Elkarrizketak

Ana Malagoni elkarrizketa

Mikroipuinez osaturiko liburua plazaratu du: Lasai, ez da ezer gertatzen (Elkar)Ostirala, 2014-03-28

162 mikroipuin. Orri batekoak. Eta Elkarren prentsa-oharrak aurreratzen zigun moduan, "neurri murritz horretan unibertso pertsonal bat eraiki du: hiritarra, gaurkoa". Idazterakoan, ipuingintzarako joera duela aitortu digu Ana Malagon idazle donostiarrak. "Hala ere, kontatu nahi den istorioak eta bere eraginkortasunak erabaki beharko luke formatua eta ez alderantziz".

Ana Malagoni elkarrizketa

Bakardadea eta frustazioa gaur egungo gizartea markatzen duten bi ezaugarri direla esan zenuen liburuaren aurkezpenean. Idaztea al da horri aurre egiteko modu bat akaso? Terapia baino, ihesbide?

Agian terapia edo ihesbide baino, baieztapena da gehiago. Liseriketa.

Bakardadea eta frustrazioa bezala, komunikazioa-inkomunikazioa ere badira gaur gaurko ezaugarrietako batzuk. Komunikaziorako inoiz baino tresna gehiago ditugun garai hauetan.

Tresnek ez dute helburua bermatzen. Komunikaziorako inoiz baino tresna gehiago ditugu baina ez dugu arretarako denborarik, eta askotan, ez interesik. Presa handia duten gizaki aspertuak bihurtu garela iruditzen zait batzuetan. Kontraesan eta guzti.

Bakardadeari lotuta ageri da frustrazioa, eta hori baino azpimarragarriagoa akaso, frustrazioaren onarpena. Pijamaren azalpena ipuinean, esate baterako, aitorpen moduko itxura hartzen du. 

Bere egoeraz jabetu arren, ipuin horretako protagonista onartu nahi ez duen bakardade batean aurkitzen da. Inork eskatu ez duen azalpenaren tentazio exhibizionista du. Gertatzen zaiona axola duen ilusioarekin bizitzera ohitzen ari da.

 

Unikornioarena ipuinean (edota beste batzuetan) ikusiko dugunez, frustrazioaren sustraiak hein handi batean haurtzaroan daude. Eta txikitako oroitzapen askotan. Laster ala berandu konturatuko gara errealitatea ez dela irudikatu zigutena, ezta?

Nostalgiak haurtzaroaren ideia kutsatu duelakoan nago. Ez dut esan nahi haurtzaroak orokorrean traumatikoak direnik, baina deskubrimenduen eta ilusioen aro teorian fantastiko hortan, besteekin harremanetan jartzen garen momentutik, errealitatearekin ditugun lehenengo talkak ere gertatzen dira. Honek, modu batera edo bestera, gure ondorengo izaera baldintzatzen du.

Umore dosiak ere badira ipuinetan barrena, batzuk oso nabariak. Karaokea ipuinean, esate baterako. Baina beste batzuetan, ozpindua ere badator umore edo ironia hori. Ironian datza akaso idazleak bere buruarekiko eta lanarekiko behar duen ezinbesteko distantzia?

Inperfekzioaren jabetze bat dago ironian. Min egiten digunari erantzuteko modu posible bat bezala ulertzen dut. Ez bakarrik idaztean, orokorrean baizik. Zentzu hortan nik ez dut uste idazleak eta idazteak beste edozein eta edozerren desberdin direnik.

...Esan beharreko gauzak bururatzen zaizkidan bataz besteko atzerapenarekin. Zentzu horretan, literatura akaso bada kontuak kitatzeko arma.

Izan daiteke, baina ez zait oso elegantea iruditzen. Kontuak momentuan eta aurrez-aurre kitatzea hobeto. Egunsentiko duelu batean bada ere.

 

Ipuinen indarra eta puntu lehor hori mantentzeko”. Horregatik heldu omen diozu mikroipuinaren formatoari. Baina ipuin batzuk bazuten akaso garapen luzeago baterako aukera.

