Elkarrizketak

Eric Dicharry-rekin elkarrizketa

Ez dut Madrilentzat idazten. Ez dut sariak eskuratzeko idazten. Nik zoro etxe baterat ez joateko idazten dut.Osteguna, 2012-05-17

Eric Dicharry-k Hormatik hormaraino liburua kaleratu berri dui Maiatz argitaldariaren eskutik. Poesia dela esan genezake, baina berak nahiago du 'slam'. Elkarrizketan zehar balizko titularrak oparitu dizkigu, bata bestearen atzetik.

Eric Dicharry-rekin elkarrizketa

'Hormatik hormaraino' poesia liburua kaleratu berri duzu Maiatzekin, zure lehena euskaraz. Orain arte zer nolako harremana izan duzu poesiarekin?

Orain duela urte batzuk, 2002an zehazki, Eux liburua frantsesez karrikaratu nuen.

Eux liburuak olerkiak eta testu laburrak batu zituen. Lucien Etchezaharretari ale bat oparitu nion eta hasi zuen nire testuak euskaratzen. Horrela nire lehen testuak 2002.eko ekainako Maiatz aldizkarian argitaratuak izan ziren, Lucieni esker. Berak nire lanaz idatzi zuen: “Destroy koloreak ditu bere lanak bainan bigarren ikusmoldean errealitate zilatzaileetarik dela erakusten du. Ez lukete denek maite bere estilo gordina, erakusten digu hau ere bizia dela.” Gero 2005.eko 41. zenbakian hasi nintzen euskaraz idazten. Eta geroztik, ia ia aldizkari guztientako testuak idatzi nituen.

Iaz, Lucienek Maiatzekin liburu bat argitaratzea proposatu dit. 'Hormatik hormaraino' liburua hortik dator. Hamar urteko lan bat da. Poesia liburu bat baino gehiago experimentazio literario bat da.

Antropologoa zara lanbidez, eta 'bertsolaritza eta umorea' aztertu izan duzu. Zer nolako lana egin duzu arlo horretan?

Umore eta irriari buruz egin nituen ikerketa guztiak, Barandiaran fundazioari esker egin ditut. Hortarako, Barandiaran Fundazioak, 2010 eta 2011an, bi urterako beka bat eskaini zidan. Barandiaran Fundazioarentzat egin dudan lana, frantsesez idatzia da eta « Le rire des Basques. Approche ethnolinguistique de l’improvisation orale versifiée dans l’instant au Pays Basque nord» deitzen da. Gero Bertsozale Elkarteak hitzaldi batzuk egitera gonbidatu dit, Saran eta Billabonan. Eman dudan mintzaldia Bertsolari aldizkarian argitaratua izan da, 2011-ko 82 garren zenbakian.

Bertsolari aldizkaria, 82. zenbakian, Bertsolamintza IV, Txosten monografikoa, Inerziak erantzi garena jantzi, «Bertsolaritza eta umorea» : 42 83. 

Nire mintzaldia horrela bururatu nuen, erranez :

(…) gatazka politikoaren eraginei buruz hitz eginen dut. Bertsularitzaren umorean bermoldaketa bat atxeman dut. Bermoldaketa eta umorearen tranzlazioa ulertzeko harea-erloju eragina irudia baliatzen ahal dugu. Gatazka politikoak, causality cybernetic-aren legeak errespetatuz geroz, autotrufa guttitu zuen eta ber unean exotrufa handitu du. Gatazka politikoak exotrufa gaiztatu du. Errepresioak bertsularien umorea beltztu, gogortu eta zorroztu du eta ber unean autotrufa murriztu eta mugatu du. Gatazka politikoak bertsularitzaren umorea bermoldatu du. Muga berri batzuk ezarri dizkio umoreari. Autotrufa txikituz eta bermomentuan exotrufa zabalduz. Eragin honi izen bat eman nion, harea-erloju deitzen diot. Erranaldi batez bukatuko dut erranez, matematika formula izango balitz bezala: errealitatean jazarpen gehiago berdin umorean gaizto gehiago”.

