Elkarrizketak

Beatriz Chivite Ezkietarekin solasean

Ostirala, 2017-06-09

Beatriz Chivitek Pekineko kea poesia liburua plazaratu du Pamiela argitaletxearen eskutik. Bertan ekialdeko poesiaren eragina suma daiteke, lerro arteko isiluneen indarra, tradizioa eta testuinguru garaikideen arteko talka. Zentzumenekin irakurri daitekeen poesia, norberak barruan daraman poemaren oihartzun bat bezala.

Beatriz Chivite Ezkietarekin solasean

Poesia eta mundua

Liburu honek Txinara eraman gaitu, Pekinera; elkarrizketa hau bideratu nahian genbiltzala kanpoan zenbiltzala jakin dugu. Argian duela urte batzuk egin zizuten elkarrizketan ere munduan zehar egin dituzun hainbat egonaldi izan zenituen gogoetagai. Zer leku betetzen du poesiak bidaietan, zure mundu ikuskeran?

Hamasei urte nituela joan nintzen Euskal Herritik eta geroztik ez dut hilabete oso bat etxean pasa. Munduan zehar ibili naiz lanean eta ikasketak egiten, eta hortaz poesiak ere bidai-eguneroko moduan idazten ditut, bizitako esperientzia guztiak betikotzeko, beste norbaitek argazkiak ateratzen dituen moduan. Bestaldetik euskaraz idazterakoan nire sustraiekin harremanetan jartzen naiz.

Pekineko kea ekialdeko kulturaz zipriztindurik datorkigu. Idatzi egin zenuenean, zer izan zenuen gogoan: hango sentsazioetan modu pertsonalean murgiltzea, edo irakurleari nolabait hango munduaren zati bat ezagutaraztea?

Idazten dudanean ez dut irakurleetan pentsatzen, hasiera batean ez baitakit liburua argitaratuko den edo ez. Nire buruarentzako idazten dut, modu pertsonalean. Euskara ere nire intimitatearen hizkuntza da, lagunekin ingelesez eta italieraz hitz egiten dut eta familiarekin gaztelaniaz – beraz, euskara eta poesia nire barneko sekretu moduko zerbait dira.

Kulturalki zertan dago Euskal Herria Txinatik oso gertu, zertan oso urrun?

Oso zaila iruditzen zait horrelako galdera bati erantzutea esterotipoetan sartzen baigara. Bi kulturek garrantzi handia ematen diogu janariari, familiari, lan ostean lagunekin garagardo bat edateari... Baina ez al da hori munduan zehar oro har gizaki guztiei gustatzen zaiguna?

Literatur ibilbideaz

Zure ibilbideari erreparatuta, sariketa askotara aurkeztu izan zara. Metro izan zenuen lehen lana, Ernestina Champourcin jaso eta gero. Berriki, Blas de Otero poesia saria jaso duzu Biennale lanarekin. Zer garrantzia ematen diezu literatur lehiaketei? Zertan izan zaizkizu lagungarri?

Nire ustez oso baliagarriak dira lehiaketak, olerkiak bakarrik defendatzen dira lehiaketetan, idazlearen biografiaren babesik gabe. Bestalde, irabaziz gero bisibilitate aldetik oso garrantzitsuak dira, eta nola ez, diru laguntzak (lan finko bat ez dugunontzat) benetan eskergarriak.

Liburu honetako poemak ere lehiaketa batean izan ziren sarituak estreinako aldiz. Zer aldatu da aurkeztu zenuen lan hartatik edizio honetara?

Orain dela bost urte idatzi nuen liburua da, hortaz nire idazteko modua apur bat aldatu da, baina liburua zegoen bezala uztea erabaki nuen. Txukuntze prozesu bat jarraitu dut Pamiela argitaletxearekin, baina irudiak eta sentimenduak gutxi gorabehera jatorrizko bertsioan agertzen zirenak dira.

Poesia landu duzu batik bat. Zer funtzio betetzen du zuregan poesiak, zer ematen dizu poesia idazteak?

Nire gurasoak eta ahizpa txikia ere poetak dira, beraz poesia familiartasunez bizitzen dut, txikitatik maite izan dut poesia eta beraz naturaltasun osoz hasi nintzen poesia idazten, barruan daukadana eta kanpoan ikusten dudana islatzeko beste modurik aurkitzen ez baitut – lo egin aurretik gauero ura edan behar dudan bezala.

Bidaiekin duzun harremanari erreparatuta, ez duzu sekula pentsatu kronika edo egunerokoa bezalako beste genero bat lantzea?

Nire gurasoekin txikia nintzenean bidaiatzen nuenean eguneroko klasikoak idazten nituen (orain etxeko kutxa batean daude gordeta), Nepalen bizi izan nintzenean (18 urte nituela) ere ipuin modukoak idazten nituen eta Taiwanen lan egiten egon nintzenean egunero gutun luzeak bidaltzen nizkion nire mutil-lagunari... beraz genero askotako kronikak idatzi izan ditut, baina poesia generoan sentitzen naiz erosoen.

“Pekineko kea”

Minimalismoa. Sentsazioak. Lerro arteko isiltasuna. Ekialdeko poesiarekin bat egiten duen izpiritua islatzen dute ezaugarri horiek? Ekialdeko poesian nolabait murgiltzea bilatu zenuen lan honekin, edo han egoteak berak eraman zintuen horrela idaztera?

