Elkarrizketak

Gorka Arrese: “Ez gara batere modernoak, ez dugulako kultura lehen lerroan jarri”

Ostirala, 2018-02-09

1988an editatu zuen lehendabizikoa: Xabier Montoiaren Narraztien mintzoa poema-liburua. 2017an azkena: idazle berareren Hitzontziak nobela. Bitarte horretan orkestra-gizona izan da Susan. Testuak editatzeaz eta idazleekiko tratuaz gain bere lanen artean izan ditu inprentara joatea, azalak enkargatzea, aurrekontuak negoziatzea, liburuak distribuidorara eramatea, biltegia kudeatzea, aperitiboak ordaintzea eta batzuk gehiago.

Gorka Arrese: “Ez gara batere modernoak, ez dugulako kultura lehen lerroan jarri”

“Nekatuta nago”, diozu.

Zorte handia izan dut. Ofizioak jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Eta lantegi desberdinak. Inprimatzailetik dendarietaraino, editoreetatik kazetarietara, idazleetatik ekitaldi literarioak antolatzen dituztenetara. Orkestra bat banintz bezala, halaxe sentitu naiz batzuetan. Asko lotzen duen lana da. Oso ederra da. Baina obsesiboa da. Osasuna eduki behar da. Zenbat eta denbora gehiago eskaini, orduan eta gehiago eskatuko dizu.

Bokazio literarioak eraman zintuen edizio lanetara ala herrigintzak, euskalgintzak, militantziak?

Literatura gustatzen zitzaidan, eta idaztea; Argian elkarrizketak egiten nituen, kronikak, albiste laburrak, tokatzen zena. Utzi egin nion unibertsitatera joateari. Karmelo Landa eta Josu Landa Gabriel Arestiren lan guztien bilduma prestatzen ari ziren, hamar liburutan, eta nik Karmelori laguntzen nion mekanografiazko akatsak detektatzen. 1986ko abenduan plazaratu zituzten. Liluratuta geratu nintzen, 21 urte neuzkan, orduan hasi nintzen ikusten eta ikasten nola egiten ziren liburuak. Hura izan zen nire unibertsitate partikularra.

Nola definituko zenuke editore lana?

Idazlearen laguntzailea da editorea, idazleari bere liburua ahalik eta egokien plazaratzen lagunduko diona. Idazlearen ahalegin estetikoaz arduratuko da aurrena, baina ondoren liburuaren forma fisikoaz, fabrikazioaz, finantziazioaz, zabalkundeaz eta promozioaz. Proiekzio kultural garrantzitsua izan dezakeen lan batean parte hartzeak ardura espezial bat daukan arren, eguneroko lan nekoso ezberdinen erruz editoreari ahaztu egiten zaio erneago egon behar duela detaileetan hutsik egin ez dezan. Baina kondenatuta dago hutsak egitera. Zergatik? Ba, idazlearentzat literatura delako liburu bakarra, bere liburua, idazten ari den huraxe, aurrekoak baino hobea izango dena noski, ahal duen onena dudarik gabe; baina editorearentzat lau liburu dira literatura, lau libururen produkzioa aldi berean udaberrian, denak batera zaindu beharko ditu, bakoitza bere sortze prozesuan; eta gainera ezin du despistatu, udazkenean argitaratu behar lituzkeen hurrengo bost liburuez arduratzen hastea ere komeni baitzaio. Agian lan egin beharko du udan.

Zer da zuretzat editore on bat? Zein ezaugarri behar lituzke?

Mota asko dago: badira editore artistikoak, badira editore enpresariak, badira editore propagandistak. Niretzat editore on bat da trebetasuna duena hiru eratakoa izateko: solidoa, likidoa, gaseosoa. Bazkalondo bateko beroan esaldi barregarri hori bota nuenean, “eta elastikoa!” adarra jo zidan (merezita) hemen izena esango ez dudan idazle batek. Editoreak literatura maite behar du; poesia eta musika ahalik eta gehien, pintura eta antzerkia eta zinema pixka bat, artearen eta filosofiaren historia pixka bat. Eta jendetasunaren antzeko zeozer.

