Elkarrizketak

Antxiñe Mendizabalekin solasean

Ostirala, 2018-07-13

Antxiñe Mendizabalek Emakume burugabea helduentzako poema ilustratua argitaratu du, Iraia Okinaren ilustrazioarekin. Erraietan astintzen den emakumetasuna, haragia, norbere gorputza okupatzeko beharra.

Antxiñe Mendizabalekin solasean

Ez da oso ohikoa helduentzako literaturan poema bakar batek osatzea liburuaren muina. Zer du poema honek, testu gisa berak bakarrik salto egiteko plazara? Zergatik sentitu zenuen hainbesteko indar bertan?

Erantzunak prosaiko samarra eman dezake baina hala da: poema motz horretan dago, funtsean, gaiaz esan nahi nuen guztia, une horretan esateko nuen guztia, urteetako nire eskarmentu txiki edo handia. Oinarrizko ideia oso funtsezkoa da, eta hasieratik izan zen erronka hitz gutxitan ahalik eta indar iradokitzailerik handiena lortzea. Homeopatian bezala, poesian ere, disoluziorik baxuena da muinera iristeko modurik eraginkorrena.

Nire bizitzan, poeman kontatzen den esperientzia eraldatzailea eta eraikitzailea izan da, bizitza berri baten abiapuntua, jaiotza berri bat. Haurminetan nengoen aspaldi eta umetokitik irteten den haur baten indar eta bulkada berberaz ikusi du argia poemak, epiduralik gabe. Poemaren indarra hitzetan edo marrazkietan baino gehiago, esperientzian bertan dagoela esango nuke.

Iraia Okinaren ilustrazioek jarri diote gorputza. Zuk zeuk ezberdin ulertu izan duzu testu hau, irudiak egon baino lehen eta ondoren?

Iraiaren irudiek nik bilatzen nuen gordintasuna batzuetan, misterioa beste batzuetan, transzendentzia tarteka, eta gorpuztasuna eta baita maitasuna ere erakusten dute. Alde horretatik, hitzek eta ilustrazioek bat egin dutela esango nuke. Ilustrazioek hitzei are indar eta balio handiagoa eman diete. Hitzez adierazi ezin den hori, atzemanezina den hori, ezin hobe iradoki dute marrazkiek. Iraiari eta bioi ez zitzaigun asko kostatu funtsezkora iristea baina, hala ere, ilustrazioak ikusi nituenean, txundituta geratu nintzen.

emakume burugabea iraia okina

Espero zenuen gorputza da Iraia Okinak zure testuari jarri diona?

Emakume protagonistari buruz galdetzen badidazu, emakume heldu baten gorputza neukan hasieratik buruan, eta halaxe egin du Iraiak.

Bestalde, nire hitzak proiektuaren hezurdura iruditzen zaizkit orain ikusita, eta Iraiaren marrazkiek haragiztatu egin dute.

Gorputza, emakumea, gordinkeria. Idazketa gorputzean kokatu beharko bazenu, nondik idatzi duzu testu hau?

Hiru atal eta momentu ezberdinduko nituzke poeman eta kontaketa prozesuan: lehenengo aldia burutik idatzita dago, bigarrena, alutik, eta hirugarrena, bihotzetik. Hemendik aurrerako erronka hiru alderdiak bat eginez bizitzen ikastea da.

Eta nondik etorri da behar hori?

Buruaren-adimenaren hizkuntzak gogaitua eta ahitua nindukan; nire gorputzeko beste atal horien ahotsa entzuteko beharra nuen, ni lekuko huts bihurtuz, haiei libre mintzatzen uzteko beharra.

Emakume onak etxea argitzen du, dio euskal esaera zahar batek. Esaldi hori bera desegituratu duzu, aurkezpenean aipatu zenuenez. Kontzientzia politiko batetik ere idatzi duzu beraz?