Umorearekin egiak ateratzen ahal dira, beste gisan esaten ahal ez direnak. Eta ideia hori islatzeko adibide bat hartuko dut. Nire mintzaldi bertso batekin bukatuko dut. Xabier Silveirak, Donezteben, 2011ko otsailaren 26an, Nafarroako Bertsolari Txapelketako 3. Finalaurrekoa kari botatu zuen bertsorekin. Xabier Maiak gai jartzaileak :

Krisien izenean zenbat murrizketa

proposatu zion Silveirari. Eta bertsulariak kantatu zuen:

eskubideen munduak emana du buelta

azken aldian ere, erre ezin da eta

horen errudun ere izanen da E.T.A.

Adibide honekin ongi ulertzen da. Batzuetan E.T.A-rekin irri egiten ahal dute bertsulariek baina bertsulariek E.T.A-z ez dute umorerik eginen. “Dena da E.T.A” teoriaz bai baina E.T.A-z ez. Azken finean, gatazka politikoak umorearen mugak finkatzen eta azpimarratzen ditu. Umoreak esaten digu: nortzuk garen gu.»

Berrikitan, 2009an Miarritzen eman nuen mintzaldia Euskonews-ek argiratatu dit:

http://www.euskonews.com/0622zbk/gaia62201fr.html, http://www.euskonews.com/0623zbk/gaia62301fr.html

Liburuaren titulua: Hormatik hormaraino, nondik dator?

Gero eta horma gehiago daude munduan, Palestinan, Mexikon, Estatu Batuetan, Marokon, Korean, Indian, Botswanan, Yemenen, Zipren, Ceutan. Liburuaren tituluak horma materialak eta inmaterialak aipatzen ditu. Bakoitzak bere hormak eraikitzen ditu eta errezagoa da eraikitzea desegitea baino.

Hormatik hormaraino oso liburu ez ohikoa da. Nola osatu duzu, ideia argi bat zenuen hasieratik, testu bakoitza idazten joan zara... Nolakoa izan da sortze prozesua?

Eredu alosterikoa literaturara inportatzeko asmoarekin sortu dut. Eredu alosterikoa biokimiko metafora batetik dator. Proteina bati ingurumena aldatzean proteina berak bere ezaugarriak aldatzen bururatzen duenean gauzatzen da. Nire kasuan, proteina nik ordezkatzen dut. Idazteko, nire ingurumena aldatu dut, bidaia errealak eta birtualak eginez. Adibidez, bidai birtualak egiteko interneta baliatu dut. Eta interneteko bidaiak “paperatu” ditut, nire “supernirik gabeko superkonzienzia” baliatuz. Bizi izan ditudan ingurumeneko aldaketak nire ni aldatu dute. Eta aldaketaren emaitzek liburua sortu dute.

Idazten dudanean, helburu zehatz bat dut. Perturbazio kognitiboak sortzeko asmoz idazten dut. Nire liburua irakurtzerakoan irakurleak bere buruari galderak pausatzea da nire nahia, paradigmak aldatu eta jakintza berriak eraikitzeko bidean. Duchamp artistak artean proposatu zuen bidea literaturan proposatzen dut. Nik bide erdia egiten dut eta irakurleari beste bide erdia egitea tokatzen zaio. Hortarako, ixil eta huts uneak uzten dizkiot. Orain beste liburu bat idazteko, meta-idatz-lan bat sortzeko, irakurleen gutunen zain nago. Asmoa dut gutunetatik abiatzea testu literario bat sortzeko.

Irakurtzen duzu oro har euskaraz argitaratzen den poesia? Alegia hori galdetzen dut, oro har argitaratzen denarekin ez duelako zerikusirik zure lanak... faltan botatzen duzu euskal poesiagintzan ausardia gehiago?

Bai noski euskaraz argitaratzen den poesia, eleberria eta beste genero guztiak irakurtzen ditut. Euskaraz, astero, bi edo hiru liburu irakurtzen ditut. Hortarako niretzat Miarritzeko mediatekan dauden liburuak baliotsuak dira. Batzuetan literatura biziki autozentratua ikusten dut eta nire helburua da beste arloetan asmatzen diren kontzeptuekin batzea.