Zer egin dezake editore batek esku artean duen testuaren alde?

Idazlearekin hitz egin. Idazleari aditu eta ulertu zein den bere asmo estetikoa, eta beraz ideologikoa. Ondoren astiro irakurri. Baina oso astiro gero! Eta kontakizuna baldin bada, pertsonaiei begiratu: zer esaten duten eta zer egiten duten; kontakizunetan garrantzitsuena jendea da, bizitzan bezala. Eta poema baldin bada, kadentziari begiratu: zein den erritmoa eta zein den tonua, konposizio musikal bat balitz bezala. Eta azkenean, berriro idazleari kafe batzuk ordaindu eta berarekin hitz egin. Funtsean hori bakarrik egin behar du editoreak: aperitiboak ordaindu eta idazlearekin hitz egin.

Nola neurtzen da idazlea akuilatzearen, aholkatzearen eta muturra gehiegi sartzearen arteko oreka?

Intuizioz. Alegia, ez dakit nola neurtzen den. Horrexegatik jo zidan adarra idazle hark “elastikoa!” esanez, zakar samarra izaten naiz-eta sarritan, egoskorra beharbada, suharra ere bai. Idazlearen eta editorearen arteko konfiantza mailaren araberakoa izango da testuari tratu ona emateko intentsitatea.

Nolakoa izan zara zu idazleekiko tratuan? Zer eskaini diezu? Zer eskatu?

Idazle batzuk zorrotzak dira beren buruarekin, hizkerarekin, estiloarekin, kadentziarekin, ikuspuntuarekin, egiturarekin, pertsonaien portaerekin eta ideia moralekin, dialogoekin eta dialektikarekin, jolas artistikoarekin, hitzaldiekin, errezitaldiekin, eta abar. Beste batzuek beste era batera bizi dute espresio literarioa eta sorkuntza, apalago. Konturatuta nago oro har injustu samarra izan naizela idazleekin. Batzuei gehiegi eskatu diet (hau egin, bestea zuzendu, hori txukundu, hura lotu, bestea askatu... aginduka) eta beste batzuei gutxiegi. Batzuk kontentu egongo dira nirekin, beste batzuk indiferente; badakit nazkatu ere egin ditudala hainbat, eta uxatu. Miretsi egiten ditut idazleak, hori da egia. Batzuen lagun egin naiz, hori da neuretzat geratu zaidana.

Idazleek erakutsi omen dizute zuri editore izaten.

Dakidan apurra idazleengandik ikasi dut, bai. Pertsonaiak nola bilatzen eta asmatzen dituzten, nola mintzarazi eta dialogatu, portaerak akzio eta ideia bihurtu. Konstrukzioa eta konposizioa. Ezin dizut esplikatu zeinen ederra den Koldo Izagirreren edo Jose Luis Otamendiren poema bat sortzen ikustea, nola aldatzen edo moldatzen diren bertsioak, noiz jotzen duten amaitutzat, eta abar. Zenbat disfrutatu nuen Jon Alonsorekin, Iñigo Aranbarrirekin, Edorta Jimenezekin... ezin da esplikatu. Edo Harkaitz Canorekin: bere lehendabiziko liburutik berrieneraino hazten ikusi dut. Edo Eider Rodriguezekin... Joder, hunkitu egin naiz! Ofizio bat erakutsi zidaten oharkabean, haiek konturatu gabe, haien egiteko moduak ikusten utzita, kezkak entzunda.

Badirudi editorearen figura indarra galtzen ari dela "literatur gestoreen" mesedetan. Zer iruditzen zaizu?

Ez dakit zer esan. Editoreek liburuak ondo promozionatzen eta saltzen ere lagundu behar dute, idazleei diru apur bat irabazten ere lagundu behar die editoreak, ze demontre! Baina idazleak babestu behar ditugu gauza guztien gainetik, eta idazlearen eskubideak birpentsatu eta berridatzi: itun bat!, premiazkoa iruditzen zait itun bat. Eta bestetik, nahi nuke idazle batzuen lanak Europako hizkuntza askotara itzultzea eta argitaratzea lortzen hastea; mende honetan ahalegin berezi bat egin behar genuke gure literatura Europako hizkuntzetan pixka bat ezagutu dezaten. Gestio lan handia egiteko dago horretan, lan promozionala, editore nazioartekoa, agentzia... nik ez dakit, baina zerbait!

