Elkarrizketak

Garazi Arrula Ruizekin solasean

'Venusen delta', Anaïs Nin, itzulpengintza eta Elearazi bloga izan ditugu hizpideOstirala, 2013-05-31

Anaïs Ninen Venusen delta ipuin liburua ekarri du euskarara Garazi Arrula Ruizek. Azkenaldian itzulpengintza sarritan atera da literatur zaleen hizpidera, horren lekuko asteburu honetan bertan Literaturian egingo den mahai ingurua. Garazi Arrula Ruizekin Venusen Delta izan dugu hizpide, baina baita ere itzulpengintza bera, eta horren harira sortu den elearazi bloga. (Sarrerako argazkia: Txalaparta).

Garazi Arrula Ruizekin solasean

Nola iritsi zinen Anaïs Ninen lanera, eta bereziki proiektu hau gauzatzera?

Erantzunak ez du inolako xarmarik, egia esan: Txalaparta argitaletxeko Mikel Soto editoreak proposatu zidan itzultzeko. Nik banuen Anaïs Ninen aditzera, baina ez nuen deus irakurria, eta uste dut, gainera, Henry Millerren bitartez entzuna nuela hari buruz. Mikelek proposatu, beraz, eta egun pare batez pentsatu eta pare bat galdera praktiko (epeak, esaterako) egin ondoren, baiezkoa eman nion. Hasieran, behintzat, gogotsu eta apur bat ezaxola izan behar dela iruditzen zait, edo bestela ez genuke deus eginen. Baiezkoa eman ondoren hasi nintzen, beraz, larritzen eta buruari bueltak ematen.

Irakurriak zenituen lehenagotik bere diarioak? Haiek ezagutzen dituen irakurlea harritu egingo da ‘Venusen delta’ irakurrita?

Ez nuke erantzuten jakinen, nik neuk ez bainituen irakurriak, eta Venusen delta irakurri ondoren baino ez bainien eman begiratua egunerokoei. Anaïs Ninen bizitza ezagun duenak –egunerokoen bidez, esaterako– baliteke autorea bera aurkitzea liburu honetan ere, haren bizitza ezagun duenak erreferentziak bilatuko baititu, loturak eginen, dakienetik abiatuko; baina ez dugu ahantzi behar autorea fikzioa egiten saiatu zela ipuinokin. Hala dio hitzaurrean ere, kontatutakoaren eta asmatutakoaren nahasketa egin zuela ipuinok sortzeko. Hala ere, nik neuk inpresioa izan nuen egunerokoetan baino, gehiago “ezagutu” nuela autorea bere hitzaldiak biltzen dituen A woman speaks liburuaren bidez.

Zeintzuk dira izan dituzun zailtasunik handienak itzulpen lan hau egiterakoan?

Aurkezpenean esan bezala, liburuko gozagarriena den horrek eman dizkit aldi berean buruhauste handienak: sexuaren ingurukoak. Ez bakarrik jarduna bera, baizik eta imaginarioaren barruan sartzen ahal den garaiko estetika guztia: zeta, brodatuak, botoidun kuleroak, parpailak, galtzariak, lihoa, belusa, intsentsua, satina… Ñabardura eta girotze horiek xehetasun handiz zaintzen ditu autoreak, eta, beraz, koherentzia eta arreta berezia eskatzen du oinarrizkoena dirudienak ere. Batzuetan, autoreak narrazio pausatua darabil, girotze horretan sakontzeko; irakurlearengan tentsioa sortu nahi du, egonezin bat, batez ere asegabeko desirari dagokionean. Tentsio eta giro hori gorde nahiak ere lana eman dit.

Bestela, edozein liburu euskaratzean sor daitezkeen erronkak izan ditudala uste dut, hala nola, kultur erreferentziak eta maileguak (frantsesezkoak, kasu honetan).

Zure lanari begira, Ninen lanaz gain, bestelako erreferentziak bilatu dituzu literatura erotikoan murgiltze aldera?

Bai, enkargua jaso nuenean, erabaki nuen autorea eta bere obra pixka bat ezagutu behar nituela, batetik, eta literatura erotikoan egin dena begiratuko nuela, bestetik. Lehenengo erabakia eztabaidagarria da, badago kontrakoa defendatzen duenik ere; alta, bigarrena nahitaezkoa iruditzen zait, euskaraz sortutakoak zer bidetik jo duen eta tradizioak nahiz egin diren beste itzulpenek zer dioten jakiteko. Azken batean, koherentziaz aritzeko eta aurretik dagoen oinarria ezagutzeko. Hori itzultzen hasi aurretik erabaki arren, itzultzen hastean baizik ez nintzen ohartu benetan izanen nituen zalantza eta aukerekin, eta orduan jo nuen argitalpen eta corpusetan zehatzago begiratzeari.