Agian bai, baina idazterakoan ez dut inoiz inpresio hori eduki. Ez dut ideia jakin bat beste baterako gordetzeko tentaziorik izan. Kontrako bidea izan da kasuren batean. Formatu luzeago batean funtzionatzen ez zuen zerbaitetik zati bat hartu dut, moldatu eta eraginkorragoa iruditu zait txikitasunean.

Zehatza, zuzena

Formato horrek ere baldindatzen du idazteko modua, ezta? Idazkera ere hala baita: zehatza, zuzena.

Nire idazteko modu arrunta da, ez uste. Baina bai, istorioen fokoan, formatuan eta idazkeran zehatz eta zuzenean aritu naiz.

Ipuingintzan hain ohikoa den estilo fantastikora hurbiltzen den ipuinik bada: Mehatxuak ipuina, esate baterako. Zure gustuko idazleak ere, ipuingintza praktikatzen al dute?

Mehatxuak ipuinaren kasuan, nahiz eta agian kutsu fantastikoa duela iruditu, benetan gertatu zen zerbait du abiapuntu. Arazo mentalak zituen Phil Ochs-ek John Butler Train izena hartu eta nortasuna aldatu zuen bere krisialdi batean. Askotan laban batekin armaturik joaten omen zen, norbait segika zuela eta hil egin nahi zuela uste zuelako. Gainbehera horren lekuko izan zitekeen pertsona batek kontatzen du istorioa.

Irakurle bezala, estilo literarioen inguruan ez dut preferentzia berezirik istorioak onak baldin badira eta ondo kontaturik baldin badaude. Idazterakoan, ipuingintzarako joera dut, nabarmen. Hala ere, nire ustez, kontatu nahi den istorioak eta bere eraginkortasunak erabaki beharko luke formatua eta ez alderantziz.

Berehalakoa, efimeroa

Lidl-eko txokolatearen korridorea, Komuneko sustoak, Ketchup... pop pilulak dirudite. Estetikoki oso hiritarra da liburua.

Giroa ahalik eta errealistena izatea garrantzitsua iruditzen zitzaidan, gero horren gainean  fikziozko istorioak eraiki ahal izateko. Istorio horietako batzuek, instante zehatzak dituzte oinarri, ofizinako giroak, edo kontsumoko objektuak, eta baliteke hortan pop kulturaren eragina izatea. Berehalakoan eta efimerotasunean.

Iban Zaldua (hitzaurrearen egilea), Ana Malagon eta Xabier Mendiguren (Elkar argitaletxeko editorea).

“Ezkutuko egile bat berreskuratzeko aukera ematen digu liburu honek”, antzekorik esan zuen Iban Zalduak liburuaren aurkezpen ekitaldian. Horrek zer esan nahi du, urteotan itzalean aritu zarela idazten?

Interneten idazten dena itzaletan dagoen zerbait da publikoaren zati handi batentzat. Papereko argiltalpenekin beste mekanika batzuk jartzen dira martxan eta bestelako irakurleengana heltzeko aukera ematen du. Alde batetik, objektu fisiko bat delako, eta hala ez balitz ere, liburu elektronikoen kasuan, promozio bat dagoelako.

Urruzuno belaunaldiko partaide gisa ageri zara liburuaren hitzaurrean. Orduko esperientziak arrastorik utzi al du zugan, zure idazle formazioan, zure idazteko moldean?

Idazten jartzeko motibazio eta autoestimu aldetik onuragarria izan zela uste dut, batzuontzat behintzat. Lehiak badu bere alde iluna eta noizbait pentsatu izan dut ez ote zuen euskal literaturak idazle paregaberen bat galduko, lehiaketa haietan saririk jaso ez eta betiko amore eman zuelako. Nerabeak ginen eta nerabezaroan oso erabaki drastikoak hartzeko gai gara.

Ana Malagon hartatik zeozer gelditzen ote den? Ezetz espero dut.

Kontenedorea ipuina

Iban Zalduak idatzi du Lasai, ez da ezer gertatzen (Elkar) liburuaren hitzaurrea: "Bakardadearen koordenadak". Liburuaren aukezpen ekitaldian ere hartu zuen parte Iban Zalduak. Bi ipuin irakurri zituen, tartean, ondoko bideoan jaso genuen hauxe: Kontenedorea.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)