Nik euskal poesiagintzari ez dizkiot oharpenik ematen. Eta ez dizkiot emanen. Ez bainaiz aholkulari bat. Nire bidea jarraitzen dut eta besteei haien bideak segitzeko askatasun osoa uzten diet. Ez naiz hor esateko hau ona dela eta hori ez. Edo testu hau dela momentu arte idatzia izan den testu hoberena. Niretzat testu hoberena edo onena edo ona ez baita existitzen. Testu batzuk badira eta puntu. Ez dut hierarkiarik eraikitzen. Hierarkia beti subjektiboa baita. Egunero aldatzen baita. Modaren arabera aldatzen baita. Interes politiko eta ekonomikoen arabera aldatzen baita. Gaur literaturaren modan eleberriak, eta narrazio lanak ditugu. Entzuten da hori. Ongi saltzeko narrazio lan potoloak idatzi behar dira. Tontakeri asko entzuten dira. Gehiago. Gu ez gara hor kontsumerismoa elikatzeko. Ez dugu idazten liburuak saltzeko. Ez dugu idazten profesionala bihurtzeko. Hori bada, tragedia bat da. Negargarria. Baina bihar? Esanen digute poesia modan dela eta poesia dela egiten den hoberena, onena. Blablatzen. Uzten diet blablatzen. Norbaitek idatzi zuen Auchwitz ondoren ezinezkoa zela poesia idazten. Adornok idatzi zuen. Gaur egungo gizartea, postpostmodernidatearen zentzugabekeriak eta pentsa molde berriak islatzeko eta ikertzeko, nik uste dut poesia dela arma indartsuenetako bat. Literaturari esker, faltatzen zaigun gehien azpimarra baitaiteke. Geure gabeziaren gabezia. Gelditzen zaiguna babesteko eginak dira. Gaur egun, faltatzen zaiguna gabeziaren gabezia deitzen da. Eta gabeziaren gabezia bereskuratzeko berpiztu behar da. Ni hiru aldiz hila nago eta hilkutxa batetik idazten dut. Agian horregatik dela paradoxala liburua. Bermomentuan hila eta biziaren gustuak baititu.

Batzuetan diskurtsoetan eta errealitatean distorzio batzuk azpimarratzen ditut. Nik idazteko zertzalada sinbolikoak baliatzen ditut. Telefono mugikor bat uhin labe batean zibilizazio baten sinbolo bat bilakatzen ahal da. Horrelako batekin zibilizazio bat irudikatu dezakezu. Literatura munduko parte bat da. Eta nik mundua ez dut zatikatzen. Batzuk literaturaren autonomia aldarrikatzen dute. Irrigarria da. Komikoa. Ez dira konturatzen ikurrak bilakatu direla, politikaren eskuetan arma sinboliko bat. Ikurrak politikatik ezin dira bereizten. Mundu zati bat baitira. Literaturak beti poderearen sarean bururatzen du. Konturatu naiz, frangotan, esaten dena ez dela bete eta egiten dena esaten denaren kontrarioa dela. Dramatikoa da baina horrela da. Poderearen tropismoak ikerketa bat mereziko luke.

Liburuak badu estetika bat: testuek haien artean egitura ezberdina izan dezakete, baina kaos ordenatu bat da, bada oreka bat haien artean formari dagokionez. Zer bilatu duzu maila horretan? Adibidez, testu bakoitzak letraz idatzitako zenbaki handi bat du alboan. Zergatik antolatu duzu horrela?

Estetika da pobreari gelditzen zaion gauza bakarra. Kaos ordenatu batean bizi gara. Liburuak bizi garen kaos ordenatua islatzen du. Bizi garen kaosean ez ditugu arratoiak irri egiten entzuten. Baina entzuten ez dena existitzen da. Arratoiek ere irri egiten dute. Ez da broma bat baizik eta egia bat. Nire pentsamenduaren oreka liburuak oparitzen dit. Kaotikoa da eta ez da. Mundua ez da bi zatitan ulertzen. Ona eta txarra. Hau da judeo kristauaren eragina. Egia guztiek bi aurpegi baino gehiago baitituzte. Inor ez da profeta bat bere herrian. Bernardo Atxagari eskatzen badiozu zer arrapostu mota emanen dizu?