Hala ere, uste dut beharrezkoa dela itzulpenen bidez berritasunak ere sartzea, ez aurreko ororekin apurtuko duen estilo, egitura edo bestelakorik, apika, baina bai beldurra galtzea. Hautu ausart horiek funtzionatzen badute, ‘ausart’ izateari utzi, eta hautu huts bihurtuko dira, beste itzulpen estrategien gisara.

Dagoeneko euskaraz argitaratu dira literatura erotikoan koka daitezkeen hainbat liburu (Txalapartaren bilduma honetan, kasu); hiztegi erotikoari dagokionez sortzen ari da nolabaiteko oinarri bat, edo asko dago egiteko?

Irudipena dut ez dagoela batasunik, nahiz eta ez dudan azterketa sistematiko bat egin. Itzulpena Fernando Reyk zuzendu zuen, eta bi artikulu plazaratu zituen 31eskutik blogean, gai honen harira. Erantzun aunitz jaso zituen blogean bertan, baina jarraipena izan zuten, halaber, sarean eta idatzizko prentsan. Kezka edo zer eztabaidatua badagoen seinale. Ez gaude umezurtz, zuk esan bezala, hor dugu Literotura bilduma, eta beste hamaika liburu, gehiago edo gutxiago, genero honen baitan koka genitzakeenak. Kontua da nork bere bidetik egin duela, eta, gertatu ohi denez, baliteke ondokoari askorik begiratu ez izana; itzultzaileek bai, begiratuko zioten, baina oso gutxi itzuli da genero honetan (Literotura bilduman ere, hiruzpalau itzulpen kenduta, gainontzekoak euskaraz dira jatorriz).

Annaïs Nin

Hitzaurrean paratutako diarioetako zatietan zera irakurri dezakegu:

Kontakizun erotikoak orrialdea dolar baten truk idazten genituen garaian, konturatu nintzen literatur genero horren eredu bakarra izan dugula mendetan: gizonen idazketa. (…) pasarte askotan, emakume hizkuntza erabiltzen ari nintzen, senez, sexu-jarduna emakume baten ikuspuntutik kontatzen’.

Nolakoa da ‘emakume ikuspuntu’ hori?

Nik esanen nuke emakumea jartzen duela askotan erdigunean, emakumeari ematen dio boterea eta ahotsa; eta esanen nuke bultzada ederra ematen diola emakumearen figura sexualari. Ez beti, jakina, badira gizonezko protagonistak ere, eta hain indartsu ageri ez diren emakumeak. Baina, oro har, emakumeak dira nagusi, eta horretaz ari dela iruditzen zait. Ez dakit, berak zera zioen: «irakurri ohi ditudan emakumeak –zeren eta beti irakurri izan ditut emakumezko autoreak, inspirazio iturri handiak izan direnak– beren burua askatzeko gai ziren emakumeak izan dira, beren askatasuna eskatzen ez zutenak, hori sortzeko kapaz zirenak» (A woman speaks, 33). Esan daiteke definizio horrekin bat egiten duen emakume bat baino gehiago agertzen dela liburuan, eta baliteke horretaz aritzea ‘emakume ikuspuntu’ dioenean.

1940ko hamarkadan idatzi zituen Ninek ipuinok, 1970ekoan argitaratu. Guri 2013an heldu zaizkigu euskaraz. Baina tarte horretan segur aski aldatu eta zabaldu egingo zen erotismoaren ikuspegia literaturan. Literatura erotiko gisa, zure ustez badu gaurkotasunik edo bere testuinguruan ulertu behar da?

Kritikariek diote estilo surrealista frantseseko abangoardia liburuak zirela argitaratu zituen gehienak. Nik ezin dut termino horietan mintzatu, baina artista giro hori oso nabaria da, abangoardia kutsu frantsesa ipuin gehienetan suma daiteke; erreferentzia aunitz egiten dizkio orduko garaiari, sexuari lotutakoak: artistentzako gela alokatuak, opio-erretokiak, madameak… Halakorik ez dut nik Euskal Herrian ezagutu, baina baliteke horretarako inguru egokietan ibili ez izana.

Idatzi zituenetik 70 urte igaro arren, berritzailea da esplizitutasunagatik eta liburuan agertzen diren praktikak gaur egun ere ez direlako oso mintzagai ohikoak harremanetan, zer esanik ez publikoki (eta ez diot nik, ikusi besterik ez dago Greyren trilogiak sortu duen asaldura, ez sustatzen dituen rol menderatzaileengatik, baizik eta pornografikoa denez berritzailea omen delako); badirudi oraindik ere deseroso jartzen gaituela zenbait gauzari buruz mintzatzeak, irakurtzeak, konnotazio txarra dute oraindik normatibotik aldentzen diren sexu-jardunek, baita desirak berak ere. Titiak erakutsiko ditugu manifestazio batean, baina nork aitortuko du berotu egiten dela emakume batek adingabeko batekin duen harremanari buruz irakurtzean? Zergatik ematen da emantzat bikote harreman “normaletan” monogamia, baina uzkiaz negoziaketan ibili behar da? Sexuaren eta gorputzaren erabilera nonahi dago, materializatu egin da, salmentarako iturri da maiz; kalean entzuten da, ikusten da, baina kontuz, muga zeharkatu gabe. Hori guztia irauli egiten du Ninek.

