantsi bat dakar: emakumeok bortxatu egiten gaituzte, haurdun uzten gaituzte, gutxietsi, umiliatu… Bortxaketa gerrako arma gisa erabiltzen da. Tamara Kelavak Han ez banengo bezala liburuaren galegozko bertsioaren hitzaurrean dio emakumeak gogorrak direla gerra-egoeretan; dena galduko dute, ondasunak galduko dituzte, baina gai dira beren duintasunari eusteko eta badute indarra datorkienari heltzeko (areago: II. Mundu Gerran, Balkanetako herrialdeetako emakumeek antolakundeak eratu zituzten –adibidez, partisanoei laguntza logistikoa emateko– eta oro har orduko gizarte eta erlijio paternalistari aurre egiteko. Gerraren amaieran, AFŽ sortu zuten, Emakume Antifaxisten Frontea, eta lan handia egin zuten emakume eta gizonen berdintasunaren alde eta emakumeen emantzipaziorako eskubideen alde). Gerra bultzatzen dutenak horren jakitun dira, eta horren aurka egiteko geratzen zaien arma bakarra bortxaketa da. Izan ere, bortxaketak umiliazio bikoitza dakar: fisikoa eta emozionala. Alde horretatik, Han ez banengo bezala-ren lorpenetako bat da emakume horiei ahotsa ematen diela eta aurpegia jartzen diela, aukera ematen digula haien psikologian sartzeko eta gerrak, bortxaketak eta orobat gerraondoak uzten duten traumaz jabetzeko.

Slavenka Drakulic (2016)Slavenka Drakulic: ikus wikipedia eta egilearen weba.

Pentsatzen dut, nolanahi ere, ez dela samurra izango itzultzaile gisa horrelako kontakizun batean murgildurik ibiltzea. Zer ikasi duzu, lerro artean?

Egia da hori. Testu bat itzultzen dugunean, testuaren erraietaraino sartzen gara, barru-barruraino, eta, kasu honetan, kontakizuna hain gordina izanik, batzuetan gogorra izan da prozesua. Itzuli eta irakurri ahala, neure buruari etengabe galdetzen nion zer egingo nukeen nik egoera horretan banengo; egoera gogorrak eta erabaki zailak hartu beharra maiz agertzen dira liburuan (bizitzan zehar ere, etengabe ari gara erabakitzen), oso muturrekoak denak, eta gogorra egin zait neure burua eta are beste inor ere egoera horietan imajinatzea.

Balkanetako gerrak eskema asko hautsi zituen, sarritan aipatu izan den bezala Europan bertan gertatu zelako, besteak beste, XX. mendeko mundu gerren osteko sarraskirik basatiena, Srebrenicakoa bezalako genozidio asimilatzen zailekin… Are gehiago, liburu hau irakurrita esan liteke akaso gerra hau komunikabideen garai batean heldu zela, eta gauza asko isilarazi diren arren kontakizuna beste modu batean iristen ari zaigula. Zer balio eduki dezake horrelako lan batek, zure ustez, gerratik 25 urte pasa diren honetan?

Drakulićek berak esana da fikzioak errealitatea ulertzen lagundu behar duela, eta uste dut bete-betean asmatzen duela. Hau da, orotariko hedabideen bitartez kontatuko digute zenbat hildako izan ziren, zenbat zauritu, zenbat emakume bortxatu zituzten… baina fikzioak jende horren bizitzetan arakatzeko balio du, ahots isildu asko entzunarazteko, eta, hortaz, gertaturikoak beste modu batera ulertzeko.

Egilea Donostian izan zen Literaktumen, aukera izan zenuen harekin kontaktatzeko? Liburuaren berri izan zuen?

Euskarazko liburua aurkeztera eta minari buruzko mahai-inguru batean parte hartzera etorri zen, bai, eta, kasualitateak zer diren, aurkezpenaren egunean ospitalera joan nintzen nire alabaz erditzera. Beraz, ez nuen aukerarik izan bera ezagutzeko. Pena izugarria eman zidan.

Ez da hau azkenaldian aurkeztu duzun liburu bakarra. Iñigo Roquerekin batera plazaratu zenuen Kazuo Ishiguroren Egunaren hondarrak (Elkar), lau eskutara egindako itzulpena. Oso liburu ezberdinak dira, pentsatzen dut itzultzeko esperientziak ere oso ezberdinak izango zirela...

Bai, hala da. Itzulpen bakoitza berezia da, besteetatik desberdina, eta nik behintzat denetatik atera dut ikasbideren bat. Esango nuke Ishiguroren liburua itzultzea, besteak beste, dibertigarria izan zela; maiordomo ingeles baten azalean jarri, eta hizkera hanpatu baina aldi berean sinesgarri baten bila ibili ginen, hitz eta esamolde egokien bila etengabe. Niretzat erregistro ezezaguna zen, eta, behin tankera hartuta, berez joan zen itzulpena, izotz-pista baten gainean irristatuz bezala.

 

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)