Zenbakiak hor dira kaosa zenbatzeko. Bat. Bi. Hiru. Lau. Denbora ez da existitzen gehiago baina zenbatzen duzunean konturatzen zarela existitzen dela. Ikusten ez dena existitzen da. Entzuten ez dena ere. Geure zentzu guztiak manipulagarriak dira. Geure burmuinak gu baino askoz indartsuak baitira. Burmuinari esker edo burmuinagatik existitzen ez dena errealitatea bilakatzen da. Bakoitzak bere errealitatea eraikitzen du. Eta bakoitzak bere errealitatea baitu batzuetan zaila da elgarrekin bizitzea. Bizi soziala beti borroka bat da.

Formaz ari garelarik, zure argazkiak ere tartekatu dituzu, sarri askotan nolabaiteko testurak edo materiak direnak. Nondik dator argazkiak tartekatzearen ideia, zer bilatu duzu haiekin?

Irudiak gezurrak dira. Gehienak hormen gainean hartuak izan dira. Jokonda Mikonos uhartean hartua izan da. Publizitate artean. Gurutzeak rito greziar bat erakusten digu. Bainulariena arte garaikideko erakusketa areto baten hormatik dator. Hormek hitz egiten digute. Hormaz horma ibili naiz. Homatik hormaraino...

Internet oso presente dago liburuaren kontzepzioan, Interneteko loturak aipatzen dira... nola eragin dizu Internetek liburua idazterakoan, jakinik paperean ezin dela lotura bat jarraitu pantailan bezala?

Internet bidaia birtuala bezala baliatu dut. Internetak zer eraginak dituen nire burmuinetan ikertu nuen. Ia ia egunero solasaldiak antolatzen nituen. Surf egiterat joaten nintzenean “superkontziente” egoten nintzen. Nire ni nabigatzen begiratzen nuen. So egiteko, nire gorputzetik kanporatzen nintzen. Batek surfa egiten zuen eta bestea surfa egiten begiratzen egoiten zen. Baina pantailaren aurrean ixilik eta pasiboa egon ordez aktiboa nintzen. Metabegirada ikertuz gero, nire idazlana hasten nuen. Idazlana borroka bat bezala ulertu behar da. Egunero milaka xehetasun barneratzen ditugu. Konturatu gabe gainera. Sorkuntza barneratzearen kontratakada bat da. Idazteko errezibitu nituen xehetasunetatik abiatzen nintzen. Ia ia, den dena bonbardaketa batetik hasten zen. Gero indar/flux bat bezala ulertzen ahal da. Indar zentrifugoaren kontra, indar zentripetu bat asmatu nuen. Liburua da indar/flux zentripetu baten emaitza nahi baduzu.

Forma, kolaxa, estetika, idazleen erreferentziekin jolasten duzu, baina era berean mezuari, gogoetari, irakurleari garrantzia handia emanez. Liburu post-postmodernoa da hau?

Ez ditut inoiz azala eta mamia bereizten. Gero, hitz batek beste hitz batzuk ezkutatzen ditu. Nik ez dut deusik disimulatu nahi. Den dena manipulatzeko eta kukutzeko gizartea dugu. Gizarteak egunero rolak asmatzen ditu. Gizarteak guretzat asmatzen dituen rol berriak islatzeko idatzi behar da. Hitzak biluzteko idazten dut. Semiatik izkiraino noa eta alderantziz. Nireak eta ni baino lehen idatziak izan ziren hitzak biluzteko idazten dut. Besteen hitzen gainean idazten da beti. Orrialde xuria mito bat da. Besteen sormen gainetik idazten baita. Besteen hitzekin eta eleekin idatziak baikara. Sortzen dudana ez da deus batetik abiatzen. Hitz bat beti beste hitz bat ekartzen baitu. Prozesua ad infinitum da. Modernoa hitza asmatua izan da. Eta niri berdin zait jakitea asmatzailea nor izan zen Baudelaire edo beste norbait... Postmodernoarekin berdin. Postpostpostmodernoa faltatzen zen. Orain guri tokatzen zaigu asmatzea asmatu dugun hitza zerez elikatuko dugun. Ikusiko duzu, postpostpostmodernoa hitza bera ere, askatasuna bezala, laster bere zentzua galduko duela. Gehiegi erabiliak diren hitzak haien zentzua galtzen baitute. Momentukotz hitz berri horekin plazera hartzea da nire nahia. Kontaminatua izatea baino lehen.