Horretaz gainera, tabu asko apurtzen badira ere, badu egungo ikuspegitik kirrinka egiten duen zenbait gauza; hala nola, genero berekoen arteko harremanak inplizituki jartzen ditu maila apur bat beheragokoan, genero kategoriak ez ditu apurtzen, eta hainbeste emakume eta alu agertuta ere, hilerokoa ez da behin ere aipatzen. Azken horrek harritu ninduen ni bereziki.

Ezin aipatu gabe utzi ‘Euskalduna eta Bijou’ ipuina. Nola definituko zenuke bertako euskalduna?

Pobrea da, eta sekulako muturra du; dekadentzian ikusten dugu istorioak aurrera egin ahala. Posesiboa ere agertzen zaigu, eta krudela. Beste nonbait esan dut eskertu egin dudala ez delako ohiko euskaldunaren arketipoa (onbera eta jatorra); alde horretatik, gainera, ongi egokitzen zaio liburuari.

Diruagatik idatzi zituen Ninek, beste idazle batzuek bezala, ipuin erotikoak. Hasiera batean, haiek ere gutxietsitako generoa zirudien, biziraupenerako hautatua; idazleek oro har gutxietsitako generoa dela esango zenuke?

Ez dakit idazleek zer pentsatzen duten horri buruz, egia esan orain ez dut horri buruzko iritzirik gogoan. Hala ere, kontrakoa beharko luke, azken batean zure lanagatik dirua jasoko baduzu, hobeki egiten saiatuko zara, apika: motibazio gehigarria izan daiteke. Oso erromantikoa da plazeragatik eta pasioagatik idazten duen idazlearen figura, oso bohemioa, eta bada irudi hori egonkortzen saiatzen denik; baina idaztea, literatura bera, (eta kultura oro har) zeregin seriotzat eta garrantzitsutzat (are beharrezkotzat) hartuko balitz, horretarako bermeak eta baldintzak jarri beharko lirateke; ekonomikoak, kasu.

Egileak aitortzen duenez, enkargua luzatu zien pertsona anonimo horrek ez zuen nahi poesiarik, xehetasun gordinak baizik. Literaturaren ikuspegitik, kalterako izan omen zen hori, egilearen ustetan. Zure ustez zein da ipuin hauen balioa literatur ikuspegi batetik?

Zorionez, autoreak ez zuen halakorik egin, edo ez guztiz. Hitzaurrean horren gaineko gogoeta eta gaitzespena azaltzen duen arren, iruditzen zait xehetasun gordinak gainditu eta beste norabait jotzen duela, edo, behintzat, tartekatu egiten dituela. Aunitz gehiago dira xehetasunei eta girotze lanari eskaintzen dizkion pasarteak, eta idazketa pausatua darabil horietan, ñabardurarik galdu gabe. Ez dut uste hainbesteko ezagutzarik dudanik ipuinok literatur ikuspegitik zer balio duten esateko, baina ez nator bat hitzaurrean liburua aurkezteko erabiltzen dituen baieztapenekin.

Gutxi sakontzen da pertsonaien psikologian, karikatura aipatu zuen egileak berak narrazio hauen harira. Batzuetan pertsonaien kronologia moduko bat da ekintzen segida, motibazioen gainetik pasatzen da gertakizunetara zuzenean heltzeko, errekreazio gutxi pertsonaien psikologian. Nolanahi ere, zer gizarte ereduren karikatura dira ipuinok?

Karikatura aipatu zuen baina muturreko pertsonaiak marraztu zituelakoan. Askotariko pertsonaiak ditu hizpide, dirudunak eta dirugabeak, goi gizartekoak nahiz behekoak; gehien errepikatzen diren ogibideak (nahiz eta ez bakarrak) artistikoak dira, eta pasarteren batean pentsa dezakegu horretaz –bere buruaz, baita ere– barre egiten ari zela.

Elearazi blogeko partaidea zara. Sentsazioa dut itzulpengintzaren testuinguruan, ahots, luma, egiteko modu berriak azaleratzen ari direla. Zer edo zer aldatzen, mugitzen ari da arlo horretan?