Euskal kulturgintza prekarietateari lotuta dago. Prekario lan egiten da. Zer eragin ditu prekarietate horrek autoreengan, argitaletxeetan, irakurleengan...?

Modernitate moduko batean bizi gara zenbait arlotan. Baina idazleak, musikariak, aktoreak, kulturako jendea, sortzaileak, euskararen langileak... prekarietatean bizi dira, arrastaka!; baina ez bakarrik oraintxe bertan, etorkizun hurbilean babesik gabe geratuko dira, erretiro saririk gabe ere bai. Lotsa eman behar lioke gizarte osoari. Noiz arte emango diogu bizkarra kulturari?, kulturako langileei? Kulturaren ekonomia tamalgarri honi erantzuteko borondaterik ez al dago? Ez gara batere modernoak, ez dugulako kultura lehen lerroan jarri.

Behin entzun nizun: "jendeak ez daki zer den liburu bat. Nik pozik erakutsiko nuke zer den liburu bat, 24 ordu beharko nituzke, ordubeteko 24 eskola".

Gustura erakutsiko nuke unibertsitateren batean zer den liburu bat, nola osatuta dagoen, nola fabrikatzen den, nola banatzen den, nola mugitzen den alde batetik bestera eta joan-etorrian, nola saltzen den, nola banatzen diren liburuaren diruak, eta abar. Liburua izaten ari da gurpilaren moduko objektu bat, mirari bat! Seiehun urte betetzeko gertu dago liburu inprimatua, eta bere xumean eguzki bat da liburua, argia eta arnasa eskaintzen dizkiguna. Eta aitortu nahi nizuke frustrazio txiki bat badudala, urte hauetan guztietan ez dugulako liburuaren hiztegi bat egin. Koldo Izagirrek zenbat aldiz ez ote dit esan: “Gorka, noiz egingo dugu liburuaren hiztegia?”; inprimategian liburua gillotinatu egiten dela esaten dugu, eta agian esan behar genuke liburua epaitu; liburuaren solapak esaten dugu, baina agian esan beharko genuke liburuaren hegalak edo belarriak, etc. Hiztegia egiteko daukagu. Eta beste asunto bat: ISBN zenbakia lortu beharra dugu, euskarazko liburuentzako matrikula internazionala.

Zer gustatzen zaio Gorka irakurleari? Zeintzuk dira zure liburu kuttunak?

Gaztetako liburuek markatu ninduten (ironiarik gabe esaten dizut), amets egiten erakutsi zidaten. Gaztetan musika pixka bat ikasi izanak markatu ninduen. Futbolak herririk herri eraman ninduen, kontrarioen artean ere lagunak egiten erakutsi zidan. Diziplina, sakrifizioa, elkartasuna, konstantzia. Argia astekarian eta Egunkarian lan egin izanak markatu ninduen. Eta bestelako liburuak... Adibidez: Italo Calvinoren Sei proposamen hurrengo milurtekoari begira, hitzaldiak, zoragarriak dira. Liburuei buruzko liburu bat: Gabriel Zaiden Liburu gehiegi horiek, Jon Alonsok oparitu zidana. Beste bat: Vladimir Nabokoven literatur eskolak, adibidez, Europako literaturari buruzko ikastaroa. Richard Forden Loreak arrakaletan, Jon Benitok oparitua. Irakurtzeko astia hartu nahi nuke orain; etxean irakurtzekoa, esan nahi dut. Frustrantea da zeinen nekatuta iristen nintzen etxera, irakurtzera esertzeko nekatuta, baina batez ere buruan gauza gehiegi bueltaka, biharamunean egin beharrekoak, edo astebete barru.

Lortu zenuten editorial bat martxan jarri eta funtzionaraztea. Zeintzuk ziren susatarren hasierako ametsak, asmoak, printzipioak?