Eta definizio bat emaiteko eta zeure galderari arrapostu bat emaiteko. Liburua postpostmodernoa da. Bai. Ez. Nahi duzun bezala. Nik etiketak ez ditut batere maite. Batzuk ikonoklasta deitzen naute. Agian horregaitik. Baina nire liburua irakurriz gero inork ez duela esanen literatura klasikoarekin harremanik dituenik. Beste arlo bat irekitzeko eraikia da. Egunero jeikitzen naizenean postpostmodernitatea asmatzen baitut postpostmodernitatea eguneroko asmakuntza bat edo esperientzia bat dela esango nizuke. Gaur arte existitzen ez zen gauza bat. Orain arte ez genuen ezagutzen mundu bat islatzeko egina. Metafora bat baliatuko dut. Trikua baliatuz. Orain arte ezagutu genuen trikua hil da. Txapela egiteko trikuaren burua moztu dugu. Podiumetan ezartzeko. Moda elikatzeko. Erabiltzen dudan irudia edo metaforari esker niretzat postpostmodernitatea zer den ulertuko duzu. Edo ez duzu ulertuko baina inportanziarik ez dago. Ahantzi dugu sentitzen eta homo sapiens sapiens sapiens bilakatu gara. Orain homo ludens bilakatzeko beste paradigma berri batzuk asmatu beharko ditugu. Beti toki batetik idazten da. Homo sapiens sapiens sapiens nahi du espazio-denbora ezabatu, ezpazio-denbora izateko. Baina ezpazio-denbora izateko homo ludens izan behar da. Homo sapiens sapiens sapiensak beti espazio-denbora atzean korrika eginen du. Beti berandu helduko da bazkaltzera. Alderantziz, homo ludens beti tenorez helduko da. Beti hemen, han eta hor, berunean baita. Ubikuiteko dohaina baitu.

Gaurko trikua transgenikoa bihurtu da. Begi gorriak ditu. Albinos bat da. Latinezko a pribatiboa baliatzen badut esanen nizuke trikua a-burukoa dela. Eta bermomentuan kontrarioa esanen dizut. Gaur egungo trikua bi, hiru edo bost buru baititu. Trikuaz genuen perzepzioa aldatu da. Trikua edozer gauza bilaka dezake: txapela, untxi-triku bat, beste triku bat beste geneekin, hautsontzi bat. Trikua trikua dela esaten dutenak klasikoak eta bermomentuan kontserbadoreak bilakatu dira. Krisi garaian kontserbadorea izatea jendeari gustatzen zaio. Beti ezagutzen dituzun gauzei hurbiltzea ez dituzun ezagutzen gauzei hurbiltzea baino errazagoa baita. Triku tradizionala normalizazioa eraikitzeko erabiliko dute. Baina gaur egungo trikua, triku postpostmodernoa ez da tradizionormalizaziorako eraikitzeko egina. Tradizio kontserbadoreak bakeki lehertzeko bai, neoliberalismoa urperatzeko bai, mental iraultzak bultzatzeko bai. Hortako triku berriak behar ditugu.

Idazleak ez dira hor estatuaren publizitatea egiteko. Ez dira sortuak gizartean normalizazioak bultzatzeko. Idazleen instituzionalizazioaren eraginak katastrofikoak dira. Zer da nire amets gaiztoena? Hasten naiz idazle batekin hitz egiten eta aintzinean dudan idazleak esaten dit: ni profesionala naiz. Baina zer esan nahi du horrek? Profesionala izaitea? Profesionala izaitea da instituzionalizazioaren eragin katastrofiko bat. Katastrofikoenetako bat. Instituzioari mugimenduak ez zaizkio gustatzen. Gustatzen zaiona da iraupena. Uhainak dira instituzioen etsaiak.

Zer litzateke egun zuretzat post-postmodernoa izatea?