Nire kontzientzia politikoa edo soziala, nire giza kontzientziaren aurretikoa edo ondorengoa den esaten ez nuke jakingo. Edozein modutan, giza kontzientzia, edozein kontzientzia politiko baino zabalagoa iruditzen zait, eta nik hortik idatzi dut, are gehiago, eta posible den neurrian, giza kontzientziaren aurretiko ahots bati hurbildu nahi izan dut (ez dakit horrelakorik posible den ere). Horregatik diot, azken poeman: “Nire gorputza antzinakoa da; lehenengo haitza izan zen, ondoren zuhaitza, gero animalia”. Beraz, testu hau dela eta, ez nuke kontzientzien arteko horrelako bereizketarik egin nahi. Nahiago dut pentsatu senak gidatu nauela.

Asmoa ez zen ez politikoa edo soziala, baina poemak dimentsio hori baldin badu edo hartu badu, pozten naiz.

Askatasunaren bidean, urrats guztiek ez dute zertan xendra berberak ibili behar, garrantzizkoena eta pozgarriena lurralde ezberdinetan pausoa ematen laguntzen duten bidaideak topatzea da.

Bere gorputza okupatzeko beharra duen emakume bat da ahots nagusia, protagonista. Zein neurrian da okupazio hori ekintza intimo bat, zein neurritan da politikoa edo soziala, zein neurritan biak batera?

Ekintza intimo bat da, baina ez bakarrik eta bakardadean gertatzen dena, baizik eta aipaturiko lurralde horietan aurkitutako beste emakume batzuekin, horregatik eta orduan bihurtzen da soziala. Edozein modutan, gizakia bere osotasunean da intimoa, politikoa eta soziala, eta zatiezina den neurrian guztiak gauzatzen dira aldi berean. Edozein modutan, gertaera hau bi munduren arteko mundu batean gertatzen da, non ezer ez den ematen duena… dimentsio hori lurralde edo denbora jakin bat haratago dagoela esango nuke: “Nire zentzumenak dira mugagabetasunera irekitako leihoak”.

Baina okupazioa bada norberaren etxearena, gorputzarena; berreskuratze bat agian, itzultze bat. Bada bere gorputza okupatzera bueltatzen ez den emakumerik?

Norbere gorputzean bizi ez diren emakume asko dago, nahiz eta etengabe ari garen gorputzaren aldarria egiten. Emakumearen gorputzarekiko ikuspegia bi muturretan jartzen dela uste dut: estetikoa eta patologikoa, naturaltasunetik erabat aldenduta. Horrenbestean, emakumezkoek nolabaiteko morrontza sentimendua dugu gure gorputzarekiko. Bestalde, emakume asko dago oraindik munduan, eta baita gure artean ere, sexuaren plazera ukatu zaiona eta ezagutzen ez duena.

0422_kul_mendizabal(Argazkia: Naiz).

Era berean, testuak bi ahots mota ditu, tipografikoki ere ezberdindua dagoena: zer adierazten du horrek, barne gatazka? Barne eztabaida? Edo akaso kanpoagotik datorren beste ahots baten eragina da?

Nahi gabean egindako kontua da hori, kontzienteki ez behintzat, baina gerora irakurrita, iruditzen zait paragrafo bakoitzaren amaieran, pausa antzeko bat bezala egiten dela, funtsezko ideia bat azpimarratzeko, sintesi antzeko bat da.

Sinbolismoz beterik dago liburua, esanahi kontzentratuz, irudi indartsuz. Estiloari dagokionez zerbaiten bila jardun zara idazterakoan, edo beste era bateko idazketa izan da bertakoa (intuitiboagoa akaso)?

Oso intutiboa izan da, izatekotan irizpide bakarra izan dut kontuan: hitzek irudiak sortu behar zituztela eta horiek izan behar zutela aparteko indarra. Dena den, beste baldintza bat ere badago idazten hasita, kontuan hartu beharrekoa: norberak bere mugak eta gabeziak ezagutzeak aukera ematen du horiei zukua ateratzeko, eta niri ezinezkoa izango litzaidake bestelako testu landuago, sintaxi aldetik bihurriagoa idaztea.

Besteak beste, sinboloen artean, oinak. “Zapata gorriak” ipuina izan zenuen gogoan idazten hasterakoan. Zer mugitu zizun ipuin horrek?