Literatura argitaletxe bat da Susa. Idazleek idazleentzat sortutakoa. Argitaletxe txiki bat, lagun artekoa, nolabait esateko. Funtsean asmoa da poesia, ipuinak eta nobelak plazaratzea. Poesiari beti arreta berezia ipini zaio Susan; bistan da, gaurko idazleen poema liburuak argitaratzeaz gainera, XX. mendeko poesiaren antologia eskatu genion Koldo Izagirreri (40 liburukitan), orain Beñat Sarasolak gidatzen du Munduko Poesia Kaierak bilduma. Argitaletxe ezberdin bat egitea izan da gure ilusioa.

Susa idazleen argitaletxea da, akziodunak ditu, akziodun horiek literaturgileak edo literaturaren bueltan dabiltzan pertsonak dira, eta Euskal Herriko argitaletxe bakarra da idazleari %12,5 ordaintzen diona. Ehuneko hori, munduan barrena ere ez da ohikoa, salbuespenezkoa da. Zergatik erabaki zen hala egitea?

Egile eskubideen kontratuak iruditzen zait ez direla egiten idazleentzat, editorialentzat baizik. Susak beste kontratu modu bat asmatu zuen, orrialde bakarrean kabitzen dena, oso laburra, diferentea. Edizio bakarrerako tratua; itzulpen eta filmazio eta adaptazio eta halakoen royaltietatik askea; ehuneko hamar ordez, gehiago ordaindu; obraren testuaren zabalkunde askea interneten (online). Idazlearen aldeko kontratu bat egin nahi izan genuen.

Jendeak normalean ez daki liburuaren salmenta-preziotik idazleari iristen zaiona %10 –BEZ izaten dela. 20 euroko liburu batetik 1´7. Jendea harrituta gelditzen da horrekin. Gaur egun zer margen dago ehuneko hori aldatzeko?

Beste toki batera aldatuko dut erantzuna: euskararen langileek, kulturaren langileek... sindikatu bat sortu behar lukete. Idazleen, musikarien, aktoreen eskubideen karta bat ere egin behar litzateke; iradoki dizut lehen ere: itun bat!, sortzaileen eskubideak birpentsatu, berridatzi; eta zabaldu eta negoziatu eta hobetu; batez ere, duindu.

Gorka03

Susaren zein ekarpen azpimarratuko zenituzke? Zertan da Susa diferente beste editorialetatik?

Zer da garrantzitsua literaturan? Eta esan ohi da: estiloa. Uste dut editore batek edo ekipo editorial batek proiektatu behar lukeela estilo bat: egiteko modu bat, begiratzeko modu bat, esateko modu bat, aldatzeko modu bat. Susa helduen literaturaz arduratzen da, ez du erdaraz lan egiten, Armiarma atari handia egiten du, zerbitzu batzuk ematen ditu eskuzabaltasunez, egileen eskubideez gogoeta egiten du, idazleei asko laguntzen saiatzen da, webgunea liburutegi publiko bat da... Eta aperitiboak ordaintzen ditu (eta hau ez da txantxa bat); liburu bakoitzaren argitalpena ospakizun txiki bat izatea gustatzen zait.

Zertan egin da huts? Edo zerk ez du funtzionatu?

Neure aldetik, ez dut asmatu elastikoa izaten. Eta gainera, Patientia eta Temperantia ez dira nire izebak. Presaka jardun dut sarritan, denbora gutxian asko egin nahian. Badut halako... kezka larri bat, denbora oso bizi igarotzen dela eta ez daukadala nahikoa astirik gauzak egiteko. Beti eduki dut presa moduko bat, aurrerapenak azkar egin nahi izatekoa, lagunen lanek lehenbailehen eboluziona dezaten irrika, prestigio pixka bat hainbeste lan egiten duten nire lagunentzat, batzuk genialak ere badira-eta! Eta ezinegon horrek itsutu egin nau batzuetan. Eta azken aldian, gainera, neure burua errepikatzen ari nintzen, egiteko moduak eta formulak eta portaerak errepikatzen... Exijenteegia naizela, errieta egiten didate batzuek; baina gure hizkuntza eta gure arteak ez daude lo egoteko tenorean. Ezin dut jasan soraiokeria, amorrua ematen didate gure herria frigorifiko batean sartuta eduki nahi dutenek.