Bizitza gu baino askoz gehiago bihurtu da. Nola bizitzen den triku batekin ileen gainean? Postpostmodernitatea mantsotu behar da. Ideologiak irudiak bezala tranpak dira. Ideologia guztiak berdinak dira. Geure sujektibitateak manipulatzeko eginak dira. Kolonialistak. Inperialistak. Ismo bat beste ismo baten gainean eraikitzen da. Geroa ismorik gabe nahi dut. Odolzale baitira guztiak. –Ismo, estrukturalismo, ezenzialismo, monoteismo, neoliberalismo...guztiak lehertuz gero nola sortu, nola idatzi, nola pentsatu. Ez du balio -ismo baten kontra borrokatzea. Ismorik gabeko mundu bat eraikitzea da helburua. Baina ez gero. Ez utopikoa izanez.

Ene testu guztiek arauak ez dituzte ezagutzen. A-arauatuak dira. Ez dira aintzinetik pentsatuak. Zerebralki belztatuak dira. A-arrazionalak. Baina a-arrazionaltasunak bere arrazionaltasuna dauka. Testu guztiek filtro bat bilakatzen dira. Errealitatea eta gu arteko filtro bat bilakatzen dira. Bitartekaritza da. Ene testu guztiek sujektibitatea dute errege bakar gisa. Urrunago joateko esanen nizuke, postpostmodernitatearen definizioa nahi dudan bezala idaztea izan daiteke. Dogmatismotik at, ideologietatik at, gaurtik at, denboratik at. Denbora ez baitu zentzurik gehiago. Denbora hil da. Ezpazioarekin hil da. Mundua azpi-ni bat bihurtu da. Idazle baten azpi-ni bat. Trans eta postpost hor dira ezagutzen ez ditudan fenomenoak barneratzeko. Jainkoa hil da eta orain prest gara geure superniak hiltzeko. Supernirik gabe idazten dut. Azpinitik. Baina ez inkontziente ni batetik baizik eta ni metakontzienziatuta batetik.

Azken liburua, hitzik gabekoa izanen da. Telepatiarekin funtzionatuko baita. Eta agian esanen dute hoberena izanen dela. Gu geure hitzekin klasikoak, kontserbadoreak izanen gara. Probokatzaile izan behar da. Gero eta gehiago probokatzaile izatea ahazten dugu. Normalizazioa geure burmuinetan landu dute eta guk ezin dugu burutik kendu. Normalizazioa geure burmuinetan hazten da baina guk hortaz ez gara konturatzen.

Hitzak biluzten ditudanean konzeptuak, ideiak, ideologiak biluzten ditut. Biluzpen ondotik, besteen niak eta ber momentuan nire ni eta nire superni islatzen ditut. Estrategia literarioaz futitzen naiz. Ez dut Madrilentzat idazten. Ez dut sariak eskuratzeko idazten. Nik zoro etxe baterat ez joateko idazten dut. Literatura geologia bezala da. Hitzak zu jaio baino lehen existitzen ziren. Eta zure gorputza lurperatuko dutenean hitzek bizirik jarraituko dute. Gu planetaren gainean gara hitzak berpizteko eta biziarazteko.

Postmodernitatea logika kulturala eta kapitalista bada, postpostmodernitatea logika akulturala eta akapitalista izan daiteke. Modernitatearen modernizazioa izan daiteke. Literaturari dagokio meta-cut-up baliatuz, baztertua izan den zentzua berriz jokoaren erdian beragertzen da. Transfiguratuta. Errepikapenak galdu genuen zentzua berreskuratzeko laguntzen gaitu.

Edukietan nagusi dira gogoetak, kritikak, iritzi argi eta zuzenak, tartekatuak pasarte zureagoekin (amonari buruzkoa, semeari gutuna...). Nora begiratzen duzu idazterakoan?

Liburuan agertzen den testua, amonarena hil zenean elizan irakurri dut. Amatxi joan da baina beti nire ondoan sentitzen dut. Egunero bere ahotsa arboletan entzuten dut. Hil ondoren ez gara joaten. Hor munduan gelditzen gara. Nunbait. Betirako. Semeari idazten diot ezin baitu irakurtzen. Agian egun batez idatzi diodana irakurriko du. Idazterakoan neuronartean begiratzen dut. Eskuen hezexkara. Nitrifikazioan.