Ekialdeko poesia modu askotakoa da, izugarrizko literatura historia luzea daukate Txinan, zer esanik ez Ekialdeko herrialde guztiak kontutan hartzen baditugu… Baina bai, ni Beijinen ikasten ari nintzenean Tang eta Song dinastiako poesia irakurtzen hasi nintzen, eta horrelako ezaugarriak dituzte: elipsiak, poemaren oreka aldatzen duten kontra-puntuak, minimalismoa, xumetasuna…

Gutxirekin asko esan. Poemak banaka irakurtzen hasi eta irudi lezake hasiera batean ez dela gauza askorik gertatzen, baina elkarren segidan irakurrita mundu bat osatzen doaz, irakurlea sentsazio batzuetan murgiltzen dute. Osotasunean ulertu behar den liburua da hauxe, zein neurritan da poemaz-poema bizi den liburu bat, zein neurritan da poema bakoitza mundu bat?

Poema bakoitza pintzelkada bat bezalakoa da, beraz liburuak marrazki oso bat osatzen du. Film baten eszenak izango balira bezala, poemek gutxinaka gutxinaka murgiltzen dute irakurlea beste errealitate batean. Liburuaren izenburua, hain zuzen, hasiera batean Pekineko Pintzelkadak izatea pentsatuta neukan baina gero sonoritatea dela eta Pekineko Kea deitzea erabaki nuen.

Obserbazioa. Azalpen larregirik gabeko eguneroko eszenak. Jendea. Natura. Koloreak. Eta hiria. Eta erreferentzia garaikideekiko kontrastea (blogak, teknologiak...): leku asko uzten zaio irakurleari imajinatzeko. Nola irudikatzen duzu zuk Txinan egon ez den irakurlea liburu honen aurrean?

Niretzako Beijing kontrastez betetako hiria da, alde batetik tradizioa, artea, natura, musika… eta bestetik teknologia, zeru-harraskariak, kapitalismo basatia. Nire olerkietan ere kontraste hori irudikatu nahi nuen. Irakurleak beraz nire olerkiei esker nire begietan sartzea gustatuko litzaidake, nik bizi izan nuen Txina bizitzeko gai izatea.

Geldotasuna. Erritmo mantsoa dute poema hauek, eszena geldiak dira askotan, edo mugimendua oso barrutik doa, ia modu atzemanezinean. Era berean, arinak dira irakurtzeko orduan, airea dute. Idatzi izan dituzun beste poesia lanek ere aire hori dute edo Pekinen soilik idatz zenezake honela?

Pozten naiz mantsotasuna arintasunez adierazteko gai bainaiz, edo sakontasuna xumetasunez. Horrelakoa da niri irakurtzen gustatzen zaidan poesia, beraz suposatzen dut ez dela bakarrik Pekinen idatzi izanaren kontua. Batzuetan hitz gutxirekin asko esan daiteke, isiltasunak eta hitzen arteko hutsuneak ere bere garrantzia dauka poesian eta erritmo egokia aurkitzeko prozesuan.

Koloreekin batera zaporeak, argiaren presentzia, tarteka azalean senti litezkeen hitzak... sentsualtasun isil batera garamatza tarteka irakurtzerakoan, hala sentitzen duzu zuk ere?

Nire ustez hitzek izugarrizko boterea daukate, irakurtzerakoan ez baitugu bakarrik irudi fisiko bat ikusten, baizik eta zaporeak, argia, leuntasuna eta beste zentzuekin nabaritzen ditugun sentimenduak adierazteko gai gara – hitzek gure burmuin eta bihotzekin egiten dute jolas.

Erdian maketatua datoz poema guztiak. Gutxitan ikusten dira horrelakoak. Intentzionalitateren bat izan du horrek?

Horrela idatzita neuzkan hasiera batetik, gero editoreak galdera berdina egin zidan eta azkenean biok batera horrela uztea pentsatu genuen. Tradizioz txinatarra idazkera bertikala zuen (orain idazkera horizontal ere erabiltzen dute), eta beraz bertikaltasun hori adierazteko nire poemak erdian maketatuta egotea egokia iruditu zitzaigun.

Liburuan azaltzen diren marrazkiak ere zureak dira. Zer leku betetzen du zuregan arte diziplina bakoitzak?

Unibertsitatean arte historia ikasi nuen eta, bai zinema bai arte bisualen munduan ibili naiz lan egiten. Niretzako polita eta aberasgarria da beti arte diziplinak elkarrekin aurkeztea, sentimendu edo pentsamendu berbera modu ezberdinetan adierazterako. Niri asko gustatzen zaizkidan Txinako Tang dinastiako poetek eta artistek poesia eta marrazkiak batera aurkezten zituzten, eta beraz hain eragin zuzena izan dut nire lanean.

Pentsatzen dugu aurki lehiaketen bidetik etorriko diren argitalpenetan ezagutuko dugula zure beste libururik, baina bestela zer proiektu duzu esku artean?

Bai, suposatzen dut udazkenean Blas de Otero saria irabazi duen Biennale liburua argitaratuko dela; baina bestaldetik, hurrengo astean, ekainaren hamabostean Esloveniara joango naiz Beste Hitzak ekimenak eskainitako zortzi asteko sorkuntza-egonaldi bat igarotzera. Beste Hitzak/Other Words hedadura urriko hizkuntzetan idazten dugun autoreentzat Europan sorkuntza-egonaldien zirkuitu bat antolatzen du.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)