Elkarrizketak

Fermin Etxegoieni elkarrizketa

Zinegotzia (Erein, 2013) nobelaz aritu gara solaseanOstirala, 2013-10-11

2013ko ekainaren 6an gertatzen dira gertatu beharrekoak nobelan (liburua jendaurrean aurkeztu zuen egun berean, hain juxtu). Euskal Herriak independentzia lortzen duen egunean, dena esan behar bada. Hori dena gutxi balitz, badu bestelako bereizgarririk Zinegotzia (Erein) eleberriak: eskuineko pertsona bat da protagonista, bere herrian zinegotzi den harakina. Fermin Etxegoienek aditzera eman digunez, “bere burua eskumakotzat aitortzen duen pertsonaia baten talaiatik idatzi nahi izan dut. Hara non, gehiengoa horrelakoa izanda, hemen eta Katmandun, nobelan esaten den bezala”.

Fermin Etxegoieni elkarrizketa

Autokarabana (Pamiela) nobelan bezala, egungo testuinguruan kokatu duzu Zinegotzia (Erein) eleberriaren trama. Euskal jendarteak bizi dituen gai eta kontu batzuen bueltan dabiltza pertsonaiak. Autokarabana-n kooperatibak edota euskara planak dira fikzioaren abiapuntu. Zinegotzia-n aldiz, kontu identatitarioak daude tramaren muinean. Egunerokotasunetik abiatzea ez da oso ohikoa gurean, eta zuk bi nobeletan izan duzu joera hori.

Literatura eta kalitatea, bi kontzeptu horiek elkartzen direnean badaude a priori moduko batzuk. Berez funtzionatu behar ez dutenak a priori gisa. Aktualitateak ez duela balio traszendentziarako, esate baterako. Traszendentzia denboraltasunak ematen dizula. Niri, ordea, iruditzen zait oso gai eskuragarria dela euskara, Autokarabana-ko gai nagusia. Gero nobelan zehar badago teatralizazio bat, mila moduetara, eta pentsa daiteke nobela generazionala dela, postmodernoa... Nahi duzun guztia, baina euskara da motorra eta euskararekiko dugun harremanak identifikatzen gaitu. Ispilu baten modura funtzionatzen du.

Ba Zinegotzia nobelan, gauza bera. Independentziaren gaia lantzen da Zinegotzia-n eta horrek ere ispilu moduan funtzionatu dezake. Gauza bat esan dezakegu publikoki, eta beste bat pentsatu esparru pribatuan. Horrekin esan nahi dut motor literario moduan oso ebidenteak direla, euskara Autokarabana nobelan eta independentzia zein ideologiaren kontzeptuak Zinegotzia nobelan.

Badu bereizgarririk, ez baita ohikoa. Eskumakoa den pertsonaia da Zinegotzia nobelako protagonista nagusia.

Aldatzearren, entretenigarritasuna bilatzearren eta nire burua ez errepikatzearren, bestelako pertsonaia bat bilatu nahi nuen.

Bere burua eskumakotzat aitortzen duen pertsonaia baten talaiatik idatzi nahi izan dut. Hara non, gehiengoa horrelakoa izanda, “hemen eta Katmandun”, nobelan esaten den bezala.

Bixen protagonistak berak esanda: ezkertiar ez delako baieztatzen du bere eskumakotasuna.

Baina era berean hain ohikoa iruditzen zait gurean, edozein familian, edozein koadrilan... Ikuspegi hori islatu nahi izan dut. Baina ez zerbait aparta edo eszepzionala bilatu nahian, baizik eta egiazkotasuna bilatu nahian. Nahiz eta horretarako antolatu dudan fikzioa muturrekoa izan. Baina hori aurreko nobelan ere (Autokarabana) gertatzen zen; eraiki nituen fikziozko bi tramak muturreko fikzioak ziren, nahiz eta nobelak errealista nahi zuen izan.

Esan dugu, eskumako zinegotzi bat da Bixen Maiztegi pertsonaia. Bere burua eskuinekotzat duenaren mundu ikuskera islatzea, akaso horixe izan da nobela honekin zure buruari ipini diozun erronka, ezta?

Pertsonaia horren bilaketa ez dut kanpoan egin. Nire barnean ibili naiz pertsonaia horren bila. Bestela ez zen sinesgarria izango, parodia huts bat egingo nuke gainontzean. Eta ez. “Pertsonaia horren moduan pentsatzen al duzu?”,  hori bada galdera, ba zera esango dizut, pertsonaia hori eraiki ahal izateko berak pentsa dezakeen moduan pentsatu behar izan dudala.

Bere tokian ipiniz.

Noski, bestela ez nuke neure egingo. Gorpuztu nahi baduzu sinesgarria den zerbait, hori da egin beharreko ariketa. Aitortuz zure mentalitatean horrelako gauzak zenbateriano ote dauden edo ez.

“Ni pozten naiz nire gurasoak banandu ez izanaz”

Autokarabana nobelan, banandua zegoen pertsonaia nagusia. Honakoan berriz, familia estandar bat hezurmamitu duzu. Hirian kokatu zenuen Autokarabana, eta Goiate bezalako herri txiki batean munduratu duzu familia tradizionala. Hor ere bada bereizgarririk bi nobelen artean, ezta?

