Elkarrizketak

Eneko Aizpuruarekin solasean

Ostirala, 2016-09-23

Donostia Europako Kultur Hiriburutzaren atarian da, eta Mikel Egileor ikertzaileari hiriko gazte baten desagerpena ikertzeko enkargua eman diote. Lehertu da festa (Erein), Egileor protagonista duen sagaren hirugarren nobela da.

Eneko Aizpuruarekin solasean

Errauts (Erein 2011) nobelan, egunkari bateko kazetaria zen Mikel Egileor. Herensuge gorriaren urtea (Erein 2013) eleberrian, freelance moduan ari zen kazetari-lanetan. Lehertu da festa nobelan (Erein 2016), ordea, Egileorrek bulegoa ireki du eta ikertzaile lanetan hasia da. Atzekoz aurrera begira, prozesu naturala dirudi.

Egunkarietako erredakzioetako ateak itxita, freelance kazetari gisa ezinean –Goiko kazetari eta adiskideak ematen dizkion lantxoekin egiten du aurrera ozta-ozta–, Egileorrek gero eta zailtasun gehiago ditu bizimodua ateratzeko. Beraz, ataka gaiztotik ateratzeko, bere burua “berrasmatu” beharrean aurkitzen da, eta, lehendik ere ikerketa kontuetan eskarmentua baduenez, eta besteren kontu ilunetan muturra sartzea atsegin duenez, ikertzaile lanetan hasiko da.

Kazetari edo detektibe izan, bi ofizioek dute ikertzailetik. Nobela beltzaren mekanikari ondo egokitzen dira biak. Honakoan ere, Egileor ikertzaileak kazetari bat du bidelagun.

Bai kazetariek, bai detektibeek, beren lana dela-eta, gizarte errealitatea hurbiletik aztertu behar dute, eta hori nobela beltzaren funtsezko osagaietako bat da. Aurreko nobeletan bezala, oraingoan ere Goiko kazetaria du bidelagun Egileorrek. Pertsonaia desberdinak dira.  Egileor outsiderra da, ekintza gizona, eta beti edozertarako prest dago ikertzen ari den kasuak argitzeko. Goiko, aldiz, otzanagoa da, erdiko klaseko herritar askoren arketipoa, gizarteko ohitura eta baldintzetara egokitzen da, ez du bere burua arriskatzen, eta bere adiskide Mikelek oinak lurrean izan ditzan saiatzen da. Alde horretatik, desberdinak izan arren, bi pertsonaiak elkarren osagarri direla esan genezake.

Gazte arkitekto bat desagertu da eta aita bere arrastoaren bila dabil. Garai beretsuan, Donostiako udal teknikari bat hil dute eta atentatu batzuk hankaz gora jarri dute hiria. Gazte desagertuaren bila hasiko da Egileor, baina laster konturatuko da ez dela desagertuaren atzetik dabilen bakarra. Polizia, eta polizia ez dena.

Hiria 2016ko urte esanguratsuaren atarian da, eta interes asko daude jokoan. Baina Tabakaleran, Urte Berriari ongietorria egiten ari direla, eztanda egingo duen bonbak eta hurrengo egunetan gertatuko den atentatu sail batek hari batean jarriko dute Europako Kultur Hiriburutzaren ospakizuna. Egoera larri horretan, mundu guztia ardurak eta arduradunen buruak eskatzen hasiko da, eta Urtezaharretik desagertuta dagoen arkitekto gazte bat hiriko etsai nagusi bihurtuko da gauetik goizera. Horrenbestez, ehiza hasi da, eta era guztietako ehiztariak beren harrapakinaren bila irtengo dira Kulturaren Hiriko asfaltozko oihanera.

Krisia, inmigrazioa, arrazakeria. Aurreko nobelen osagaiak ziren. Honakoan, Donostia 2016 kultur hiriburutzaren testuinguruan kokatu duzu trama. Errealitateari eta puri-purian diren gaiei heltzeko joera duzu, hortaz. Idaztea egunerokotasuna hobeto ulertzeko ariketa al da zuretzat?

Bai, niretzat idaztea inguratzen gaituen errealitateak eta bere arrakalek gugan sortzen dituzten harridura eta kontraesanak ulertzeko eta bideratzeko modu bat da. Agian arrazoi horregatik saiatzen naiz gizartean nahas-mahasean barreiatuta dauden errealitate puskak edo printzak jasotzen, piezak elkarrekin lotzen eta osatutako puzzleari esanahi bat bilatzen. Alde horretatik, nobela beltza tresna baliagarria da zeregin horretarako.

“Gu geu gara Europa”

"Europako Kultur Hiriburutza ospatzen den honetan, Europaren ideia hori umezurtz geratzen ari da. Eta egiaz uste dut oso jende gutxiri interesatzen zaiola Europaren ideia". Antzekorik azaldu zenuen liburuaren aurkezpen ekitaldian. Nobelan behintzat, bestelako interesak dira gailentzen direnak.

