Elkarrizketak

Anartz Izagirrerekin solasean

Ostirala, 2016-05-13

Anartz Izagirre Zubimendik Forma geometrikoak zure baitan izeneko poesia lana plazaratu du Bermingham argitaletxearen eskutik. Pasaia Hiria-Xabier Portugal saria jaso ostean publikatu dute liburua, Garazi Ugalde Pikabearen Morfologiak poesia lanarekin batera. Liburuko bi poema irakurri ditakezue Amuak atalean.

Anartz Izagirrerekin solasean

Argitaratu duzun lehen poesia lana duzu hauxe. Zer sentitzen da lehen poemak paperean ikusita?

Alde batetik, sekulako poza. Ez da berdina olerkiak word dokumentu batean edo liburu batean argitaratuta izatea. Garazi Ugalderekin liburu bat konpartitzea ohore bat da niretzat. Konturatu ginen gure olerki-bildumek badituztela zenbait antzekotasun, eta ondo josten direla elkarrekin. Lehen aldia da nire olerki-bilduma bat liburu batean argitaratzen dena eta Bermingham argitaletxekoek emandako tratua oso ona izan da. Bestetik, ardura sentitzen dut. Iruditzen zait liburu bat argitaratzeak eskatzen duela gutxieneko kalitate bat, eta argitaratutako lehen lana izanda beti duzu beldur hori, ea jendeari gustatuko ote zaion edo maila ematen ote duen. Liburua esku artean dudan bakoitzean bertigo apur bat sartzen zait, baina oso sentsazio polita da.

Lehiaketen munduan ibilia zara lehenago ere, kasu, Errenteria Hiria ipuin lehiaketan ere sari bat jaso duzu. Lagungarri zaizkizu lehiaketak, lehen lanak plazaratze aldera?

Bai, Errenteria Hiria lehiaketako gazteen saria irabazi nuen aurreko urtean, ipuin batekin. Horrez gain, duela urte batzuk ere bigarren saria eskuratu nuen R.M Azkue lehiaketan, baina gainontzean ez dut lehiaketa askotan parte hartu. Lehiaketak ondo daude, polita da epaimahai batek zure lana baloratzea eta nire kasuan bezala, hasiberria izanda oraindik eta gehiago. Xabier Portugal-Pasaia Hiria lehiaketagatik izango ez balitz, nire olerki-bilduma ziur aski ez zen inoiz argitaratuko. Lagungarri zaizkit lehiaketak eta gustatzen zaizkit, baina une batzuetan egia da sormena mugatu ere egiten dutela, zure lana lehiaketako oinarrietara moldatu behar denean, adibidez.

Forma geometrikoak zure baitan, dio tituluak. Forma geometrikoek zehaztasuna iradokitzen didate, zientzia, emozioekin zerikusirik ez duen nolabaiteko hoztasun bat. Zuk barne mundura eraman dituzu. Nola eman zaizu elkarketa hori?

Formak izatez hotzak iruditzen zaizkit niri ere. Ez da erraza emozioei forma bat ematea. Ideia otu zitzaidanean barne munduari itxura ezberdin bat eman nahi nion, eta alderantziz, geometria sentimenduekin lotzea hitz-zubiak erabilita. Geometria entzuten dudanean angeluak, azalera, erpinak... etortzen zaizkit burura. Emozioekin, eta bereziki harremanekin ere antzeko zerbait gertatzen zait; mugak, hasiera eta bukaera, eremua... kontzeptu guzti hauek aukera eman zidaten hain ezberdinak diren bi mundu hauek elkartzeko. Saiakera bat izan da, betidanik hain uniformeak irudikatu izan ditudan lerro zuzenetan saihesbideak eraiki nahi nituen, erpinak malgutu.

Sexua, maitasuna... formarik gabeko formak, mugimendua, borobiltasuna... iradokitzen dizkidate berriz. Nondik daude landuta liburu honetan gai hauek?

Maitasunak izatez ez du forma konkreturik, gu gara geure sentimenduen edukiontziaren diseinatzaileak eta norberak erabaki behar du bereak izan beharko lukeen forma. Maitasuna etengabe jarioan dagoen emozio mugagabea da baina maitasunaren moldeak aldez aurretik zehaztuta eta guztiz errotuta ditugu geure buruetan. Forma geometrikoekin pentsatzen dugunean seguraski gehienoi borobila eta karratua etorriko zaizkigu burura, baina askoz gehiago ere badaude eta ezezagunagoak izanagatik hor daude eta existitzen dira. Maitasun ereduekin ere berdina gertatzen da. Ikuspuntu aske batetik landu nahi izan dut gaia; ez da emozio zurrun bat, unibertso anitza da. Nik neure forma eman diot emozioei kontziente izanda irakurtzen duenak beharbada ez diola itxura berdina hartuko.