Lehen motibazioa aldatzean datza. Ez errepikatzearren Autokarabana-n ageri zen tankera bereko pertsonaia. Hor ez da dudarik. Baina bestetik, literaturan gaur egun pertsonaia gehienak seguruenik Autokarabana-koen modukoak dira, desestrukturatutako giro batean bizi direnak. Baina horrekin ez nuen adierazi nahi mundu desestrukturatu batean bizitzeak nolabaiteko nagusitasunik ekartzen dionik zure esperientzia bitalari. Eredu horri buruz idatzi nuen aurreko nobelan, eta orain kontrakoa egin nahi izan dut.

Hori ere kritikatu zaio nobela honi. “Ematen du egiten dela familia tradizionalaren aldarrikapena edo goresmena”. Ba ni pozten naiz nire gurasoak banandu ez izanaz. Laketzen gara familia eredu tradizional batean bizi izanda. Orain ez gara jarriko beste muturrean.

Bi familia abertzaleak islatu dituzu nobela honetan. Ezker Abertzalea eta EAJ. Badira esaldi batzuk lehen kolpean probokaziotik asko dutenak, baina atzean etika karga handia izan dezaketenak. “Ezin gordinago esanda: ‘hil izan zutenez’ trukean prest zeuden gainerako kontuetan ezin zintzoago jokatzeko, muturreko fededunekin askotan gertatzen den bezala”.

Niri iruditzen zait erreflexio hori ez dagoela tokiz kanpo. Bada eredu bat toki askotan eman dena. Muturreko fededunekin askotan gertatu izan den moduan. Dinamika militar batean, zuk ez duzu inoiz ezer kritikatzen. Eta hori gertatu da gurean. Edozer egin zezakeen ETAk, eta sekula ez zen etorriko kontrako iritzirik Ezker Abertzaletik. Orain gatazkaren fase honetan gertatzen ari denaren azpian hori ere badago, Ezker Abertzaleari exijitzen zaio esan dezala zerbait modu autokritikoan, eta ez du esaten. Formulazio hori ez dago tokiz kanpo.

 “Sistema bera da eskumakoa”

 “Nagusi direla gogo kontserbadoreak”, antzekorik irakurri dizugu prentsan. Eta nobelaren bukaeran ere, ondorio horretara iritsi gara. Alegia, gogo hori ere badela euren burua ezkertiartzat dutenen artean ere.

Hala da. Ezkerrekoak ez direla fededunak izaten, hori esaten da. Baina ezkerrekoa izateak eskatzen du benetan fede bat izatea. Ezkerrak badu plan bat gizartearentzat, eta plan horren arabera gauzak hobetuko dituela dio, eta fedea eskatzen du, bere planarekiko fedea.

Eskumakoak ez dauka horrelako planik. Bakarrik dauka sistemarena. Eta sistema garbi dago zer den: zuk ekoizten duzu eta saiatzen zara horri etekina ateratzen. Ezkerrak badu beste gogo bat, gizartea antolatzeko beste eredu bat edo. Beste utopia bat. Eta utopia fede bat da azken finean. A ze paradoxa, ezta? Horregatik askoz errezagoa da eta naturalagoa da eskumakoa izatea, zentzu horretan. Inertzia bat delako. Ezkerrekoa izatea da plan bat izatea gizartearentzat. Eta martxan jartzen saiatzea. Normalean ez funtzionatzeko. Zergatik? Bizi garelako berez izaeraz definizioz eskumakoa den sistema baten barruan. Sistema bera da eskumakoa. Beste paradoxa handi bat.

Krisi ekonomikoa, atez ateko zabor bilketa... Alegoria moduko bat da nobela, errepresentazioa, baina errealitatearen gaur gaurko osagai askorekin hornitua edo osatua dator.

Alde horretatik ere eman zaio egurra nobela honi. Ni saiatu naiz dena jartzen. Atez atekoa, Katalunya, krisia, Espainiako Ejertzitoaren mehatxua, tortura... Eta ez dut uste ezer kanpoan geratu zaidanik. Inork ez esateko, “bai baina hemen falta zaizu Independetzia aldarrikatuko balitz hor egongo litzatekeela Ejertzitoa telefonoz deitzen”. Noski! Egongo den moduan, eta hori ere jaso dut.

2013ko ekainaren 6an kokatu zuen eleberria, eta egun berean aurkeztu zuen jendaurrean.

“Badakit zein multzotan nagoen”

Umore kolpeak ere badira. Fikzioa (eta egunerokoa) arintzeko hain lagungarri dena.

Ezustekoarekin jokatu nahi izan dut, modu ez erretolikoan. Niri horrela gustatzen zait idaztea. Nik ezingo nuke euskaraz idatzi diglosiarik egongo ez balitz bezala. Iruditzen zait badagoela jendea idazten duena diglosiarik egongo ez balitz bezala. Eta iruditzen zaie horrela idatzi behar dela gainera! Horrek goratzen duela hizkuntza, eta besteok egiten duguna kontrakoa dela. Hizkuntzari kentzen diola ez dakit zer, pedigria edo. Zentzu horretan, nik badakit zein multzotan nagoen.

Hiru zati ditu nobelak. Hasieran, nobelaren trama azaltzen da. Ondoren, Bixenen familiaren gorabeherak azaltzen dira. Bukaeran ordea, ezustekoa har dezake irakurleak.

Ez nekien nola bukatu eta hainbat aldiz aldatu nuen bukaera. Baina horrek ez nau gehiegi kezkatu. Noski kezkatu nauela, lehen esaldian botatako hordagoari eutsi behar zaio. Baina, era berean, ez nuen ipuin edo fabula moduan bukatu nahi nobela. Esan da bukaera zaputza dela. Eta bizitza, edo errealitatea, ez al da zaputza ba? Eta gai horri (independentziari) gagozkiola zer esanik ez.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)