Gogoeta gai nagusien artean aipatuko nituzke: kulturarekiko kezka, idaztearen zentzua, literatura eta kontsumismoa, marketing-a, poesiaren funtzio soziala, zalantzarako eskubidea, zalantza hutsean ez geratzeko borondatea, Interneten garaiak... zer bilatu duzu gai haiekin?

Baudelairek idazten zuen « Etre un homme utile m’a paru toujours quelque chose de bien hideux.» Baina baliagarri izan da.Hutsaltasuna beti baliagarri da. Nire harri ekartzen dut. Ez dakit zertarako baliatua izanen den. Agian ezertarako eta horrela bada ere berdin zait. Baina ezin naiz idazkeratik ihes egin. Ezin naiz itsu geratu. Momentukotz eskuak ez dizkidate moztu. Eskuak eduki arte gizarteaz, kontsumismoaz, eskubideaz idazten segitu dut. Elea gelditzen zaidan gauza bakarra baita.

Liburu kritikoa izatea bilatu duzu hasieratik? Gogoeta bultzatu nahi duzu jendearengan, edo gehiago da bidaia pertsonal bat zeinean zure erantzun propioak topatu nahi dituzun?

Hasieratik nire naturarekin zerikusia baitu horrela idaztea. Usu pentsatzen dut kritikoa jaio naizela. Baina ez pentsa errezagoa denik. Aita anarkosindikalista ukan dut. Agian hortik dator. Klasean ere nire irakasleak kritikatzen nituen. Uste dut kritikoa izaiteko gehi bat dela. Bizi zarenez kontziente izan behar zara beti. Mundu honetan a pribatiboa errege bihurtu da. A-politikoa... izan behar da. Max Strirner hamalau urteekin esku artean nuen. Kontzientzia kritikoa egunero elikatu behar da. Erantzun propioak beti erantzun unibertsalak dira. Kontzientzia osoz bizitzeko autotrufa eta absurdoa menperatu behar dira. Idazle edo antropologo izan baino lehen, Eric naiz. Odolezko eta haragizko Eric naiz.

Testu batzuk gertu daude narraziotik, kasu batzuetan ipuinetik, poesiaren egitura ohikoetatik ere... aniztasuna dago testuetan, baina oro da poesia?

Poesia hitza “arriskutsua” bihurtu da. Esaten duzunean poesia dela, jendea urruntzen da. Poesiak jendeari beldurra ematen dio. Ulala, poesia da. Ez da nirentzat egina. Elitista baita. Baina jendeak bertsulariak entzuten dituenean ez dute bermaneraz pentsatzen. Uste dut slama bertsularitza bezain herrikoia dela. Horregaitik nahiago dut slama hitza erabiltzea poesia hitza baino. Gainera ez dut mugarik ikusten. Elitista dena herrikoia bilakatzen ahal da. Vladimir Vladimirovitch Maïakovski, Rainer Maria Rilke denen burmuinetan egon behar dira. Rothko, Parr, Satie, Kawamata, Poussin, Tzara, Duchamp. Haiek ere gure artean egon behar dira. Kultura hitza ere ez zait batere gustatzen. Produktu bat bilakatu baita. Baina kultura, hitz generiko bat baliatzeko, ez da elitearen esku egon behar. Herriak eliteari altxorrak lapurtu behar dizkio. Musika, arte, argazkigintza, bertsularitza bezala herriratu behar dira. Nire liburua giltza bat da. Jakintzaren giltza bat. Liburuarekin bidea ez da bukatzen. Liburuarekin libertatearen bidea hasten da. Egiteko gelditzen zaiguna da jakintza intuitiboa eraikitzea.

Kasu batzuetan hitzen errepikapenarekin jolasten duzu testu luzeak sortuz, baita hitz jokoekin ere... tarteka badu poesia bisualetik ere zure lanak?