Hitzen 1

Poemek forma ezberdinetatik egindako ibilbidea iradokitzen dute: zirkulua, triangelua, elipsea, parabola, angelu kamutsak, kuboa... zer nolako bidea egin duzu haietan?

Bildumako bederatzi olerkietatik bakoitza independentea da eta bakoitzak bere egitura propioa du. Olerki bakoitzak bere ekarpena egiten dio bildumari eta azken poeman elkartzearekin batera hustu egiten da guztia. Sarrera forma guztien erdigunea edo elkargunea den bezala, amaiera amorfo bat nahi nuen, pilatutako emozio guztiak hustuko zituen eremu bat. Olerki bakoitzak liburuan bere ordena badu ere beharbada orain beste hurrenkera bat izango luke bildumak. Hasieratik amaierara desbideratzen eta sakabanatzean doaz lerroak.

Askatasuna ez dun eliptikoa. Ordea.

Ortzimuga zeharkatzea ez dun horren nekeza,

alboan bahago.

Izan hadi igel.

Irentsi euliak.

Forma eta emozioaren arteko talka horretan, “zu/hi” baten figura oso presente dago, titulutik hasita, eta baita “gu” bat ere. Zure buruarentzat idazten duzu, edo beste norbait behar duzu ezinbestean buruan?

Egia da. Idatzi eta handik denbora batera olerkiak berriro irakurri nituenean konturatu nintzen gehienetan beste norbait dagoela. Ez nago inoiz bakarrik, edo bakarrik banago bestea dut buruan. Tituluan bertan ere ikusten da hori. Haserretu egin nintzen nire buruarekin. Barru-barruan sartuta dugun zerbait da “bestearen behar” hori, bakardadeari zaion beldur absurdo hori, eta hori gure egunerokotasunean islatzen den bezala, olerkietan ere erreproduzitu egiten da. Uste dut badela garaia lotura hori hausteko, baina bide luzea dugu aurretik, eta neuk ere bai.

Ibilbide horretan “hutsa” da amaiera, eta “hutsa”k dakarren betiereko kontraesana.

Forma geometrikoak barrutik hutsik daude.

Sentimenduak, berriz, ezin hustu.

Funtsean, gauza bera dira.

Abstrakzioa bietan dago.”

Zer da, funtsean, “hutsa” zuretzat?

Emozioek gain hartzen dizutenean sentitzen duzun hutsunea da hutsa, hutsune horretan emozio pila bat daude konprimituta zeure buruan, baina fisikoki zer nolako itxura dute emozio horiek geure barne munduan? Nola hustu lehendik hutsik dagoena? Hustea lasaitzearekin lotzen dugu askotan, baina niri, besteak beste, noraeza iruditzen zait, anabasa. Emozio pilaketa batek une batetik bestera eztanda egiten duenean airean gelditzen dira sentipen guzti horiek, aske. Askatasuna denok desiratzen dugun anabasa da. Hutsaren hurrengoa da askatasuna, zentzu onean ulertuta.

Narrazioa eta poesia idazten duzula esan dugu. Non zaude erosoen?

Poesian erosoago sentitzen naiz. Narrazioan gertatzen zait ideiak izan arren gehiago kostatzen zaidala istorio bat garatzea, eta sarritan erdibidean gelditzen naiz. Liburuak irakurtzerako orduan justu kontrakoa gertatzen zait, nobelak irakurtzeko ohitura handiagoa daukat. Poesiak askatasun handiagoa ematen dit nahi dudana idazteko edo idatzi nahi dudanak gehienetan olerki itxura hartzen du.

Eta aurrera begira, zer duzu esku artean, edo zer gustatuko litzaizuke edukitzea?

Gustatuko litzaidake nire idazteko estiloa hobeto ezagutu eta garatzea; asko gustatzen zait hizkuntzarekin jolastea eta hitz berriak deskubritzea, eta horretarako euskarak aukera pila bat eskaintzen ditu. Teknika hobetzea nahi dut eta formakuntza jasotzea. Bestetik, poesia errezitatzen trebatzea ere nahiko nuke. Asko gustatzen zait idatzitakoa altuan irakurtzea eta entzutea, bai nire lanak eta baita gainontzekoenak ere. Une honetan ez dut proiekturik buruan baina autobusean asko bidaiatzen dut azkenaldian eta ziur nago laster etorriko zaidala berriz ideiaren bat, eta horrekin batera zerbait idazteko gogoa. Idazten jarraituko dut, hori oso argi daukat.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)