Elkarrizketak

Antonio Casado da Rochari elkarrizketa

Osteguna, 2011-06-30

Antonio Casado da Rochak Esku ezkerraz poesia liburua kaleratu du Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik. Casado da Rochak lehenagotik ere badu eskarmenturik poesiagintzan, baina hauxe du lehen lana euskaraz. Horretaz mintzo da, hain zuzen ere, liburuan: euskaldun berria izatearen funtsaz, beti ere ironia, umorea eta sakontasuna uztartuz irakurleari gertukoak eta egunerokoak egiten ahal zaizkion irudietan.

Antonio Casado da Rochari elkarrizketa

Hauxe duzu lehen poesia liburua euskaraz, baina lehenago hainbat lehiaketen bidetik kaleratu dituzu bi poema bilduma ere erdaraz (Filósofos y películas 2007an, Quién me mandaría a mí 2009an, biak Berminghamen eskutik). Euskaraz idazten hasteak zure ahots poetikoan eragin du, zer edo zer aldatu da, ala aurreko ildoaren jarraipena da?

Zalantza gehiago izan ditut, noski, baina horrek ez du txarra izan behar. Ziurtasun ezan ibiltzen ikasi nahi dut. Nire poesiak badu jostaria den puntu bat, eta hizkuntza berria jostailu berria delakoan, gozatu egin dut euskarak ematen dituen baliabideak erabiliz, forma anitzekin esperimentuak eginez... Bertsolerro batean diodan bezala, funtsezko gauzak ez dira aldatzen. Bai, ordea, tradizioa. Euskaraz idazteak tradizio berri batean kokatu nau, eta tradizio horretan dauden beste poemekin elkarrizketa batean murgildu naiz. Testuinguru hori, eta berarekin batera datozen bizipenak, ez ditut hain eskura erdaraz idazten dudanean. Oro har, biraketa hau oso aberasgarria izan da ene bizitzan eta bidaia jarraitzeko asmotan nago.

Saiakeratik ere bazatoz nolanahi ere, besteak beste Henry David Thoreauren inguruko lanak egin dituzu, biografia eta itzulpena. Dead poets society 1989ko filma hartan protagonistek Thoreauren testu bat aipatzen zuten behin eta berriz. Non egiten dute bat, zure erreferentzien munduan, poesiak eta Thoreauk?

Leku zehatz batean: Walden aintziran, munduan laku bat, non Thoreau bera bizi izan zen 19. mendean. Filmeko aipua Walden izeneko liburutik dator, eta oso poetikoa deritzot. Thoreauk poemak ere idazten zituen, noizean behin, baina bere poesiarik onena prosazko bere liburutan aurkitzen dut. Pentsa, Ameriketan argitaratu omen dute Waldeneko bertsio bat, haiku formara egokitua!

Zure aurreko liburu batean pelikulak aipatzen zenituen, liburu honetan ere ugariak dira egunerokotasun gertu bati loturiko erreferentziak, teknologia jada domestikoen eskutik sarri. Badago pentsamendurik eta sakontasunik liburuan, baina zer nolako kontrastea sortzen da bi ildoen artean?

Bai, hein handi batean ordenagailuak, pantailak, telefonoak... gure inguru naturala bihurtu dira. Teknologiekiko gure harremanaz profitatzen duten poemak biziki gogoko ditut, eta harremanaren alde onak eta ez hain onak islatuko lituzkeen sail oso bat idatzi nahi nuke, honelakoa: 'Gmail ez da zure laguna', 'iPod ez da zure txakurra', 'Skype ez da zure familia', 'Facebook ez da zure koadrila', etab.

Txantxak aparte, pentsamendua eta poesia lotuta daude nirean, baina poesia egiterakoan objektuei so nago, ñabarduretan zer ikusiko. Adibidez, liburu honetako poema bat hasten da ardo tanta bat begira nagoela, baina garapenak eramaten gaitu taoismoaren doktrinara. Poema hauek objektuetatik kontzepturaino bidaia txikiak dira, eguneroko metaforen bidez, eta ezustekoz beterik.

Egunerokotasuna gero eta zatikatuagoa ageri zaigu, 'Testu iruzkin osatugabea' testuan islatzen den moduan. Poesiaren alde da hori, literatura ororen kontra?

Ez dakit ba. Testu horrek zatiketaz dihardu, baina izan ere prosazkoa da, liburuan dagoen mikroipuin bakarra. Gaur egungo bizimoduak hobesten ditu bizkortasuna eta zolitasuna, eta ezaugarri horiek poesiarenak dira, baita genero motz ororenak ere. Agian aforismoentzako aproposak dira egun hauek.