Mugak ez dira existitzen. Guk eraikitzen ditugu mugak. Artifizialak diren mugak lehertu behar dira. Testu batzuk pinturak bezalakoak dira. Hitzekin margotuak. Mugak ikertzeko eta mugiarazteko pentsatuak dira. Errepikapenak indar/fluxekin lotura estu bat du. Hamaika aldiz errepikatzen den gauza bat azken finean ia ia egia bat bilakatzen da. Testu hau ona da. Ona ona ona ona ona ona ona da. Eta zu ez zara ausartzen kontrarioa esaten. Nork asmatu zuen normalizazioa bide bakarra zela? Nork eta norentzat? Poesiarentzat berdin. Nork asmatu du poesia elitista dela? Norentzat? Errepikapenak gehi bat askatzeko baliatzen ditut. Teknika haikuek baliatzen dute. Dira hibiki eta outsouri bultzatzeko.

Eta musikaltasuna. Nola eragiten dizu musikak idazterakoan? Zer nolako musikak eragiten dizu?

Free jazz entzuteko baino lehen hobe duzu jazza entzun. Bestela ez duzu free jazza behar den bezala gozatuko. Nire testuak libre dira. Free testuak dira. Mallarmeren edo Vladimir Vladimirovitch Maïakovski musikaltasunaren gainean pentsatuak dira. Musikaltasuna, testuak hautatzen ditudanean sortzen da. Musikaltasuna metamusika bat bezala uler daiteke.

Irratian adibidez Fela oso guttitan entzuten da. Zatiak hamar minutukoak baitira. Eta Fela entzuten duzunean ez ohikoa dela pentsatzen duzu. Ohitura ez baituzu. Sortzaileek irratian agertzeko besteek haientzat asmatu zuten formatua errespetatzen dute. Formatazioa errege bihurtu da. Gauza bera gertatzen da literaturarekin. Usaiakoak ditugu eredu batzuk irakurtzea eta beste ereduen aurrean ez ohikoa dela esaten dugu. Galdera bat buruan eduki beharko dugu. Zergatik esaten dugu ez ohikoa dela? Madonna entzuten dugunean zergatik bergaldera ez datorkigu buruan? Ohikoa dena beti topos batetik dator. Beti manipulazio batetik. Paradigma prefabrikatu batetik. Nola eraikitzen diren paradigmak biziki interesgarria da jakitea.

Baduzu jendaurrean errezitatzeko asmorik?

Oparitzeko eta partekatzeko beti prest naiz. Munduan ongi sentitzen dudan leku bakarra eszenatokia baita.

Ohikoak dira zure testuak Maiatz aldizkarian, iazko jardunaldietan ere parte hartu zenuen. Baduzu harremanik hegoaldeko idazle/mugimenduekin? Ipar-hego, kutur arloan oraindik badira mugak apurtzeko?

Apurtu aditza baliatu duzu agian inkonzienteki, lehertu aditza ez baliatzeko. Agian egun batez lehertu aditza Euskal Herrian tabu bilakatuko da. Egia esateko ez dut hegoaldeko idazle/mugimenduekin harremanik. Baina iparraldeko idazle/mugimenduekin gauzabera esanen nizuke. Lucien da nire leiho bakarra. Maiatz-i esker hasi naiz euskaraz idazten. Lucienek egiten duen lana txalotzen dut. Orain, testuak karrikaratzeko, hegoalderat joateko gonbidatua banaiz, plazerekin etorriko naiz.

Gero eta mugazgaindiko proiektuak gehiago sortzen dira. Muga gure atzean da? Gelditzen dauden muga bakarrak burmuinetan daude? Mental mugak lehertuz geroz hasiko gara libre bizitzen? Besteen mugetaz sinesten bagara hilak gara. Antzerki batean bizi gara? Gizon berdeak hor dira. Ez dira estralurtarrak eta gainera badakigu irakurtzen gaituztela.

Zer nolako irakurlea izan duzu buruan liburua idazterakoan?

Bukowsky, Ginsberg, Morisson, Dubuffet, William S. Burroughs, Deleuze, Camus, Boudieu, Rilke, Baudelaire, Rimbaud, Verlaine, Sarrionandia, Lauaxeta, Borda, Zumthor, Barthes, Mirande, Amuriza, Bronckart eta ingurunean ditudan autore guztiak. Ingurumenaz sinesten dut. Agian nire sinesmen bakarra da.

Albiste honen uberan:

IRAKURRI HEMEN egilearen hiru testu

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)