Hemen interes nazionalak, esan nahi baita norberaren, alderdiaren edo kidekoen interesak, gailentzen dira beti. Beste guztia, bost axola. Tira, noizean behin, Europari buruzko berariazko mahai inguru edo hitzaldiren batean edo, bai,  orduan bai, Europari buruz hitz egingo dizute, “Europa gehiago behar dugu”, “Multinazionalen eta kapitalaren Europa honi ez” eta antzeko esaldi hutsak oparituko dizkizute, baina egiaz  Europa, hemengo jende askorentzat, zakurraren putza besterik ez da. Hala zen lehen, eta hala da orain ere. Beste zerbaitetarako aitzakia beti, sekula ez zaie interesatu nazioz gaindiko proiektu europarra. Niri behintzat deigarria egiten zait ikustea Europako Kultur Hiriburutza su festak jaurtiz ospatzen ari garen bitartean, Europa gainbehera doala ezinbestean, eta itxuraz inor ez duela horrek asaldatzen. Hilzorian den nazioz gaindiko proiektu hori eraberritu eta biziberritzeko proposamenak egiteko baliatu beharko genuke ospakizuna, europar kontzientzia zabaltzeko, baina, bai zera, hori egin ordez, nahiago dugu besoak gurutzatuta lasai ederrean egon, “tokitan zagok, Brusela, aixkide” esanez. Nahiko frustragarria da.Irudi luke beti besteak direla Europa, Bada, jaun-andreok, gu geu gara Europa.

“Parodia bat da nobela

Eliteen jokabideak (eraikuntza enpresa handiak) eta bazterreko negozioak (Biarritzeko eliza ortodoxoko apaiza) Kultur Hiriburutzaren aldekoen zein kontrakoen interesekin gurutzatuko dira. Dena den, pertsonaiak oso esterotipatuak daude. Gehiegi, aukeran. Edo akaso rol askoren parodia egiteko aitzakia da nobela.

Nire asmoa Europako Kultur Hiriburutzaren testuinguruan antolatu den ikuskizuna eszenaratzea zen bertan parte hartu duten pertsonaiekin  –batzuk alde, beste batzuk kontra, baina denak espektakuluaren parte–. Zuk diozun bezala, parodia bat da. Hiri baten, eta, hedaduraz, gizarte oso baten parodia. Nobelaren izenburuak jartzen gaitu horren arrastoan. Lehertu da festa, eta espektakuluaren oholtza gainetik pasako dira kultur eragile eta idazleak, iraultzaile ustekoak eta negozio usteletan sartuta dabiltzan morroiak, sukaldariz mozorrotutako alkateak eta beltzez jantzitako europar epaimahaikideak, turistak, lehen jentil euskaldunaren gorpu berpiztua, apaiz ez oso ortodoxoak, etab. Pertsonaia bakoitzak bere rola jokatzen du espektakuluan, ikusleak dibertitzen dira, txalo egiten dute, eta, bat-batean, konturatu direnerako, funtzioa amaitzen da. Bukatu da festa, eta zer da geratzen zaiguna? Bada, sekulako festondoa.

Mikel Egileorrek irakurleen artean izan duen harrerarekin, pozarren

Azken urteotan, nobela beltzak loraldi modukoa ezagutu du. Garai beretsuan, Uzta Gorria bilduma sortu zuen Ereinek. Zure moduko idazleentzat pagotxa handia izango da loraldi hau. Eta baita Euskal Nobela Beltza edota Uzta Gorriaren moduko erreferentziak gertu sentitzea ere, ezta?

Bai, dudarik gabe. Genero beltzak jende asko erakartzen du. Horrez gainera, azken urteotan urrats garrantzitsuak egin dira Euskal Nobela Beltzaren garapenerako. Lehen baziren esaten zutenak ezinezkoa zela Euskal Herrian kokatutako nobela beltzak idaztea. Zalantza egiten zuten: ez zirela sinesgarriak, irakurleek ez zituztela atsegin, etab. Gaur hanka sartzeko beldurrik gabe esan dezakegu baietz, posible dela gure errealitatean kokatutako nobela beltzak idaztea.  Horren erakusgarri da, esaterako, genero beltzeko lanak idazten dituzten euskal idazleen zerrenda gero eta luzeagoa.  Lehen ez bezala, egun baditugu generoaren barruan askotariko gaiak , joerak eta irakurleak. Baina hori guztia, ziur aski, ez zen posible izango, besteak beste, Ereinen Uzta Gorria sailaren, Igela argitaletxearen Sail Beltzaren edo Baztango Euskal Nobela Beltzaren Astearen  moduko erreferentziak izango ez bagenitu.

Nobela beltzan ohikoak diren saga horietako baten aurrean gaude. Honakoan, eta lehen galderarekin lotuz, kazetaria ikertzaile bilakatu da. Osatu al da zirkulua ala segidarik izango al du Mikel Egileorrek?

Gustura nago Mikel Egileorrek eta bere ibiliek irakurleen artean orain arte izan duten harrerarekin. Baina 2016a igaro ez denez, eta Europako Kultur Hiriburutzaren ospakizunak aurrera jarraitzen duenez, ikertzailea oraindik lanpetuta dabil Donostian hara eta hona nobela honetako kasua ikertzen, eta oraingoz bederen ez dauka auzi berririk esku artean. Aurrerantzean zer izango den, auskalo!

eneko4

Mikel Egileor detektibearen ilustrazioa, Aritz Eigurenek egina.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)