Zergatik utziko duzu?

Susak hurrengo 15-20 urteak proiektatzen hasi behar luke, Susaren etorkizunak indar berriak garatu behar lituzke, beste leiho batzuk zabaldu behar ditu. Hori da pentsatu nuena duela bi urte, 50 bete nituenean. Editore gazte bat behar du Susak, erabaki nuen. Egin dezadan tokia, edo utzi tokia okupatzeari hainbeste denboran.

Baina idazleek askotan adierazi dizute zu joatea galera dela eurentzat.

Eta neuretzat ere bai. Editorea izatea zen nire ametsa. Editorea izan naiz, gogor lan egin dut, poz handiak eman dizkit, hauxe izan da nire bizitza, hau da gehien gustatzen zaidana. Susa argitaletxea nire etxetik bertara dago (ez da kasualitatea), bizikletaz bizi naiz, etxean bazkaldu dut egunero. Hori guztia galduko dut orain. Idazleei eskerrik asko esaten igaroko ditut aste batzuk, haiekin egoten eta bazkaltzen. Esango diet idazleak direla editorea egiten dutenak, eta ez alderantziz, editore bat idazleak egiten dituena (a ze aberrazioa!). Idazleek etorkizuneko editore bat konstruitzen parte hartu beharko dute orain, estilo bat, literaturaren urte onenak hurrengo 15 urteak izan daitezen.

Bazoaz. Zuk 30 urtean pilaturiko esperientzia eta jakintza transmititu gabe geldituko da.

Ez da exajeratu behar. Uste duzuna baino gutxiago dakit. Idazleek energia asko gastatzen duzue liburu bakoitzean, pertsonaia bakoitzean, poema bakoitzean. Eta editorearengana porru eginda iristen zarete. Nik zuei entzun besterik ez dut egiten, aholku praktiko eta xumeren batzuk eman, kezka aurpegia ipini (ikus dezazuen konprometitu egingo naizela zuen lanarekin), ondoren ilusioa edo entusiasmoa azaldu, eskuartean proiektu konpartitu eder bat daukagula sinetsi, zuen aldamenean egon, eta zuekin dialektika jolasetan ibilita lortu izan dut denok uste izatea hobetu egin behar dugula dena, oraindik hobeak izateko tartea geratzen dela aurrean, idazle onak izango zaretela urte gutxi barru. Badakizu zer den benetan zaila? Liburu bakoitzak dauzkan dohainak eta edertasunak mundu guztiari ikusarazteko bideak egoki lantzea: propaganda benetako bat.

Leire Lopez Ziluagak hartuko dizu lekukoa. Izan duzu harremanik berarekin?

Oraindik ez. Datorren astean. Susako lagunen artean batzorde bat antolatu zen, eta talde hori da Leirerekin lan berrietan diharduena.

Ez zara gehiago Gorka Arrese izango? Izeta, hemendik aurrera?

Izeta naiz lehen abizenez, bai. Hirugarrena dut Arrese, amona Madalen zenarena. Nik ez ditut bereizten Izeta eta Arrese, biak dira bat niretzat. Argia astekarian hasi nintzen Arrese deituraz sinatzen, Izeta jartzeak lotsa ematen zidan-eta. Zergatik? Egiten nuen elkarrizketa bat edo idazten duen erreportaje bat... eta ez nintzen sekula konforme geratzen, eskasa iruditzen zitzaidan, giharrik gabeko espresioa, egitura ahula, klixez betea, euskara mordoiloa. Arrese sinatzen nuen, Zarauzko inor kontura ez zedin ni nintzela atentatu haiek kometitzen zituena. Eta Arreserekin geratu nintzen harrezkero kultur munduan; baina herrian ez dakite nor den Arrese hori, herrian Izeta naiz nire belaunaldikoentzat.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)
  • 64x64

    Milesker Gorka egindakoarengatik!

    Lan bikaina, sakona eta oparoa izan baita. Gure idazleak ezagutzeko beta eman diguzu eta.

    Zoriontsu izan!

    2018-02-13 23:00Frantxi