Elkarrizketak

Garazi Goiari elkarrizketa

Ostirala, 2016-09-09

Pasa den astean aurkeztu zuten Mrs Hemingway eleberria (Txalaparta, 2016). Ernest Hemingway idazlearen lau emazteen bizipenak biltzen ditu Naomi Wooden nobelak. Liburuaren itzultzaile Garazi Goiarekin hitz egin dugu.

Garazi Goiari elkarrizketa

Nola sortu zen liburu hau itzultzeko proiektua?

Maiz joaten naiz Londresko liburu-dendan topatu nuen liburua; ez nekien ezer Naomi Wood idazleari buruz, baina izenburuak erakarri ninduen. Liburua bi egunetan irakurri nuen. Beti nerabilkien buruan egunen batean ingelesetik euskarara itzulpen bat egiteko asmoa. Liburua irakurtzean garbi izan nuen hura izan zitekeela nire aukera.

Naomiri mezu bat idatzi nion. Hor hasi zen proiektuaren ibilbidea. Gero, Mikel Soto editorearekin harremanetan jarri nintzen….eta hemezortzi hilabeteren ostean hemen daukagu emaitza!

Zeuk proposatu bazenuen, zergatik iruditzen zitzaizun interesgarria eleberri hau?

Bi gauza nabarmenduko nituzke:

Batetik, euskaraz irakurtzea bultzatzeko, beste lurralde batzuetako lan onak irakurlegoari eskaintzea ezinbestekoa dela iruditzen zait. Euskal Herriko idazleek idatzitako liburuetara edo itzuli diren “klasiko” gutxi batzuetara mugatzen badugu euskaraz dagoen eskaintza, hori ez da nahikoa. Atzerriko idazleak ezagutzera ematea garrantzitsua da. Hori izan zen, motibazio bat.

Bestalde, liburuaren planteamentua bera eta Hemingway bezalako idazle bat ardatz nagusitzat edukitzea interesgarria zela iruditu zitzaizkidan. Eta, Hemingwayekin txundituta dauden emakumeen perspektiba hori ezagutzeak harrapatu ninduen. Gainera, lau emakumeen ahotsak nola elkar-trukatzen dituen benetan berezia da. Horrek indarra zeukala iruditu zitzaidan.

Eta, azkenik, proiektu honek bazuen aspektu pertsonalago bat ere; nire alaba izan ostean, amatasun bajan nengoen bitartean itzulpena egiteko helburua jarri nion nire buruari. Berezia izan da, eta izango da beti, zentzu horretan proiektu hau.

Nolakoa izan da itzulpen-prozesua? Noiz hasi, zenbat iraun, nola lan egin...

7 hilabete iraun zuen lehenengo faseak, amatasun bajan nengoen denbora hain zuzen. Diziplina eta konsistentzia handiz egin nuen lana denbora horretan. Gero, edizioa egiteko beste pare bat hilabete hartu genituen. Benetan eskertuta nago Mikel Soto eta Amaia Apaulaza editoreei.

Ernest Hemingwayren bizitzari erreparatzen dio nobelak, haren emazteen ikuspegitik, ordea. Zergatik da interesgarria ikuskera hori? Nola eragiten dio Hemingwayri, baldin eta eragiten badio?

Mundu osoan hain ezaguna eta miretsia izan den idazle izugarri baten bizitzari buruzko beste perspektiba bat emateko ausardia izan zuen Naomi Woodek; asko idatzi da Hemingwayri buruz, baina inoiz ez dut aurkitu bere lau emazteen begirada eta pentsamenduak leku bakar batean gordetzen dituen libururik.

Hemingwayk berak esan ohi zuen ezagutza onesta batetik abiatuz egiten zela literatura eta asmatzen duzun hori bestela gogoratu dezakezuna baino errealagoa egitea zela helburua. Woodek hori lortu duela iruditzen zait

Gizon handien atzeko emakume handien bizitzak berreskuratzeko balio al du, akaso?

Bai, Hemingwayetaz asko dakigu, asko idatzi da. Eta, ezagunagoa zaigun irudi maskulinizatu eta ausart horren atzetik, bere emazteak beti bigarren maila batean gelditu izan dira. Hain zuzen, Naomi Woodek beti esaten du, liburu hau idaztean bere helburua ez zela Hemingwayen biografia edo pseudobiografia bat egitea. Bere emazteen ahotsak bereiztu nahi zituen, haien bizitzako historia kontatu. Hemingwayen emazte izatea zer pisu izan zuen azaldu.

Eleberrian presente dago Espainiako Gerra Zibila. Zeuk ere landu duzu gai hori zeure literatur lanetan. Interesgarri gertatu zaizu?

Martha Gellhornekin egon zen Hemingway Espainiako Gerra zibilean eta bertako pasarte batzuk azaltzen zaizkigu. Gerra zibila, eta nobelan erakusten zaizkigun beste hainbat oinarri errealeko egoerek eta lekuk, oraindik indar gehiago ematen diote narrazioari. Eta, hori interesatu zitzaidan. Adibidez, 20ko hamarkadako Parisen bizi izan zen lehenengo emaztearekin eta bereziki interesatzen zait garai hura; Hemingway beste hainbat idazle eta intelektualekin (Scott Fitzgerald, Gertrude Stein, Simone de Beauvoir, Henry Miller etab) ibili ohi zen bertan.