Baietz esanen nuke, nahiz eta ez nahi bezain azkar. Lan handia egin da azken urteotan itzulpengintzaren kalitatea, prestakuntza eta ikusgarritasunaren mesedetan, eta zeregin horietan aritu da buru belarri EIZIE elkartea, besteak beste. Poliki-poliki jendartea kontzientzia hartzen ari da itzulpenaren inguruan; eremu askotara iristen da, nahiz eta ikusgarriena, apika, literaturarena den, urriena ere badena, bide batez. Gurea bezalako herrialde diglosiko batean, itzulpenaz gainera, etengabeko autoitzulpena dago gu guztiongan, nahiz eta ohartu ez. Etengabe ari gara hizkuntza batetik bestera saltoka, instintiboki egiten dugun zerbait da, bai barrura bai kanpora begira.

Itzulpena naturalizatzen ari dela esanen nuke, itzulpenaren beharra jendarteratzen; azken adibideetako bat Urtza Alkortaren bideoa izan da, gauean euskaraz zintzilikatu, eta biharamunean zazpi hizkuntzatara baitzegoen azpidatzia. Hori da itzulpena, hori ere bada itzulpenaren balioa. Egia da aunitz dagoela hobetzeko, oraindik ere erreparoa badagoela ‘euskal’ labela daramanaren aldean; baina uste dut geroz eta bistakoagoa dela erreparo horrek geroz eta funts gutxiago daukala. Behin jendarteak oinarria jarrita, kalitatea bermatu behar da.

Gauza asko mugitu izan dira literaturan azken urteetan, hainbat arlotan, literaturaren gizarteratzean gakoak izan direnak: irakurle taldeak, literatur jardunaldiak, errezitaldiak… itzulpengintzak ere egin lezake bere ekarpena maila horretan?

Eta ari da, nahiz eta agian beranduago hasi, edo modu ezkutuagoan, apika. Itzulpengintza badago zuk aipatutako eremu guztietan: irakurle taldeek, maila txikiagoan izan arren, sartzen dituzte irakurgaien zerrendetan euskaratutako liburuak; literatur jardunaldietan badago itzulpengintzarako tartea (asteburuan eginen den Literaturian, kasu), baita espresuki literatur itzulpenari buruzko ikastaroak ere (EIZIEk sustatzen duen prestakuntza eta orain, udan, bai UEUko bai UPV/EHUko ikastaroetan); eta errezitaldiak ere egon izan dira, Literatura Unibertsaleko libururen batena, esaterako.

Beraz, dagoeneko ari da, letra larriz idatzitako Literaturaren baitan.

Itzulpen lanak plazaratu nahi dituzten argitaletxe eta proiektu berriak ere sortu dira (Denonartean, Edo!...). Zer garrantzia edo arreta ematen diozu horri?

Ikaragarria; post bat ere eskaini genion elearazin gaiari. Oso proiektu interesgarriak dira, eta apustu esanguratsua da; zuk aipaturiko biek arreta berezia jartzen diote itzulpenei, eta ez dituzte, gainera, nolanahiko lanak ekarri.

Burugabea, arduragabea eta inozoki harroa litzateke “kanpoko” deitutako horri muzin egitea. Gainera, guk muzin eginda ere, erdaretan egin eginen da, ezkutatzen edo makillatzen saiatzen diren arren, eta euskaraz badakiten irakurleek erdaretara joko dute horiek kontsumitu nahi badituzte. Literatura “komertziala” edo azkar irakurtzekoa mespretxatzea bezain arriskutsua iruditzen zait; alta, bada honela pentsatzen (eta esaten!) duenik: azkar irakurtzen diren nobela, demagun, beltzak, ez ditugu eginen edo bultzatuko, literatur kalitate txikikoak baitira oro har; oso ongi, guk ez ditugu eginen, eta irakurleek erdaretara joko dute. Hor ez gabiltza balizko euskal literatura puru eta kalitatezko baten mesedetan, inondik ere. Ez dut esan nahi edozer kaleratu behar denik, noski, baina garbizalekeria linguistikoa erdi gainditzen ari ginela, garbizalekeria horrek beste abizen batzuk hartu dituelakoan nago.

Zuri, pertsonalki, zer gustatuko litzaizuke itzultzea hurrengo proiektu batean, zer botatzen duzu faltan?

Ufa, zaila da horri erantzutea, (ia) guztia baitago itzultzeko. Argitaletxeak zer kaleratzeko prest dauden litzateke galdera, beharbada. Gainera, bi gauza direla uste dut, nik itzuli nahiko nukeena ez baitator beti bat faltan sumatzen dudan horrekin, eta alderantziz; hutsuneak nabariak dira, poesian, saiakeran, komikian eta antzerkian, batez ere. Uste dut aukera izanez gero, ipuin liburuekin jarraituko dudala, eta haur literatura nahiz antzerki itzulpenean saiatzea ere izugarri gustatuko litzaidake.

Albiste honen uberan:

IRAKURRI osorik 'Euskalduna eta bijou'

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)