Umorerik, auto-ironiarik ez da falta liburuan ('Lukas Ortzibiltariak bere heriotza igarri du'n, adibidez). Oro har ez da erraza horrelakoak topatzea poesian... berezkoa duzu joera hori?

Bai, guztiz. Billy Collins poeta eta irakasleari entzun nion 19. mendeko erromantikoek tratu txarra egin zutela, alegia: umorea poesiatik atera, eta horren truke paisaia sartu. Bertso munduan umoreak dirau. Collins-en eskolakoa izanik, nik biak nahi nituzke, paisaia eta umorea.

Ironia beharrezkoa dut batez ere gure egoeraz hitz egiteko, txantxak nire kontu izanik. Esate baterako, liburuan badago poema bat non omenaldia egiten diodan Ella Fitzgerald eta Louis Armstrong-en kantu bati, 'Let's call the whole thing off'. Kantu horren egitura eta leloa erabiliz, gure herrian dagoen aniztasunaz dihardut nortasuna, hizkera edota politika inguruan dauzkagun ikamikei buruz irribarreño bat eragiten saiatuz. Ez dakit poema horretan lortu dudanik, baina jatorrizko kantuak daukan gauzarik politenaren bila nenbilen, alegia: Ella eta Louisen artean sortzen den konplizitate umoretsua. Ezberdinak izan arren, dantza egiten baitakite.

Asko dira liburuan egiten dituzun idazleen erreferentziak. Zorrak kitatze aldera egin duzu? zer nolako paisaia osatzen dute zure kasuan, bestela, erreferentziek?

Orojalea naiz literatura kontuetan. Liburuan sartu ditut laket zaizkidan poetak, eta jarraitu, arbuiatu edo erantzun nahi nituzkeen poemak. Idazle famatu bat euskaratu dut, Tomás Segovia, baita gurean guztiz ezezaguna den Gabriel Fitzmaurice ere. Paisaia anitza, nik uste.

Eta paisaiaz ari garelarik poesia aski hiritarra izanik, Anjel Errok aurkezpenean ondo aipatu zuen moduan, kontraste bitxia da naturaren presentziak orriotara dakarrena. Pertsonen seriotasun eta pentsamendu nahiaren ertzetik, animaliatasuna gailentzen da?

Animaliak erabiltzen ditugu gure nortasuna eraikitzeko, baina gizakiok ere animaliak gara. Gure animaliatasun horrek kezka bat eragiten du gure baitan, animaliak nola tratatzen ditugun ikusita, eta uste dut poesia tresna egokia dela eremu hori aztertzeko, gizakien eta abereen artekoa. Badakizu, poesia beti mugalari lanetan...

Erroren aurkezpena berriz ere gogora ekarrita, poemak 'sortzen' dituztenen artekoa baino 'aurkitzen' dituztenen arteko omen zaitugu zu. Zer bide egiten duzu poemara iristeko?

Eguneroko bizitzak poesia aurkitzeko parada franko eskaintzen dizkigu. Antena ondo jarri baino ez da behar, eta nago eleaniztasunak laguntzen digula. Hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen duzunean, batek laguntzen dizu besteari modu berrian erreparatzen, lehengo aldia bailitzan entzuten. Orduan, komunikatzeko tresna hutsetik haratago, objektu estetiko bihurtu dugu hizkuntza, eta une horretan poesia datorkigu.

Islandia, hegazkinak, elurra... nahita errepikatzen diren irudiak dira, ala gerora jabetu zara haiekin?

Poemaz poema aritzen naiz. Idazten eman ditudan bizpahiru urteotan liburuaren egitura eta iruditeria ez dut gogoan izan, hurrengo poemarena baizik. Baina negua maite dut eta, lan kontuak direla medio, Islandian egona naiz. Herrialdea miresgarria izateaz gain, literarioa da oso: Borges, Auden,... Errok idatzi duen bezala, hegazkina liburuaren sinbolotzat har genezake, baina arrazoia prosaikoagoa ere badagoela gehitu behar dut: hegazkinetan eta hegazkinetaz idazten dut bidaietan idazteko aisia izan dudalako, besterik ez.

Ekialdeko literatur tradizioaren hats bat ere suma liteke. Zer harreman duzu harekin?

Kasualitatez, Thoreauri buruzko ikerketa bat egiten nengoela, ezagutu nuen Debra Kang Dean poeta estatubatuetarra. Debrak poesia japoniarreko lantegi batera gonbidatu ninduen, eta han hasi ginen renkuaren eta haikuaren teknika batzuk elkarrekin lantzen. Asko ikasi nuen berarekin, eta garai hartako ikasketak zabaltzeko asmoarekin Uztaro aldizkarian artikulu bat idatzi genuen gero Zigor Perales eta biok. Maite ditut Txinako poemen izenburu luzeak bezain zehatzak, eta hamazazpi silabatan une hegazkorra bezain egonkorra islatzeko erronka.