Gizon-emakumeen arteko harremanek badute pisurik eleberrian. Harrigarria gertatu daiteke, akaso, emazten ohien arteko harremana.

Bai hala da; eta emazte ohien bizitzak elkarren artean nola nahastu ziren eta diozun moduan harreman ez-ohikoa sortu ziren haien artean. Naomi Wood eta biok hasieratik erakarri gintuen horrek eta horren inguruan asko irakurri dugu . Kointzidentzia asko daude: adibidez lau emazteetatik hiru hiri berdinean jaioak ziren; Martha Gellhornen aita izan zen Hadleyren ginekologoa; Hadleyren bigarren senarry, Maryren editorea izan zen n. Eta, elkarren artean eskutitz asko partekatu zituzten; bereziki azpimarratuko nuke Hadley eta Fiferen arteko harremana; Fifek – bigarren emazteak-, Hadleyri aholkua eskatuz idazten zion, Hemingway ez “galtzeko” aholkua eskatuz hain zuzen ere; ironikoa, urte batzuk aurrerago, Fife izan zenean Hadleyri senarra lapurtu ziona.

Fikzioa eta errealitatea uztartzen dira, ordea. Interesgarria da Cuzzemano pertsonaia, baina existitu al zen?

Cuzzemano ez zen existitu, baina garaiko bildumagileak eta Hemingwayen lanen atzetik dirua ateratzen saiatu ziren hainbat pertsonaia errepresentatzen ditu Cuzzemanok.

Gozatu al duzu liburu hau itzultzen? Alderik onena? Alderik txarrena?

Lehenengo aldia zen horrelako itzulpen bat egiten nuena. Akaso, asmo handiko erronka jarri nion nire buruari; prozesu luzea izan zen eta diziplina handia eskatu zidan. Horrelako lan bat euskal irakurleei eskaini ahal izatea eta bidean ikasi dudan guztia alderik hoberenak eta benetan pozik nago esperientziarekin.

Zer-nolako aldea sumatu duzu "sormen-lanaren" eta itzulpen-lanaren artean?

Erabat ezberdinak dira noski. Sormen-lanaren askatasuna bota nuen faltan akaso. Itzulpenean zehaztasunari eta detaile txikienei erei jarri beharreko erreparoa dira azpimarratuko nituzkeen bi gauza. Eta, narrazioaren erritmoa, intentsitatea eta tonua jatorrizko edizioan bezala mantentzeak lan asko eskatu zuen. Naomi Woodentzat garrantzitsua zen oreka hori errespetatzea. Nik sormen lanean beti bilatzen dut oreka bat, baina oraingoan beste norbaiten parametroekin nenbilen, eta horrek gauzei begiratzeko beste modu bat eskatzen zuen.

Baina, amatasun bajan nengoela, denbora oso neurtua nuen eta eguneko momentu jakinetan bakarrik lana egin ahal nuela kontutan izanda, itzulpen bat egitea egokiagoa zen. Sormen-lanean hasi izan banintz, lehen aipatu dudan askatasun hori oraindik gehiago mugatuko zidan-eta denbora ezin kontrolatu izanak.

Liburuaren autorea ezagutzen duzu? Eleberria itzuli bitartean, izan al duzu harremanik harekin? Hala balitz, zer-nolako esperientzia izan da hori?

Ezagutzen dut bai, bera ere Londresen bizi da eta behin itzulpena egiten hasita nengoela elkar ezagutu genuen. Prozesuan zehar parte hartzea mugatua izan zen – zaila zen galdera edo zalantza konkretuei buruz hitz egitea; baina nire asmoa eta proiektua azaldu nionean, hor hasieratik sortu zen konplizitate bat.

Aurkezpen berezi bat egin zenuten joan zen astean Donostian.

Zerbait berezia egin nahi genuen, eta Naomi Euskal Herrira joatea ezinbestekoa zen niretzat. Bestalde, Edorta Jimenez idazlearen ekarpena ere interesgarria izango zela iruditu zitzaidan, Hemingwayek Euskal Herriarekin izandako harremana landuz. Eta, azkenik, emakumeen gaiari ere eman nahi genion enfasi pixka bat: emakume batek idatzitako liburua, emakume batek itzulia, lau emakumeei buruz – eta denak Hemingwayekin txundituta. Horrek indarra zuen eta perspektiba horiek guztiak uztartu nahi genituen..

Zer opa diozu liburuari?

Hamalau hizkuntzetara itzuli da dagoeneko liburua eta lurralde guztietan harrera ona edukitzen ari da. Proiektuaren atzetik dagoen esfortzua eta bilaketa lan izugarriaren adierazgarri dira. Euskal irakurleak ere hortaz ohartu eta disfrutatzen badute, ni kontent geldituko naiz. Eta, hemendik aurrera, antzeko proiektuak bultzatu eta lan gehiago euskarara itzultzeko balio badu, oraindik hobeto!

Amaitzeko, ba al proiekturen bat eskuartean?

Itzulpena egiten hasi aurretik, nobela bat idazten hasia nintzen; azken bi urteetan ez dut asko aurreratzerik izan ordea. Akaso, berriro ere helduko diot hasitakoari. Bitartean, beste proiektu bat ere sortu zait, eta orain nabil horren inguruan pentsatzen. Ea ondorengon hilabeteetan bietako bati fundamentuz heltzeko denbora bilatzeko gai naizen!

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)