Ipuin klasikoak asko maite ditut, azaletik eta zuzentasunetik haratago beti dutelako beste tolesduraren bat. Gaur egun, ipuin horien erabateko irakurketa politikoa egiten da, beren esanahia guztiz murriztuz. Klasikotzat jotzen ditugun ipuin horiek ordea, aurretiaz, beste aldaera batzuk izan dituzte, eta horietan zenbat eta gehiago ikertu ustekabe handiagoak hartzen dira.

Andersenen ipuinaren aldaera asko irakurri ditut. Aipaturiko ipuinean zapata gorriek emakumea bere benetako izaera ahaztu eta gatibu bihurtzeko amarrua dira. Okerrena da, normalean, eskarmentu gabeko emakumeak oinetako gorriek txunditu egiten dituztela, ez dira konturatu ere egiten heriozko segada batean erortzen ari direla haiek jantzita. Ipuin horren atzean ikasgai bat dago: erne ibili oinetako gorriak oparitzen dizkizuten gizonezkoekin, beren esanetara jarriko zaituzte. Gizonezko horrek gizarte heteropatriarkalaren antz handia duela esango nuke. Emakumeei orain dela ehunka urte ohartarazi ziguten… eta, bai, ipuin klasiko baten bidez.

Horrenbestean, hiztegiak esaten digu euskaraz ere prostitutei zapatagorri esaten zitzaiela garai batean, eta geroztik ipuinak are esanahi handiagoa hartu du.

Burua galtzea, eromena... Agian eromenaren definizioan datza gakoa? Eromenaren definizioa hankaz gora jartzean, eta batez ere, definizioak eraikuntzak direlako kontzientzian?

Eromena hitz bihurria da eta edozein modutan erabiltzea ere ardura handia eragiten dit. Erotzat jotzen ditugun pertsonek patologia latzak izan ditzaketelako, baina liburu honetan, eromena arrazoiaren mugetatik at ibiltzea besterik ez da. Kasu honetan, gainera, emakumeak ez du burua galtzen: “… guztiz ahaltsu, bere buruaz gabetzen da”, hau da neurri batean badaki zertan ari den; arrazoiak ez lioke horrelakorik egiten uzten, baina berak badaki egin behar duela.

Muga horietatik haratago ibiltzen ohituak gaudenok, hau da neurosi onargarri bat dugunok, eta etengabe lurralde horietan barneratzen garenok askotzen jotzen gaituzte erotzat, eta egia da arrazoiaz haraindi ibiltzeko zuhurtzia eta aldi berean ausardia handia behar dela, gizakiok oraindik ez baitugu lurralde horietan ibiltzen ikasi, nahiz eta etengabe erakartzen gaituen, sortzailek batez ere, badakigulako miatu gabeko lurralde horietan daudela aurkikuntza ikaragarriak, kontakizun berriak, aldaera eta aukera ezezagunak.

Orain arte haur eta gazte literatura idazten ezagutu zaitugu. Liburu hau trantsizio bat da? Helduen literaturan sakontzeko asmoa duzu?

Idazten dudanean ez dut aldez aurretik horrelako erabakirik hartzen. Kontakizuna dago lehenengo eta hartzailea ondoren. Hartzailearen arabera aukeratzen dut modua.

Amaitzen joateko, ba omen duzu liburu honekin zuzenean zer edo zer egiteko asmoa. Aurreratu daiteke zerbait?

Poesia Orduak jaialdirako proposatu digute emanaldi bat egitea, Donostian, irailean. Emanaldian ahotsa nire izango da, gorputza, Nerea Gartziarena, musika Pello Ramirezena eta begirada, Oier Guillanena.

Askatze basa baten dantza transmititu digute Iraia Okinaren irudiek. Liburuaren amaierarako, ospakizunaren aldartea geratzea nahi zenuke?

Bai, ez nago gauzak ospatzen ohituta eta oraingo honetan nahiko nuke ospatu; ahal bada, ni ere dantzan jarriz.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)