Euskaldun-berriaren 'mundu ikuskera' (horrela deitzen ahal bazaio) da liburuaren ardatz garrantzitsu bat. Poesiaren bidetik azaldu duzun heinean, euskaldun zahar edo euskaldun berri-zahar askori pozgarria egingo zaio topiko, konplexu eta zoritxarreko mito askoren erdi-erditik pasa zarela ikusteak. Euskaldun berriaren gogoa izan duzu berbagai, pasa zaizu burutik euskaldun zahar edo berri-zahartuek poema hauek irakurrita izan dezaketen sentipena?

Irakurlea beti gogoan edukitzen saiatzen naizen arren, ez dut atsegin zaharren eta berrien bereizketa hori. Euskaldunak gara euskaraz komunikatzen garen heinean, ezta? Nik neure ibilbidearen berri ematen dut, besterik ez, zer nolako harrera izango ote duen pentsatu gabe. Oro har, etxean bezala sentitu naiz, baina egia da euskaraz idazteko hautuak biraketa handi bat eragin duela nire baitan, batik bat hizkuntzarekiko harremanak ikusteko eran. Antzinako grekoek hitz polit bat asmatu zuten horrelako aldaketak adierazteko: metanoia, gogo-aldaketa. Uste dut hainbeste paranoia bizi ostean, behar dugula behingoz hitzez aldatu, eta paranoiatik metanoiarako bidaia egin, euskararekiko harremanak hobetuz, eta elebakarrek elebiduntasunari dioten beldurra gaindituz.

Euskaldun berriaren inguruko poemek asko dute umoretik, freskoa da poesiatik hizkuntza ikastearen inguruan egon daitekeen pisua arintzeko agertu duzun gaitasuna. Erretratu arrazionala izan da, ala poematik poemara barrutik ateratakoa?

Arrazionala ez da izan, edo ez guztiz bederen. Hizkuntza bat ikastea maitemintzea bezalakoa da: badago borondatezkoa den alde bat, konpromiso bat, baina prozesuan emozioek agintzen dute. Oro har, poesia dugu emozioen hiztegi bat. Nirean umorea erabili izan dut nire beldurrak uxatzeko, eta gure inguruan zegoen giro astuna pixkat arintzeko. Baina prozesu horrek urteak behar izan ditu garatzeko, eta ez da oso deliberatua izan; esan bezala, poemaz poema ibili naiz.

Puntu honetan, eta liburu osoari begira ere, Joseba Sarrionandiak liburuan duen presentzia aipatzea ekidin ezina dirudi...

Bai, Lukas Ortzibiltariarena, Joseba Spinozarena,... Sarriren itzalpean aurkitutako poemak dira. Nik ez dut bere lana sakon ezagutzen, baina dakidana estimu handian daukat, batez ere bere zaleak ezustekoan harrapatzeko duen gaitasunagatik. Nahitaez, gure literaturaren demiurgo ezkutua bilakatu zaigu; horregatik, diozun bezala, ez dago bere presentzia ekiditerik, ez nire liburuan ez eta euskal literatura osoan.

Poesia euskaraz idatzi eta irakurtzera eman diguzu. Euskarazko poesia-irakurle ere bazaitugu orain?

Irakurle nauzue idazle baino gehiago. Egunero irakurtzen dut poesia, eta egun euskaraz egiten dena, euskal poesia garaikidea, asko interesatzen zait. Izen-abizenak ez ditut aipatuko poemak direlako, ez haien egileak, benetan interesatzen zaizkidanak. Irakurri ahala nire antologia pertsonala osatzen dut.

Literaturian zure poemak publikoarekin aurrez aurre konpartitu zenituen. Nolako esperientzia izan zen?

Literaturiakoa, oro har, oso polita: jaialdi ederra eta hurbila, anitza eta partehartzailea izan zen. Entzule eta ikusle gisa plazer bat, eta idazle gisa ohorea. Baina poemok irakurri nituen lehenengo aldiz, eta ez dut eskarmentu handirik horrelakotan. Gainera, 'ez nuen hirugarren kafe hori hartu behar'... halabeharrez ikasi nuen poesia liburuek zertarako behar duten aurkibide zehatzik.

Izan ere, poesia ozen irakurtzea ez da batere erraza. Aitortu behar dut idazten dudanean ez dudala hitzen soinua aintzat hartu, neurria eta iruditeria baizik. Philip Larkin olerkari ingelesak ez omen zuen gustuko bere poesia ozen irakurtzea, edo entzutea, poema orrialdean irakur zedin idazten zuela argudiatuz. Agian bere leinuko poeta bat naiz ni. Edo agian arlo horretan gehiago lan egin beharko nuke, auskalo...

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)